Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak adierazi du ez duela ulertzen LAB sindikatuaren jarrera. Sindikatuak bi orduko lanuztera deitu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleak, argudiatuta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela guztiz bete lan ituna berritzeko akordioa. Pedrosak esan du ez dagoela inongo motiborik protestarako. «Sindikatuekin lan akordioan hitzartutako dena beteko dugu». Akordioak lortzeko bidean mahaian askotan «eseri» direla gogoratu du, eta hitz egiten jarraitzeko asmoa dutela.
Aurrez hainbatetan egindako moduan, maiatzaren 9an sindikatuekin hitzartutako akordioaren defentsa irmoa egin du gaur berriro sailburuak. Sindikatu guztiek sinatu zuten, ELAk izan ezik, eta borroka luze baten ondorioa izan zen: irakasleek bederatzi greba egun egin behar izan zituzten ados jartzeko. Baina negoziazioak emankorrak izan zirela azaldu du gaur berriro Pedrosak. «Akordioa sendoa da», adierazi du: «Egonkortasuna eta baliabide gehiago ekarriko ditu».
«Sailak azken asteetan izandako jarrerak urduritasuna eta kezka besterik ez du sortu ikastetxeetan, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz», azaldu zuen lehengo astean LABek, protestarako deia egin zuenean. 10:30etik 12:30era egingo da lanuztea. Irakasleen akordioa bete! 2025-26rako ikastetxeak baliabidez hornitu! Hezkuntza publikoa indartu! lelopean aterako dira langileak kalera.