«Elkarrizketak badaude, diskretuak dira, serioak eta positiboak; negoziazioa irekita dago, eta nahiko genuke akordio bat iristea gutxieneko baten inguruan, hitz egiten ari diren hiru alderdien artean. Baina denbora eman behar zaio denborari». Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek hitzaldi luzea egin du gaur, Bilboko Euskalduna jauregian, Noticias taldeak antolatutako topaketa batean. Estatus berriaren inguruko negoziazioaz galdetu diotenean, diskrezioari eutsi beharrean dagoela ohartarazi du, baina garbi utzi EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek negoziatzen jarraitzen dutela, eta denbora gehiago behar dutela itun bat erdiesteko, Gernikako Estatutua gainduko lukeen idatzi berri bati begira. Edonola ere, negoziazio horren edukiei buruz galdetu diote, eta, horretan ez dela askorik sartuko esan arren, hiru ardatz aipatu ditu: «Nazio aitortza, benetako aldebikotasuna eta gaitasun berriak».
Izan ere, «euskal etxea defendatzeko eta zabaltzeko» deia egin du Pradalesek, eta ziurtatu du egungo estatutua gaurkotuko lukeen «idatzi berri bat» edukitzea garrantzitsua dela horretarako. «Gernikako Estatutua garrantzitsua izan zen, eta orain ere horrela da, baina gure esparru juridiko-politikoa berritu behar dugu». Eta helburu hori betetzeko, aldebikotasuna behin eta berriro azpimarratu du, helarazita Gernikako Estatutua ere «bi subjektu politikoren arteko akordioaren emaitza» izan zela. Lehendakariak oso garbi esan du Espainiako Konstituzioak ez diola euskal errealitate nazionalari erantzun azken mende erdian: «Ez du ebatzi benetako muina: nazioen arteko elkarbizitza».
Euskal nortasunaren ukazioa
Espainian zabaltzen ari den eskuin muturraren aldeko hautuak biziki kezkatzen du Pradales, bai eta eskuinaren «noraezak» ere, eta irits daitekeenaren aurrean «euskal etxea sendotu, handitu eta zabaldu» behar dela ziurtatu du. Erantsi du hori ez dela soilik alderdien kontua, baizik «gizarte osoarena»: «Iritsi daitekeen garai ilunaren aurrean, autogobernua da babeslekurik hoberena». Izan ere, euskal nazioak duen arriskua birzentralizaziotik harago doala ziurtatu du. «Birzentralizazioa Aznarrekin hasi zen. Madrili hiri-estatuaren izaera eman, eta ingurune guztia xurgatzen hasi zen. Eskuin muturraren mehatxua okerragoa da: euskal nortasunaren ukazioa dakarren unionismoa da, erkidegoaren ukazioa, askatasunen ukazioa. Oso garrantzitsua da defendatzeko prestatzea».
«Birzentralizazioa Aznarrekin hasi zen. Eskuin muturraren mehatxua okerragoa da: euskal nortasunaren ukazioa dakarren unionismoa da. Oso garrantzitsua da defendatzeko prestatzea»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Euskal etxea» egunero eraikitzen eta babesten dela helarazi du. «Balioen, ohituren eta hizkuntzaren transmisioa» ahalbidetu behar dela esan du, eta elkarlanean egin behar dela hori, «desadostasunak gaindituz eta elkarrizketa bultzatuz». Naziotasunari erreparatuta, erantsi du «herrikideekin» egin behar dela elkarlan hori, «Nafarroa eta Iparraldearekin, nazioa indartuz».
Estatutua eta transferentziak
Berriro ere, Gernikako Estatutuak duen garrantzia nabarmendu du, eta gogoratu du haren lehenengo artikuluan oso garbi azaltzen dela Euskal Herria, haren nortasunaren isla gisa, erkidego autonomo gisa eratzen dela. «Hau da, inork ez gaitu eratzen: arabarrek, gipuzkoarrek eta bizkaitarrek erabaki zuten, garai historiko horretan, estatuko erkidego autonomo gisa eratzea». Euskal Herria subjektu politikoa dela defendatu ondoren, aldebikotasunera begira jarri da, Kontzertu Ekonomikoaren paktua gogoratuz, hura izan baitzen, Pradalesen hitzetan, «berdinen arteko paktua, benetako aldebikotasunarekin».
Gernikako Estatutua ez da bete oraindik, ordea, eta Pradalesek jakinarazi du Elkarlanerako Aldebiko Batzordea eta Kontzertuaren Batzorde Mistoa egingo dituztela Aste Santua iritsi baino lehen. Aurreko hilean, Jaurlaritzako lehendakaria Espainiako presidente Pedro Sanchezekin batzartu zen, eta zenbait transferentzia egiteko prozesua abiarazi zuten, «baina sinatu arte ez dago fidatzerik».
Nolanahi ere, Pradalesek garbi utzi du Espainiako legealdia indarrean dela, eta jarraitu beharra dagoela EAJk eta PSOEk «sinatutako ituna» betetzen. Maria Ubarretxena lehendakariordea Madrilen da, eskumen berriak negoziatzen, eta «datozen orduetan» jakingo da zein den Sanchezen gobernuaren «benetako borondatea», lehendakariak esan duenez. Badaezpada ere, goiburu bat eman du Pradalesek gaiari loturik: «Gernikako Estatutua betetzea estatuak Euskal Herriarekin duen zor bat da».
Iragan hurbila, oraina eta geroa lotuz, Gernikako Estatutuak izan duen garrantzia gogoratu du beste behin, eta, hura berritu beharra defendatzeko, Jose Antonio Agirre lehendakaria ekarri du hizpidera: «Atzokoan finkatuz, gure etorkizuna eraiki behar dugu, elkarrekin, elkarlanean, ditugun lanabesak baliatuz eta berriak eskuratuz. Agirre lehendakariak —eta gure foru tradizioak— zioen moduan, Euskal Etxea denontzako aterpe izan dadin».