Palestinarren kontrako genozidioaren «konplizeei» kargu hartu ordez «ekintza baketsuak judizializatzea» egotzi diote Jaurlaritzari

Abenduaren 13an, ertzainak oldartu egin zitzaizkien, Bilbon, CAF enpresa Gazako genozidioaren konplizea dela salatzen ari zirenei, eta manifestarietako bat atxilotu zuten. Gaur deklaratu du epailearen aurrean.

Elkarretaratzea, gaur, Bilboko epaitegien aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Elkarretaratzea, gaur, Bilboko epaitegien aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko apirilaren 17a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinako sarraskiaren «konplize» diren enpresei kargu hartu beharrean genozidioa «modu baketsuan» salatzen dutenen kontra egitea egotzi dio Mikel Zuloaga Mikelon ekintzaileak Eusko Jaurlaritzari. Gazarako Mugimendu Globaleko kideek abenduaren 13an Bilbon egindako protestan parte hartu zuen hark, eta Ertzaintzak atxilotu zuen, «desobedientzia larria» egotzita. Gaur deklaratu du epailearen aurrean.

Egun horretan, tranbiaren errailen gainean etzan ziren hainbat manifestari, Plaza Biribilean, salatzeko Israel Gazan egiten ari den genozidioaren konplize dela Beasaingo CAF enpresa. Ertzainak oldartu egin zitzaizkien, eta Zuloaga atxilotu zuten, bere burua identifikatzeari uko egin baitzion. Orain, ikerketa instrukzio prozesuan dago, eta deklaratzera deitu dute ekintzailea. Gaur eguerdian izan da epailearen aurrean. Hala ere, Zuloagak maiatzaren 5ean joan beharko du berriro Bilboko epaitegira, auzipetutako beste bi lagunekin batera deklaratzera, tranbia oztopatzea egotzita.

Bada, ordu erdiz egon da deklaratzen ekintzailea. Bitartean, epaitegien kanpoaldean dozenaka lagun zain zituen Zuloagak, Sionismoarekin harreman oro eten zioen pankartaren atzean. Irteterakoan, «Palestina askatu» oihuen eta txaloen artean hartu dute han bildutakoek.

Haizea Ziluaga abokatuak eman ditu auzipetuak epaileari esandakoen gaineko xehetasunak. Hain zuzen, «neurrigabekeria» hitza erabiliz definitu du Zuloagak Jaurlaritzaren jokabidea; izan ere, haren ustez, «genozidioa modu baketsuan salatzen dutenen aurka egiten ari da», Palestinako sarraskien «konplize» diren enpresak zigortu ordez.

«Ekintza baketsuak judizializatzean, arma boteretsu bat kentzen ari zaizkie herritarrei; protestarako eta salaketarako aukera, alegia. Bitartean, sionismoak aurrera jarraitzen du genozidioarekin, inolako zigorrik jaso gabe», gehitu du haren abokatu Ziluagak.

Abenduaren 13ko mobilizazioan Ertzaintzaren jarrera nolakoa izan zen ere azaldu dio epaileari Zuloagak: «Modu oso bortitzean etorri ziren, jendea borrekin kolpatuz». Behin ertzain etxean zela poliziek berarekin izandako portaera «umiliagarritzat» jo du auzipetutako ekintzaileak.

Zauritutako ertzainik ez

«Gutxienez lau agentek kolpeak dituzte, eta mutualitatera joango dira». Hori zioen Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abenduaren 13an zabaldutako prentsa oharrak. Handik hilabete batera, urtarrilaren 20an, kontrakoa esan zuen Bingen Zupiria sailburuak. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen galderei zera erantzun zien: «Ez dago informazio nahikorik esateko ertzainen bat zauritu zela edo erietxeren batean artatuak izan zirela».

Horiek horrela, Gazarako Mugimendu Globalak Segurtasun Sailari egotzi zion mobilizazio haren ondoren zabaldutako prentsa oharraren bitartez protestaren helburua «desitxuratu nahi izatea». Gaur horixe bera gogorarazi dio Zuloagak epaileari.

Bitartean, Israelekin elkarlanean diharduten enpresak seinalatzen jarraitzea «guztiz beharrezkoa» dela adierazi du Ana Cascon Gazarako Mugimendu Globaleko kideak, «genozidioak bere horretan dirauelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA