Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiaren jarduerak inguruko herritarren osasunean eragin negatiboa duela esateko «inolako ebidentziarik» ez dagoela adierazi du Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak. Hala ere, zehaztu du horrek ez duela esan nahi horri buruzko «kezkarik» ez dutenik, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak balizko edozein gorabehera «ikertzen eta kontrolatzen» jarraitzen duela argitu du.
Ia hiru hilabete igaro dira Petronorrek Muskizen duen findegian gas isuria izan zenetik. Otsailaren 26an bentzeno mailak goia jo zuen, eta inguruko udalerrietako bizilagunei hainbat neurri hartzeko gomendioa egin zien Eusko Jaurlaritzak. Neurrien artean, «ahal zen guztietan» barruko eremuetan egotea, ateak eta leihoak ixtea, eta aire zabaleko jardueretan ez aritzea aholkatu zieten herritarrei. Hala ere, ez zuten konfinamendurik ezarri krisialdiak iraun zuen egunetan.
Petronorreko arduradunek, ordea, istripu horri garrantzia kentzen ahalegindu ziren ondorengo asteetan: martxoaren 24an, Xavier Fava Muskizko findegiko Segurtasun, Kalitate eta Ingurumen zuzendariak adierazi zuen isuria «puntuala, bakana eta iraupen mugatukoa» izan zela, eta «kontrolpean» izan zutela. Favak gehitu zuen ezbehar horrek ez zuela arriskurik eragin eta ez ziola inori kalterik egin.
Adierazpen horiek Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren batzordean egin zituen Petronorrekoak, EH Bilduk azalpenak eskatu ostean. Bada, gaur ere Petronorren balizko osasun kalteei buruz aritu dira legebiltzarrean, koalizio subiranistak Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren agerraldia eskatua baitzuen. Gaur, ordea, findegiaren inguruko udalerrietako herritarren osasun adierazleei buruzko azalpenak nahi zituen EH Bilduk.
Bada, hainbat gaixotasunek Meatzaldean —Bizkaiko eskualde horretan dago Muskiz— duten eraginari buruzko estatistikak ezagutarazi ditu Herrerok. Hark esandakoaren arabera, datu horiek ezin dute egiaztatu findegi inguruko bizilagunen osasuna beste eremu batzuetakoa baino okerragoa denik, Petronorren jardueraren ondorioz.
«Datu asko daude, eta, printzipioz, ez dugu inolako ebidentziarik findegia gaitz jakin baten eragilea dela ziurtatzeko»
GUILLERMO HERRERO Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren zuzendaria
«Datu asko daude, eta, printzipioz, ez dugu inolako ebidentziarik findegia gaitz jakin baten eragilea dela ziurtatzeko», adierazi du.
Ildo horretan, azaldu du gaixotasunek inguru horretan duten intzidentziaren atzean dauden arrazoiak «faktore anitzek eragindakoak» direla. «Batzuetan, gizonetan datu jakin bat agertzen da, eta emakumeetan ez, edo enpresarik ez dagoen beste eremu batzuetan ere agertzen da. Hau da, ezin dugu ondoriorik atera», azaldu du Herrerok.
Industria, populazioa eta errepideak
Osasun Publikoko zuzendariak gogorarazi du inguru horrek «industria dentsitate handia» duela, eta aipatu du horri gehitu behar zaiola Ezkerraldean populazio handia eta trafiko handiko errepideak daudela, hala nola A-8 autobidea eta portutik irteten den errepidea. Trafiko «oso astuna» daukate.
Bestalde, Herrerok aitortu du Abanton eta Muskizen osasun adierazle okerragoak daudela minbiziari, arnasketa eta zirkulazio sistemako gaixotasunei, diabetesari, arteria hipertentsioari, asmari eta tabakismoari dagokienez, EAEko batezbestekoarekin alderatuta. Hala ere, haren hitzetan, hori Ezkerraldeko beste eremu batzuetan ere gertatzen da.
Esan du osasunaren bilakaerak «faktore anitzetako baldintzatzaileak» izaten dituela, eta zera azaldu du: duela urte batzuetatik hona osasun jarduera askotan eta inguruko errealitate sozioekonomikoan ezartzen ari diren hobekuntzek eragina izango dutela datozen urteetako osasun emaitzetan.
Nolanahi ere, Herrerok zera azpimarratu du: «Horrek ez du esan nahi kezkatzen ez gaituenik; lanean ari gara ikertzeko, kontrolatzeko eta hobetzeko tartea dagoen guztian».
Osasun Publikoko zuzendariak azaldu duenez, ondorio horiek Abantoko eta Muskizko biztanleen osasun egoeraren eta Ezkerraldeko eta Eskuinaldeko beste eremu batzuetako osasun egoeraren arteko 2025eko datuekin egindako konparazio batetik atera dituzte.
Kutsadura
Petronorren findegiaren inguruko kutsadura adierazleei dagokienez, Herrerok azpimarratu du urteko batez besteko datuak, gehienetan, «airearen kalitateari buruzko araudian ezarritako mailen nabarmen azpitik» egoten direla.
Joan den otsailean findegian izandako bentzeno isuriaren harira, Herrerok defendatu egin du Eusko Jaurlaritzak nola egin zion aurre egoerari; dena den, horrelako egoeretan erantzuteko protokoloetan «hobetzeko tarte handia» dagoela onartu du.
Isuri hori gertatu eta astebete geroago, martxoaren 6an, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berak aitortu zuen enpresak larrialdi zerbitzuekin izan zuen komunikazioa ez zela «egokia» izan. Gaur Herrerok ziurtatu bezala, Pradalesek ere ziurtatu zuen herritarren osasuna eta segurtasuna ez zirela arriskuan egon, istripuak «ezinegona» eta «kezka» eragin zituela ulertu arren.