Pradalesen esanetan, isurien krisian Petronorrek izan zuen komunikazioa ez zen «egokia» izan

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du ikertzen ari direla enpresak arau hausteren bat egin ote zuen. Oposizioak kargu hartu dio neurriak «berandu» hartu zituelako.

Petronor enpresaren Muskizko instalazioen irudi bat. LUIS TEJIDO / EFE
Petronor enpresaren Muskizko instalazioen irudi bat. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2026ko martxoaren 6a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gertatutakoari garrantzia kendu gabe, baina alarma eragitetik urrun. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, horrela aztertu behar dira Petronorrek Muskizen (Bizkaia) dituen instalazioetan joan den astean izandako istripuak. Imanol Pradalesek adierazi du ulertzen duela findegian izandako isuriek bizilagunengan «ezinegona» eragin izana, baina ziurtatu du haien osasuna eta segurtasuna ez zela arriskuan egon. Dena den, aitortu du enpresak larrialdi zerbitzuekin izan zuen komunikazioa ez zela «egokia» izan, eta aurreratu du gertatutakoa ikertzen ari direla arau hausteren bat egon zen argitzeko.

Eusko Legebiltzarrean kontrolerako osoko bilkura egin dute gaur, eta oposizioko taldeek azalpenak eskatu dizkiote Jaurlaritzari Petronorren izandako bentzeno isuriei buruz. EH Bildu, Sumar eta PP kezkatuta agertu dira, eta kargua hartu diote Jaurlaritzari, gertatutakoa larria izan zela iritzi baitiote. EH Bilduren iritziz, esaterako, Jaurlaritzak «berandu eta gaizki» erantzun zuen. Amancay Villalba legebiltzarkideak gogorarazi du isuriak goizean gertatu zirela, eta gobernuak ez zuela neurririk hartu iluntzera arte. «Atzerapena ez da onargarria, ezta informazio falta ere», salatu du.

Bada, gertatutakoaren inguruko «ikerketa sakona» egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, eta berriz ez gertatzeko neurriak hartzeko. Izan ere, Villalbak esan du halako istripuak «ohikoak» direla Petronorren instalazioetan: «Zerbaitek huts egin du modu oso larrian. Erantzukizuna Petronorrena da, baina baita gobernuarena ere, hura baita ikuskapenak egin, airearen kalitatea kontrolatu eta herritarren osasuna babesteko betebeharra duena».

Jon Hernandez legebiltzarkideak ere (Sumar) ohartarazi du joan den astean gertatutakoa ez dela bakana izan, eta gogorarazi du findegiaren inguruan bizi direnek urteak daramatzatela neurri eske: «Ezin da normalizatu. Industrialdeak ezin dira izan herritarrentzat arriskutsuak diren eremuak». Informazio falta salatu du, eta adierazi istripuak osasun arazo larri bat eragin zuela, herritarrak ez ezik langileak ere «arriskuan» jarri zituena, aireratutako bentzenoa toxikoa eta kantzerigenoa delako.

Laura Garrido legebiltzarkideak ere (PP) «berandu» aritu izana txarretsi dio Jaurlaritzari, istripuaren berri izan eta kautelazko neurriak hartzerako «hamar ordu» igaro zirelako. Horrek arriskuan jarri zituen bizilagunak, adierazi duenez, eta neurriak hartzeko eta protokoloak berrikusteko eskatu du.

«Goraldi puntualak»

Oposizioak egindako kritikei Pradalesek erantzun die Jaurlaritzak «arduraz» jokatu zuela, eta istripuaren berri izan eta berehala erreakzionatu zuela. Aitortu du otsailaren 26tik martxoak 2ra gehieneko emisio baimendua gainditu zutela hainbat isurik, baina zehaztu du «goraldi puntualak» izan zirela eta egoera «azkar» etorri zela bere onera.

Horregatik ez zuten larrialdirik aktibatu, adierazi duenez. Jakinarazi du Industria, Osasun eta Segurtasun sailek etengabe aztertu zutela egoera, ingurumen kontrolerako neurketa sistemak erabilita. Eta txalotu egin du Muskizko (Bizkaia) herritarren jarrera, «erreakzio eredugarria» izan zutelako. Hala ere, aitortu du enpresak larrialdi zerbitzuekin eta erakundeekin izan zuen koordinazioa ez zela egokia izan. 

Edozein moduz, nabarmendu du Jaurlaritza lanean ari dela, «beldurra zabaldu» ordez. Batetik, gertatutakoa ikertzeko eskatu dio Petronorri, neurriak hartzeko, eta egoerari aurre egiteko proposamenak aurkezteko. Eta, bestetik, iragarri du lantalde bat jarri duela martxan, larrialdi egoeretako prozedurak berrikusteko eta halakoetan hobeto erantzuteko.

Era berean, Mikel Jauregi Industria sailburuak esan du azken belaunaldiko neurgailu berri bat jarriko dutela Petronorrek plantaren ondoan, airearen kalitatea neurtzeko. Gaur egun, halako lau daude inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA