Herritarrei «prebentzio neurriak hartzeko» eskatu die Jaurlaritzak, Petronorreko bentzeno isuria dela eta

Petronorreko istripu batek «nabarmen handitu du» bentzeno maila Muskizen. Leku itxietan egotea aholkatu dute.

Igandean ke laino beltza eragin zuen Petronorren argindarra eten izanak. STOP VARIANTE
2026ko otsailaren 26a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «prebentzio neurriak hartzeko» eskatu die Muskizko herritarrei (Bizkaia), Petronorren izandako bentzeno isuria dela eta. Zehazki, ahal den guztietan, leku itxietan egoteko, ateak eta leihoak itxita edukitzeko, aire zabalean jarduera fisikorik ez egiteko eta barrualdeko guneak denbora luzez ez egurasteko aholkatu die.

Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegian izandako istripu batek airearen bentzeno maila «nabarmen handitzea» eragin du gaur goizean. San Julian auzoan detektatu dute kutsadura: metro kubikoko 80 eta 132 mikrogramo bentzeno artean pilatu da 10:15etik 11:00etara, eta gero murriztuz joan da. Hasieran, osasun zerbitzuek adierazi dute herritarrek ez dutela «osasuna babesteko ezohiko neurririk hartu behar», baina orain «prebentzio neurriak» aholkatu ditu «bentzenoaren esposizioa murrizteko».

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Petronorrek «gorabehera bat» izan du gasolina tankeetako batean, eta, horren ondorioz, erregaia lurrundu egin da, eta bentzeno isuria eragin du. Gobernuak erantsi du «segurtasun protokoloetan jasotako neurri zuzentzaile guztiak» aplikatzen ari dela, istripua ahalik eta azkarren bideratzeko.

Hain zuzen, Jaurlaritzako Ingurumen, Segurtasun eta Osasun sailak ari dira egoeraren jarraipena egiten, eta egiaztatu dute bertzeno maila «progresiboki eta azkar» jaisten ari dela, enpresak hartutako neurrien eta aldaketa meteorologikoen ondorioz.

Abenduan ere antzeko istripu bat gertatu zen, gasolina tanke batean hura ere, eta bentzeno maila handiak antzeman zituzten inguru berean. Gainera, joan den asteburuan ere albiste izan zen findegia, argindar eten batek ke laino beltzak eragin zituelako Muskizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!