Palestinaren aldeko elkarretaratzeak Gazaren aurkako erasoaldia hasi zenetik hiru urtera

Gernika-Palestina Herri Ekimenak salatu du palestinarrek mila egunetik gora daramatzatela «infernuan».

arantxa elizegi egilegor
2026ko urriaren 9a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 10ean beteko da urtea Israelek eta Hamasek su etena sinatu zutenetik, baina Gazan egoera ez da ia aldatu. Menia indarrean sartu zenetik, milatik gora lagun hil dira, eta gehiago zauritu eta desplazatu. Hori salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo iluntzean Euskal Herriko ehundik gora herritan, Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta. Ekimenak salatu du palestinarrek mila egunetik gora daramatzatela «infernuan».

Plataformak salatu zuen AEBek eta Israelek bultzatutakoa «su-eten tranpa bat» izan zela, nazioarteari Gazaren aurkako erasoaldia amaitua dela sinetsaraztea helburu zuena: «Saldu diguten bakeak lehen zuten lurraldearen %40an pilatu ditu palestinarrak; eta beste %60ak Israelgo armadaren esku jarraitzen du». 

Gernika-Palestinak Gazako herritar baten hitzak jaso zituen elkarretaratze osteko irakurketan. Hasamiren seme-alabek ez dute etxetik irten nahi, bonbardaketen beldur direlako. Hurrengo egunean zer jango duten, horrek kezkatzen du Hasami: «Goseak ere beldurra sortzen die. Janaria jasotzen dutenean ere ez dute jaten: gorde egiten dute, ez baitakite noiz jasoko duten gehiago». 

Joan den asteazkenean bete ziren hiru urte Hamasek Israeli eraso egin eta 1.200 lagun inguru hil eta 250 bahitu zituenetik. Erasoak ezustean harrapatu zuen Israelgo armada, baina hurrengo egunean Gazaren aurkako erasoaldi handi bat hasi zuten, Hamas armagabetu eta desegiteko argudioarekin. Orotara 74.000 lagun baino gehiago hil dituzte operazioan, eta milioi batetik gora lagunek desplazatu behar izan dute. 

Gerora jakin da Benjamin Netanyahu lehen ministroak hainbat informazio jaso zuela Hamas prestatzen ari zen erasoaz ohartarazten zuena, baina ez zuen hura eragozteko neurririk hartu. Israelgo Gobernuak uko egin dio egun hari buruzko informazioa zabaltzeari, nahiz eta bahituek eta haien senideek eskatu.

Iazko urriaren 10ean, Israelek eta AEBek bultzatuta, su etena sinatu zuten bi aldeek, baina akordioaren puntu nagusiak betetzeko daude: Hamasek askatu ditu bahitu guztiak, baita hildakoen gorpuak itzuli ere, baina ez da armagabetu; Israelek, berriz, ez ditu erasoak eten, eta ez ditu hildako presoen gorpuak itzuli. Hitzarmenaren arabera, Gazaren gaineko blokeoa amaitu behar zuen Benjamin Netanyahuren gobernuak, eta egunean giza laguntzarako seiehun kamioiri sartzen utzi. Baina giza laguntzarako erakundeen arabera, ez dute halakorik egin, eta sartzen den laguntza ez da nahikoa zerrendan dauden palestinarren oinarrizko beharrak betetzeko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA