Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiko bentzeno isuriak «eragozpenak» eragin zizkien herritarrei otsailaren 26an eta hurrengo egunetan. Hala definitu ditu Xavier Fava Ibañezek, Petronorreko Segurtasun, Kalitate eta Ingurumen zuzendariak.
Petronorrek bentzeno isuri bat izan zuen; bentzeno mailak goia jo zuen; isuriaren ondorioak konpontzeko eta arintzeko neurriak hartu zituen; Eusko Jaurlaritzari isuriaren berri eman zion, eta bentzenoak ez zion kalterik eragin inori. Hori da otsailaren 26an gertatutakoaren laburpena, Fava Ibañezen arabera. Hura arduratu da Petronorren bertsioa emateaz, Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren batzordean, EH Bilduk eskatuta.
Konfinamendurik ez
Nabarmendu du bentzeno isuriak ez zuela arriskurik eragin eta ez ziola inori kalterik egin: «Pertsonen osasuna ez zen arriskuan jarri». Hori ondorioztatzeko, Guillermo Herrero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariak otsailaren 27an zenbait irratitan esandakoan oinarritu da: isuriak ez zuela ondoriorik eragin herritarrengan, ez zela herritarren konfinamendurik izan eta ez zela alerta egoerarik ezarri.
Ikusi gehiago
Adierazgarria izan da Fava Ibañezek behin eta berriro nabarmendu nahi izan duela isuriaren eraginez ez zela Muskizko herritarren konfinamendurik ezarri. Herrerok ere hala esan zuen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bentzeno isuria izan eta gero, zenbait prebentzio neurri «aholkatu» zizkien otsailaren 26ko arratsaldean Muskizko herritarrei. Neurrien artean zeuden «ahal zen guztietan» barruko eremu itxietan egotea, ateak eta leihoak ixtea, eta aire zabaleko jardueretan ez aritzea. Eusko Jaurlaritzak ez zuen konfinamendurik ezarri, baina etxetik ez ateratzeko gomendatu zuen. Neurri horiek «udan gandua izaten denean hartzen direnekin» parekatu ditu Petronorreko ordezkariak.
«Kontrolpean»
Bentzeno isuria «puntuala, bakana eta iraupen mugatukoa» izan zen, eta «kontrolpean» izan zuten, Fava Ibañezen arabera. Gasolina atera zen depositu batetik eta gasolina horren parte bat lurrundu egin zen. Hartutako neurrietako batzuk zerrendatu ditu: aparra bota zuten deposituaren gainera gasolina ez lurruntzeko, gasolina xurgatzeko tresnak erabili zituzten, ur gortina bat sortu zuten bentzenoa ez zabaltzeko, zenbait eremu harearekin eta plastikoekin estali zituzten...
Findegiak airearen kalitatea neurtzeko lau estazio ditu inguruan, eta haietako batek, San Juliangoak, metro kubikoko 106,56 mikrogramo bentzeno neurtu zituen otsailaren 26ko 11:00etan. Alerta jotzeko muga metro kubikoko 50 mikrogramokoa da, Petronorrek eta Eusko Jaurlaritzak hala hitzartuta. Petronorrek gertatuaren berri eman zion Eusko Jaurlaritzari. Hurrengo orduetan bentzeno maila apaldu egin zen: 0,34 mikrogramokoa zen 14:00etan, Petronorreko ordezkariaren arabera. Gainerako hiru neurgailuetan bentzenoaren eta gainerako substantzien mailak ohikoak izan zirela aipatu du.
«Petronorrek Eusko Jaurlaritzarekin eta udalekin duen komunikazio protokoloa bete zuen. Haiek aztertu behar dute halakoetan ea neurririk hartu behar den herritarrak babesteko eta herritarrei jakinarazteko»
XAVIER FAVA IBAÑEZ Petronorreko Segurtasun, Kalitate eta Ingurumen zuzendaria
Bentzeno mailak goizean goia jo eta gero, Eusko Jaurlaritzak ez zuen gomendiorik egin. 20:30ak aldera, ordea, leku itxietan egoteko gomendatu zien herritarrei. Haren neurgailu mugikor batek ehun mikrogramo bentzeno baino gehiago neurtu zituen.
Otsailaren 26ko isuria salbuespena dela erakutsi nahian, Fava Ibañezek zehaztu du isuriaren aurreko urte osoan neurtu den bentzeno maila handiena 0,98 mikrogramokoa izan dela, eta urteko batezbestekoaren muga metro kubikoko bost mikrogramokoa dela.
Pradalesen adierazpenak
Otsailaren 26ko isuriaren ostean Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa nolakoa izan zen galdetu dio Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak. Gogorarazi egin dizkio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bentzeno isuria gertatu eta gero egindako adierazpenak. Pradalesek Eusko Legebiltzarrean esan zuen larrialdi zerbitzuekin eta Eusko Jaurlaritzarekin Petronorrek duen komunikazioa eta koordinazioa ez zela «egokia» izan.
Fava Ibañezek ez du baloraziorik egin Pradalesek esandakoaz. Zehaztu du isuriaren berri izan eta 45 minutura jakinarazi ziotela gertatutakoa Eusko Jaurlaritzari. «Petronorrek Eusko Jaurlaritzarekin eta udalekin duen komunikazio protokoloa bete zuen», azaldu du. Findegitik kanpoko neurriak erakundeei dagozkiela gehitu du: «Haiek aztertu behar dute halakoetan ea neurririk hartu behar den herritarrak babesteko eta herritarrei jakinarazteko». Bizkaiko Foru Aldundiak atzo onartu zuen komunikabideen bidez jakin zuela isuria izan zela Muskizko findegian.
«[Istripuek] Eragina izan dute airearen kalitatean, eta horrek arriskuan jartzen du herritarren osasuna. Meatzaldeko herritarrek ezin dute ordaindu informazio eta koordinazio falta»
AMANCAY VILLALBA EH Bilduko legebiltzarkidea
Villalbak galdera gehiago egin dizkio Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioari eta protokoloari buruz, baina Fava Ibañezek ez du zehaztasunik eman. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du otsailaren 26ko arratsaldean ez zela bentzenoaren erregistrorik izan Muskizko findegiaren inguruko lau neurgailuetan. «Argitu behar da zer gertatu zen», esan du Villalbak. «Azalpenak eskatu dizkiogu Eusko Jaurlaritzari, baina uste dugu ez direla nahikoak izan, eta herritarrek merezi dituzte azalpenak».
Arazoen segida
Villalbak zerrendatu egin ditu Petronorrek azken hilabeteetan izan dituen arazoak: abenduaren 2an, gasolina depositu batean; otsailaren 22an, hutsegite elektriko batek findegia geldiarazi zuen, eta, otsailaren 26an, bentzenoa isuri zen gasolina depositu batetik. «Arazo horiek ez dute loturarik elkarren artean», azaldu du Fava Ibañezek. «Neurriak hartu dira berriro ez gertatzeko. Ez gaude arazo sistemiko baten aurrean, gertaera bakanak dira, bata bestetik gertu gertatu badira ere». Gehitu du azkeneko bi urteetan 19,7 milioi euro gastatu dituztela segurtasun eta ingurumen ekintzetan, eta 168 milioi euro mantentze lanetan.
Villalbak erantzun dio diru hori guztia inbertituta ere herritarrei etxetik ez ateratzeko gomendatzeko adinako «gertaera larri bat» izan dela. «Gertaera bakanak direla esan duzue, baina jarraituak izan dira», mintzatu zaio Fava Ibañezi. «Eragina izan dute airearen kalitatean, eta horrek arriskuan jartzen du herritarren osasuna. Meatzaldeko herritarrek ezin dute ordaindu informazio eta koordinazio falta». Gogoratu du inguru horretako herritarren osasun maila beste eskualde batzuetakoa baino kaskarragoa dela ikerketen arabera.
Itxaso Asensio PSE-EEko legebiltzarkideak uste du herritarrek arrazoiak dituztela haserre egoteko, besteak beste Petronorren eta erakundeen arteko komunikazioa ez delako ona izan: «Herritarrak informaziorik eta babesik gabe sentitu dira».