EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harreman ekaiztsua ilundu egin da gaur berriro; atzo hedabideen bidez jakin zen EHUk erabaki duela CAFekin zuen harremana etetea, enpresak Israelekin duen loturagatik. Gaur Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek kritikatu egin du erabakia: «Izan ere, non jarriko dira mugak?».
Eusko Legebiltzarrean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu du bere ezinegona Jaurlaritzako ordezkariak. Galdetu du zergatik diren Israelekiko harremanak auzitan jarri behar diren bakarrak, eta ez, esaterako, AEBekiko edo Errusiarekiko harremanak. «AEBek ez dute zerikusirik Israelek egiten duen sarraskiarekin?», galdetu du. Horiek horrela, Perez Iglesiasek uste du unibertsitateak «bide arriskutsu bat» zabaldu duela CAFekin dituen harremanak etenda. Gainera, gogoratu du CAFek ez ezik, Euskal Herriko beste enpresa askok ere hartu-eman komertzialak dituztela Israelekin, eta unibertsitateak ez duela erabakirik hartu haien inguruan. «Zergatik CAF?». Erabakiaren atzean dauden «kontraesanak» agerian uzteko ahalegina egin du sailburuak, eta, areago, esan du unibertsitateak erabakia «berriz aztertu» beharko lukeela. Salatu du erabakia etikaren bidetik labainkorra ez ezik «oinarri juridikorik gabekoa» ere badela.
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak defendatu egin du gaur erabakia, ordea. «Pena» handiz hartutakoa izan dela azaldu du; CAF enpresa oso garrantzitsua dela onartu du, eta halakoekin «kolaborazioa» izateak berebiziko garrantzia duela unibertsitatearentzat. EHUk argi adierazia du, ordea, Israel Gazan egiten ari den genozidioarekiko kezka, eta horren inguruko erabakiak hartuak ditu aurrez ere; iazko irailean, adibidez, azaldu zuen uko egin ziela 247 milioi euroren ikerketa proiektuei, Israelekin lankidetzan ez aritzeko. Orduko hartan, lan batzorde bat sortzeko proposamena ere egin zuten, unibertsitateak aurretik zituen proiektuak aztertzeko.
Proiektu horietako bat CAFekin zuten, hain justu ere. Zer egin aztertze aldera, enpresarekin harremanetan jartzeko ahaleginak egin dituztela esplikatu du gaur Bengoetxeak, urte eta erdi daramatzala unibertsitateak CAFeko atea jotzen bilera eskean, eta erantzunik ez dutela izan, eta horregatik erabaki dutela enpresarekin zituzten harremanak etetea. «Hitzarmena abenduan amaitzekoa zen, eta ez luzatzea erabaki dugu; izan ere, EHUren balioek interesen gainetik egon behar dute», argudiatu du gaur errektoreak. Jakitun dira erabakiak «kezka» eragin diezaiekeela zenbaiti, baina Bengoetxeak gogoratu du tankerako neurriak hartzearen aldeko eskeak ere badirela. «Dilema» hori bera CAF enpresaren barruan ere badagoela azaldu du.
Hartu-emana etetearen ondorioz, bertan behera geratuko da, besteak beste, EHUko Ingeniaritza Eskolan CAFekin lankidetzan abian egon den ikasgela berezi bat. Ikerkuntza eta berrikuntza ardatz, trenbide proiektu aitzindariak ikertu dituzte bertan igaro bost urteotan.
EHUk hartutako erabakia txalotu dutenen artean Palestina Gora elkartea dago. Esan du EHUk emandako pausoa garrantzitsua dela instituzioen «erantzukizun etikoa» indartzeko bidean. Goretsi egin du unibertsitateak «printzipio etikoen, justiziaren eta giza eskubideen alde hartutako konpromisoa herri palestinarra jasaten ari den urraketen aurrean».
2024tik dator
Ez da berria EHUk gai honi buruz duen ardura. Unibertsitateak 2024ko apirilean, Gobernu Kontseiluan, manifestu bat adostu zuen, eta bertan, «konpromisoa» hartu zuen, «Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko». Konpromiso hori eta «Palestinako herriarekiko elkartasuna» berretsi ditu ordutik hainbatetan Bengoetxeak.
Besteak beste, biomedikuntzan, konputazio zientzietan eta beste alor batzuetan egin dio uko unibertsitateak Israelekin lotura duten ikerketa proiektuetan parte hartzeari. EHUren arabera, kasu batzuetan ikerketa taldeek eta ikertzaileek hartu dute erabakia; beste batzuetan, berriz, errektoretza taldeak, ikerlariekin adostuta.