Urdako (Espainia) tren istripuak behartutako geldialdiaren ostean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Bilbon egin du kanpaina aurreko hirugarren ekitaldia. 2.800 lagun elkartu ditu Euskalduna Jauregian, eta kanpoan ere geratu dira hainbat. Sanchez gogor aritu da Alberto Nuñez Feijoo eta Santiago Abascal PPko eta Voxeko hautagaien aurka, eta hizpide izan ditu, besteak beste, pentsioak.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak eman dio hasiera ekitaldiari. «Bozka aurrerakoia» PSOEn biltzeko deia egin du, eta Espainiako egoera Serbiakoarekin, Brasilgoarekin edo Ameriketako Estatu Batuetan egin berri dituzten bozetakoarekin alderatu du.

Sanchezen aurka azken urteetan egin den kanpaina salatu du, eta ETArekin bizitakoarekin alderatu du: «Gorroto zabaltzaileez inguratuta egon gara. Maltzurkeriaz egin digute eraso alde guztietatik. Irabazi zigutela uste zuten, eta ez ginela altxatuko. Ez ziguten irabazi nahi, suntsitu egin nahi gintuzten. Sozialistok etsai bat izan dugu, ETA talde terrorista. Ez genuen amore eman, irabazi egin genien, eta berriro irabaziko diegu gorroto zabaltzaileei!».
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak hartu dio lekukoa. Hark Feijooren aurka jo du, PPko buruak egindako zenbait adierazpen zerrendatuz, adibidez, lan baimenen, eutanasiaren, pentsioen eta emakumeen eskubideen inguruan egindakoak: «Feijoo bihurtu da PSOEren aktibo onena, hitz egiten utzi besterik ez zaio egin behar».

Oholtzara igotzen azkena izan da Sanchez. Hitzeman du datorren legegintzaldian Espainiako Konstituzioan txertatuko dutela pentsioen balioa KPIarekin batera eguneratzea, eta gogoan izan du Hego Euskal Herrian pentsio duinen alde urteak mobilizatzen daraman pentsiodunen mugimendua: «Manifestazio horietan gehien hunkitzen ninduena zen, batez ere, erretiratu horiek ez zirela euren pentsioengatik soilik ari protestan, baizik eta biharko eguneko pentsioengatik, euren seme-alabenengatik eta bilobenengatik».
Jarraian, bere arerio politikoen aurka egin du, eta, Lopezek bezala, bozkak PSOEn batzeko deia luzatu du: «Gehiengo zabal eta aurrerakoi bat behar dugu Feijook eta Abascalek ordezkatzen duten eskuin muturreko olatuari aurre egiteko». Zalantzan jarri du bi horiek gidatutako gobernu batek Donald Trump AEBetako gobernuarekiko edukiko lukeen autonomia, esaterako, gastu militarra BPGaren %5era igotzeko eskatzen diotenean. «Edozer irensten dute: %5a, Irango gerra, Gazako genozidioa, edozer. Horregatik, azaroaren 29an Espainiaren interesak defendatuko dituen gobernu ausart bat bozkatu behar dugu, munduko sheriffa dela uste duen horri esateko Espainian gertatzen dena Espainian erabakitzen dela eta ez Washingtonen, Tel Aviven, Buenos Airesen edo Moskun».