Perez Iglesiasek ez du gatazkarik espero EHUrekin, eta Jaurlaritzaren «apustua» berretsi du

Iragarri du aparteko diru kopuru bat emango diela puntako lau ikerketa zentrori: 3,6 milioi euro denera.

Joxerramon Bengoetxea eta Juan Ignacio Perez Iglesias, atzo, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Joxerramon Bengoetxea eta Juan Ignacio Perez Iglesias, atzo, EHUren ikasturte hasierako ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2026ko irailaren 15a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Ignazio Perez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, garrantzia kendu dio atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldira joan ez izanari. Sailburuak ez du Imanol Pradalesen absentziak eragindako eztabaidan sakondu nahi izan, eta gobernuak unibertsitate publikoarekiko egiten duen «apustua» berretsi du gaur, Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsa agerraldian.

Kazetarien galderei erantzunez, Perez Iglesiasek argudiatu du ez dagokiola berari lehendakariaren agenda kudeatzea, eta, beraz, are gutxiago EHUren ekitaldira joan edo ez joan erabakitzea ere. «Ez naiz inor lehendakariaren agenda baloratzeko. Nahikoa dut nire agenda kudeatzen», esan du sailburuak, eta gogorarazi du Jaurlaritza ordezkatuta egon zela ekitaldian; Perez Iglesiasek berak ordezkatu zuen, hain justu ere.

EHUk, ordea, ez zuen begi onez hartu Pradales joan ez izana, eta unibertsitate publikoari «behar besteko balioa» ez ematea egotzi zion Ixone Fernandez de Labastida Arabako Campuseko errektoreordearen ahotik. Horiek horrela, ikusteko dago keinuak Jaurlaritzaren eta EHUren arteko soka are gehiago tenkatuko ote duen. Atzo agerian geratu baitzen berriz unibertsitatearen finantzaketari buruzko desadostasunak konpondu gabe jarraitzen duela.

Izan ere, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak baliabide gehiago eskatu zituen, «eredu propioa» garatu eta «kalitatezko irakaskuntza eta puntako ikerketa» eskaini ahal izateko. Jaurlaritza laster hasiko da 2027ko aurrekontu proiektua garatzen, eta, aurten ere unibertsitatearen finantzaketari buruzko ika-mika piztea espero duen galdetuta, sailburuak erantzun du ez duela gatazkarik espero. Atzo esandakoaren ildotik, errepikatu du EHUk «azken mende laurdeneko finantzaketarik handiena» izango duela, inoizko handiena ez bada.

Ikerketa zentroei babesa

Perez Iglesiasen hitzetan, horrek agerian uzten du norainokoa den Jaurlaritzaren babesa: «Ez dakit errektoreari asko edo gutxi irudituko zaion. Ez daukat ideiarik ere, ezta ika-mikarik egongo den edo ez. Nolanahi ere, gobernuak alor honetan duen politika ekonomikoa babestuko dut nik, eta ez nire betebeharra delako, baizik guztiz konbentzituta nagoelako orain arte ez dela halakorik egon, nik dakidala behintzat».

Are, gobernuak EHUrekiko egiten duen «apustu» horren erakusgarri, iragarri du finantzaketa gehigarri bat emango diola hurrengo urteetan: Jaurlaritzak 3,6 milioi euro emango dizkie EHUko puntako lau ikerketa zentrori hurrengo hiru urteetan. Hauek dira: PIE Plentziako Itsas Estazioa, EHU Quantum Center, Hitz zentroa eta CFFA fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa.

Diru hori Jaurlaritzak unibertsitateari egiten dion ohiko ekarpenetik aparte jasoko du, eta, sailburuak azaldu duenez, ikerketa zientifikoa «indartzen» lagunduko du. Izan ere, adierazi du puntako ikerketa egiten duten zentro bakarrak izanik, gobernuak orain arte ematen ez zien aparteko aitortza merezi zutela. Perez Iglesiasen hitzen, bereziki finantzaketa handitzen eta nazioartean hobeto lehiatzen lagunduko die, eta, era berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikerketa nazioartekotzea ere erraztuko du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA