Espainiako Kongresurako EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua

Oskar Matute: «PP eta Vox agintera iristea eragoztea arduratsua izatea da»

Matutek azpimarratu du igandeko bozak «erreferendum bat» direla, eta lehen xedea «bloke erreakzionarioari» aurre egitea dela, eskubideetan sakontzen jarraitzeko gero.

Oskar Matute Kongresurako diputatugaia, EH Bilduren Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oskar Matute Kongresurako diputatugaia, EH Bilduren Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
aitor biain
2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandeko hauteskundeei begira «itxaropentsu» dago Oskar Matute (Barakaldo, Bizkaia, 1972) EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua, eta argi dio kanpainan herritarrei eskatu dioten hori jasoko dutela bueltan: eskuinari eta eskuin muturrari murrua jartzeko adinako babesa. «Uste dugu badauzkagula horretarako arrazoiak». Borrokari azkenera arte eustea galdegin du, halere. Euskaraz eta gazteleraz erantzun die BERRIAren galderei.

Kanpaina azken txanpan sartu da. Nola ikusten duzu?

Egia esateko, oso ondo. Berotasun handia sentitu dugu herritarren partetik, eta kanpaina altxatzen laguntzen digu horrek, inoiz ez bezala. Esango nuke EH Bilduren mezu zehatzak eta argiak jende askorekin konektatu duela, eta ulertu dutela zer galdera egin behar dioten bere buruari botoa ematerakoan.

Bizkaiko zerrendaburua zara. EAJri bere gotorlekuan irabazteko boz erabakigarriak dira?

Baietz esango nuke, hainbat arrazoirengatik. Batetik, boz hauek ez dira edozein boz; garrantzi handiagoa dute. Orain arte, Espainiako bozak inoiz ez dira lehiarako jokaleku aproposenak izan indar independentista batentzat, baina irabazteko aukera izateak jada badu balioa. Eta, bestetik, Bizkaia jende gehien bizi den eta aniztasun handiena duen herrialdea da; beraz, gai baldin bagara jende horren konfiantza gureganatzeko, edozein herrialdetarako balioko duen tresna bat lortuko dugu.

Hasieratik, blokeen arteko lehiatzat jo dira igandeko bozak. Eta ardatz horren baitan aritu zarete zuek ere. Zergatik?

Lehen ere esan dut: guretzako, hauteskunde hauek ez dira ohikoak, erreferendum bat dira. Duela 40 urte Euskal Herriak ezetz esan zion NATOn sartzeari, eta igandean ere bloke erreakzionarioari ezetz esatea nahi dugu. Uste dut hor kokatzen dugula garai honen garrantzia. Esaten ari gara mundua asko eta oso azkar ari dela aldatzen, eta ezin dugula onartu saihetsezina balitz bezala, horrek eskubideak murriztea ekarriko baitu.

«Gehiengo ausart bat lortzeko aukera izan nahi dugu, orain arte egin ez diren gauzak egitera ausartuko dena»

Baina ez al da gehiegizkoa marko hori? Lehen ere egon dira asmo zentralizatzaileak.

Bai, Espainiako eskuinaren partetik beti egon da tentazio hori. Eta ez bakarrik eskuinaren partetik. Baina inoiz ez da gaur egun bestekoa izan; inoiz ez du halako grinarik erakutsi. Orain gutxira arte bazirudien 1978ko erregimenak bere horretan iraun behar zuela, alternantzia batzuekin bazen ere. Baina erregimen hori hautsi egin da, alderdietako batek —kasu honetan, Alderdi Sozialistak— harreman edo elkarrizketa bide bati ekin diolako indar subiranistekin. Horiek horrela, botere ekonomikoek muga bat jarri dute, eta zera esan: «Gehiegi eman dizuegu eta inoiz ez duzue nahikoa. Beraz, atzera egingo dugu». Egoera horretan gaude orain.

Eskuinak agintera iristea eragozteko PSOEri sostengua emateak ez al dizue kontraesanik sortzen?

Nahi duena egiteko emango bagenio sostengua, kezkatuago egongo ginateke. Guk esaten dugu EH Bildu ezinbestekoa izango dela PPk eta Voxek gobernatu ez dezaten. Ezinbesteko izateak indartsuago egiten zaitu, ahalmen handiagoa ematen dizulako Alderdi Sozialistari ere mugak jartzeko. Hori da gure helburua: guk dena nahi dugu gure herriarentzat, eta horretarako lan egingo dugu, baina lehenik bermatu behar dugu PP eta Vox, elkarrekin edo nor bere aldetik, gobernura ez iristea. 

Oskar Matute, elkarrizketaren une batean. ARITZ LOIOLA /FOKU
Oskar Matute, elkarrizketaren une batean. ARITZ LOIOLA /FOKU
Babesa doan emango diozuela ziurtatu duzue. Ez al da eskuzabalegi jokatzea?

Feijoo Espainiako presidente eta Abascal presidenteorde izatea eragoztea ez da eskuzabal jokatzea, arduratsua izatea da, ohartzea herri honek zer duen jokoan. Hori bai, hortik aurrera, presidente izan nahi duenak gure errespetua eta konfiantza irabazi beharko ditu, eta ez gara ez eskuzabalak ez despistatuak izango. Guk argi dugu: gehiengo ausart bat lortzeko aukera izan nahi dugu, orain arte egin ez diren gauzak egitera ausartuko den gehiengo bat. Aurrera egin nahi dugu gure herriaren nazio aitortzan, eta eskubide eta askatasun gehiago lortu nahi ditugu.    

Zer balantze egiten du EH Bilduk legealdiaz? Zer lortu du Sanchez babestearen truke?

Gure burua gehiago ikusi dugu eustea helburu zuen bloke batean erasora jo nahi zuen bloke batean baino. Egia da. Eta guk aurrera egin nahi dugu. Gutxieneko programa bat adostea proposatu genuen, baina ez zen posible izan. Eta, zentzu horretan, autokritika egiten dugu,  aurrera egiteko ibilbide orri argi bat zehazteko gai izan ez garelako. 

Baina, hala eta guztiz ere, mahai gainean jarri nahi ditut, uste baitut balioa dutela, milaka eta milaka euskal herritar bizi egoera nabarmen larrietatik babestu dituzten ezkutu sozialeko neurriak. Guk ahalegin bat egin dugu bizi baldintza duinak lortzeko mundu guztiarentzat, eta ez gutxi batzuek bakarrik ikusiko duten diru bat ekartzeko. 

Hala ere, ‘mozal legea’ indarrean dago oraindik, eta Gernikako Estatutua, osatu gabe. EH Bilduk gehiago egin zezakeen gai horiei dagokienez?

Guk ahal izan duguna egin dugu, baina gehiago egin bagenezake, jendeari estutzeko eskatzen diogu. Kaleak bizirik nahi ditugu, gobernatzen nahiz oposizioan egon. Eta, mozal legeari buruz, guk argi dugu bertan behera utzi behar dela, baina ez dago erabat gure esku. Hala ere, hurrengo legealdiko gure aurrenetariko ekimena lege hori indargabetzea izango da.

«Gure herria eta bere eskubideak defendatzera goaz gu Madrilera: erasoetatik babestera edo haiek zabaltzera»

PPk eta Voxek gobernua osatuko balute, zein izango litzateke EH Bilduren estrategia?

Gure herria defendatzea, ez dago besterik. Gu ez goaz Madrilera fokuaren bila, gure herria eta bere eskubideak defendatzera baizik: erasoetatik babestera edo haiek zabaltzera, hautetsontziek esango dute hori.

Inboluzio hori noraino eraman dezakete?

Ez dago interpretatu beharrik, elkarrekin ari dira gobernatzen Gaztela eta Leonen, Valentziako Generalitatean, eta argi esaten ari dira Kongresuan ere: zentsura, ilegalizazioa, pentsio sistemaren pribatizazioa, nazio eta hizkuntza aniztasuna amaitzea...

Kongresuan euskara erabiltzea onartu da legealdi honetan, baina non geratu da praktikan?

Euskarak aurrera egin dezan emandako aurrerapauso oro ondo ikusiko dugu. Beste kontu bat da horrekin konformatzea. Alde horretatik, argi daukagu: gehiago egin behar dugu. Nik neuk gehiago egin behar dut. Eta hurrengo legealdian euskaraz gehiago hitz egingo dudala hitzematen dut.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA