Otxandianok Pradalesi eskatu dio jar dezala «bere kapital politikoa arriskuan» estatus berriaren alde

EH Bilduko eledunak uste du «higatuta eta estrategikoki trabatuta dagoen estatutu baten transferentziak» direla «oraindik ere» Eusko Jaurlaritzaren agendaren muina.

Pello Otxandiano hizketan, Eusko Legebiltzarrean, Imanol Pradales begira duela. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Otxandiano hizketan, Eusko Legebiltzarrean, Imanol Pradales begira duela. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2026ko apirilaren 9a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere blogean idatzitako mezu batean, EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandianok ziurtatu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «bere kapital politikoa arriskuan» jarri beharko lukeela «estatus politiko berriaren eztabaida erdigunean kokatzeko». Salatu du Jaurlaritzaren beraren argitalpenek «zalantzan» jartzen dutela «eskumen esklusiboen benetako irismena», eta agerikoa dela erronkei aurre egiteko «botere oinarri berri bat eta blindaje bermeak» behar direla. Bada, egoera halakoa izanda ere, Otxandianok ikusten du «higatuta eta estrategikoki trabatuta dagoen estatutu baten transferentzietan» ardaztua dagoela «oraindik ere» agenda politikoa.

Koalizio subiranistaren eledunak eskatu du «estatu ikuspegia duten akordio nazionalak» egin daitezela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «herri honen interesak babesteko», eta uste du Pradalesek «logika hori ondo identifikatzen» duela. Baina lehendakariaren «lidergoa ez dator bat gai estrategikoetan herri akordioak sustatzeko egiten dituen adierazpenekin», Otxandianoren arabera, are nabarmenagoa da hori «kontuan hartuta Eusko Legebiltzarrean gehiengo kualifikatuak» dituela. Hala, EH Bilduko eledunaren ustez, Pradalesek «kanpora begira duen diskurtsoa eta barne jarduna ez datoz bat».

Dena den, Otxandianok uste du legegintzaldi honetan badaudela «akordio handiak eraikitzeko adostasun guneak», baina gutxietsi egiten dira, haren arabera, «edo zuzenean mespretxatu». Koalizio independentistako legebiltzarkideak garbi dio: «Herri honek ezin du halakorik onartu».

Etxeko lanak zain

Otxandianok gogoratu du EH Bilduk Etxebizitza Legea, Migraziorako Euskal Itun Soziala, Hezkuntza Ituna eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea sinatu dituela; gainera, koalizioak 1.000 milioi euroko zorpetzea babestu zuen finantza aliantzen bidez industria indartzeko. Beste arlo batzuetan ere posible da «oinarri partekatuak zehaztea», eledunaren irudiko, eta administrazio publikoaren modernizazioa eta hizkuntza politika aipatu ditu. «Halaber, iritsi beharko da fase negazionista gainditzeko garaia, eta Ertzaintzan dugun arazoari heltzekoa».

Migrazioa, hezkuntza, trantsizio energetikoa, industria politika, administrazioaren modernizazioa, hizkuntza politika eta zerbitzu publikoak eztabaida «konplexuak» dira, Otxandianok ohartarazi duenez, baina, aldi berean, «estrategikotzat» jotzen ditu. Bada, horietan guztietan Pradalesek badu «aukera eta erantzukizuna» adostasun zabalen bidez «herria eraikitzeko», koalizioko eledunak dioenez.

«Akordio nazionalak dira garai nahasi honetan herriaren bidea gidatzeko aukera bakarra, baina EAJk erabaki du ez duela EH Bildurekin akordiorik nahi»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eleduna

Eta hori esanda, Otxandianok salaketa argia egin du: «EAJk erabaki du ez duela EH Bildurekin akordiorik nahi; nahiago du aurrekonturik ez egotea, legebiltzarreko bigarren indar politikoarekin adostea baino». Pradales lehendakariaren jarrera hori bera ote den galdetzen du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztien lehendakaria dela gogoratu. «Akordio nazionalak dira garai nahasi honetan herriaren bidea gidatzeko aukera bakarra».

Otxandianok garbi esan du Pradalesek «eztabaida konplexuak saihesten» dituela eta bere «irudia babestea» duela lehentasuna, «politikoki errentagarriak ez diren gaietatik urrunduta». Kasurako, auzitegiek hizkuntza eskakizunen aurkako epaiak ematen dituztenean, «lehendakariak ezin du albo batera begiratu», EH Bilduko eledunaren ustez: «Albo egiteak Enplegu Publikoaren Legearen erreformari buruzko eztabaida blokeatu du, eta nahi ez den gatazka soziala areagotu. Baldintzak sortu beharko lituzke tradizio politiko nagusien artean akordioa errazteko, eta gaur-gaurkoz, ez dirudi horretan ari denik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA