Azken astean Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegian izandako bentzeno isuria azken hamarkadetako handienetakoa izan da, eta kalte handiak sortu ditu inguruko bizilagunen bizimoduan. Atzo mobilizazio bat egin zuten egoera salatzeko, eta haserre daudela adierazi. Izan ere, Stop Variante plataformak ateratako manifestuaren arabera, «pozoia» arnastu dute azken egunetan, eta erakunde publikoei «beste alde batera begiratzea» egotzi diete.
Manifestuan garbi utzi dute aurreko astean jazotakoa mugarri bat dela, eta gertatutakoa argitzeko mugitzen hasiko direla: «Lasaitasuna eskatzen digute. Konfiantza. Baina konfiantza hautsi egiten da arnasten duzun airea pozoia denean. Eta Abanton eta Muskizen, gaur, konfiantza hautsita dago. Horregatik ez dugu atzera egingo. Amaieraraino iritsiko gara».
Ikusi gehiago
Nahiz eta findegi batetik gertu bizi, aire kalitate ona izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute. Hori dela eta, gertatu dena ikertzeko prozesu bat abiatuko dutela iragarri dute: «Orain, antolatzea dagokigu. Gertatutakoa ikertzea. Erantzukizunak aztertzea. Hurrengo urratsak definitzea, urrats sendoak, urrats legalak, urrats kolektiboak». Hori dela eta, martxoaren 15ean, igandean, herri batzar bat egingo dute Abantoko Las Carreras auzoko Montaño aretoan (Bizkaia), 19:00etan.
Gardentasun eske
Gertatutakoa aztertzeko prozesua plazaratzeaz gain, otsailaren 22an hasi zen bentzeno isuriaren berri nola eman zen ere salatu du plataformak. «Petronorren, intzidentzia bat egon zen goizean, baina prentsak informatu zuen arazoa konpondu zutela. Eta herritarrek bizitza normala egin zuten. Eta gauean, bat-batean, larrialdi mezua jaso genuen. Megafonoak kalean, polizia musukoekin, eta agindu garbi bat: 'Sartu etxean'. Itxi dena. Eta azalpen bakarra: bentzeno gehiegi».
Hori dela eta, Stop Variante plataformak galdegin du ea erakundeek noiztik zekiten arazoa larria zela; izan ere, arratsaldean ume asko kirola egiten aritu zirela azaldu dute: «Arratsaldeko seietan umeak jolasean zeuden, entrenatzen, eta gaueko bederatzietan kaleko kirol jarduerak bertan behera utzi zituzten. Kirola egiten denean, arnasten den aire kantitatea biderkatu egiten da».
Plataformaren ustez, ez da arazo puntual bat, etengabe gertatzen den arazo bat baizik. Intzidentziak gero eta ohikoagoak direla nabarmendu dute, eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta inguruko udalek «beste alde batera» begiratzen dutela uste dute.