Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia heldu da: herri akordioak lortu nahi badira, borondate hori erakusteko garaia da. Mezu hori adierazi dio Imanol Pradalesi aurrez aurre izandako bileran. Otxandianok nabarmendu du abiatu berri den urte politikoa «giltzarri» izango dela horretarako, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariari proposatu dio ados jartzen saiatzea bost arlotan: estatus berriari, hezkuntzari, hizkuntza politikari, berrikuntza instituzionalari eta klimari buruzkoetan.
«Sarri esaten da herri honek jauziak behar dituela, baina uste dugu borondatea behar dela horiek gauzatzeko», azpimarratu du Otxandianok, eta erantsi alor batzuetan akordiorik eza ez dela aukera bat: «Ez dago aitzakiarik». EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, legealdiko lehen urte honetan ez dute koalizio gobernua askorik estutu, bere proposamenak helarazteko aukera izan dezan. Baina adierazi du denbora agortzen ari dela, eta horiek gauzatzeko premia dagoela.
«Gizartea ez dago eszenifikazioetarako», ohartarazi du, eta oroitarazi du akordioak ez duela esan nahi EH Bilduk oniritzia eman behar dionik aurrez EAJk eta PSE-EEk hitzartutakoari: «Funtsezko gaietan ezberdinen artean egiten direnak dira herri akordioak». Otxandianoren arabera, bost dira funtsezko alorrak: estatus berria, hezkuntza, hizkuntza politika, berrikuntza instituzionala eta klima.
«Sarri esaten da herri honek jauziak behar dituela, baina uste dugu borondatea behar dela horiek gauzatzeko»
PELLO OTXANDIANOEH Bilduko bozeramailea
Aldiz, zerrenda horretatik kanpo utzi du etxebizitza, EH Bilduren bozeramaileak iritzi baitio jeltzaleek eta sozialistek orain arteko politikari eustea erabaki dutela: «Etxebizitza larrialdi egoera batera ekarri gaituzten politikekin jarraitzea erabaki dute, eta gu ez gaude ados horrekin».
Hain zuzen, Otxandianok gogor kritikatu du etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko premiazko neurriei buruzko lege proposamena, zeina udazkenean eztabaidatuko den Eusko Legebiltzarrean. Adierazi du etxebizitza publikoen ehunekoa murriztea «kontrarreforma bat» dela eta «atzerapauso historiko bat». Nolanahi ere, esan du oposizio «sano, eraikitzaile eta jasoa» egingo duela, EH Bilduk bestelako eredu bat defendatzen badu ere.
Marra gorririk gabe
Estatus berriari dagokionez, adierazi du euskal agendako lehentasunezko gaia izan beharko lukeela. «Estatus politiko berri batera iristeko ezinbestekoa da tradizio politiko ezberdinen arteko gutxieneko akordioak bilatzea, eta horretan saiatuko gara». Esan du, hala ere, presarik gabe baina arin jardun beharra dagoela, Madrilgo «aukera» edozein unetan itxi daitekeelako.
Ildo horretan, orain arteko diskrezioari eta elkarrizketei eusteko beharra aldarrikatu du. Eta Anduezari erantzun dio «marra gorriak» ezartzeak ez duela aurrera egiten laguntzen. Urte amaierarako akordioa lortzeko aukera dagoen galdetuta, adierazi du epe muga horretatik harago ere lan egiteko aukera badagoela, betiere horretarako borondatea badago.
Baina onartu du Madrilen martxan dagoela Pedro Sanchez agintetik kentzeko «estatu operazio bat», eta, horren jakitun, uste du «arduraz» jokatzea dagokiela alderdi aurrerakoiei. Bada, ustezko ustelkeria kasuak argitaratu badira ere, adierazi du EH Bilduk bere esku dagoena egingo duela ultraeskuina boterera ez iristeko, baita Madrilgo zaratatik aldentzeko ere.