Urtea amaitzeko abenduaren 31n eman ohi duen mezua zabaldu du gaur Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Imanol Pradalesek nabarmendu duenez, 2025. urteak «testuinguru kezkagarria» utzi du, baina itxaropenerako arrazoiak ere badaude. Salatu du batzuek atzera egin nahi dutela euskararen normalizaziorako bidean, baina agindu du «jauzi bat» egingo dela arlo horretan.
Pradalesek adierazi du ziurgabetasuna handitu egin dela munduan, eta horren adibide gisa aipatu ditu «Ukrainako gerra, Gazako genozidioa, muga zergak, eta populismoen eta autoritarismoen gorakada». Horren harira, gaineratu du Europak ez duela lortu norabidea zuzentzea, eta hala Parisen nola Madrilen zailtasunak daudela gobernabideari dagokionez.
Halere, adierazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxaropenerako zantzuak ikusi direla 2025ean, eta «osasun Ituna, etxebizitzari lotutako lege eta neurri berriak, eta ordenagailu kuantikoa» aipatu ditu, besteak beste.
Migratzaileak hartu ditu gogoan jarraian, eta zuzenean mintzatu zaie: «Mende honen hasieran, 30.000 zineten; gaur, 300.000 baino gehiago. Hizkuntza, kultura eta izaera propioa duen herri batera heldu zarete». Gaineratu du bertan jaiotakoak eta migratzaileak kulturan eta komunitate bizitzan batu behar direla. «Euskadin hanka bat jarri duzue. Bestea ere jartzera animatzen zaituztet. Gure etxearen oinarriak errespetatzen eta sendotzen laguntzen duzuen guztiena da Euskadi, edonondik zatoztela ere».
Euskararen kontrako oldarraldiaz aritu da jarraian. Esan du herritarrek eskubidea dutela hizkuntza ofizialak jakiteko eta askatasun osoz mintzatzeko hizkuntza horietan, baita «gure hizkuntza propioan» ere. «Baina badira helburu hori zapaldu nahi dutenak. Ibilitako bidean atzera egin nahi dutenak». Horiei ohartarazpena egin die: «Inork ez du lortuko euskal herritarrok euskaraz aritzeko dugun helburua zapuztea, gure barren-barreneko nahia baita. Eta jauzi bat egingo dugu». Mezuaren testuan, hizki larriak erabili dituzte euskal herritarrok idazteko.
Madrili: «Pazientzia agortzen ari zaigu»
Autogobernuari dagokionez, esan du erabakiak bertan hartzeko tresnak behar direla, beste batzuen menpe ez egoteko. «Erabakitzeko askatasuna eta hartutako erabakien erantzukizuna txanpon beraren bi aldeak dira». Halaber, Espainiako Gobernuak emandako hitza ez bete izana ere izan du hizpide, Gernikako Estatutua 2025erako bete ez izana, alegia: «Eta pazientzia agortzen ari zaigu», gehitu du. «Hemen ez gara eskumenez bakarrik ari. Dena eztabaida horretara mugatzea planteamendu faltsua eta sinplista izango litzateke».
Hala eta guztiz ere, itxaropen mezu bat helarazita amaitu nahi izan du hitzaldia.
Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko eledunak txalotu egin du Pradalesen mezua. Migranteen inguruan emandako mezua nabarmendu du, «eskubideen eta betebeharren» arloari bereziki erreparatuta. Baita euskararen defentsari ere.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak garrantzia kendu dio Pradalesek Espainiako Gobernuaz esandakoari. Bete ez diren eskumenetan bainoago, bete direnetan egin du azpimarra, eta gehitu du lanean segituko dutela erakundeen arteko lankidetza horrek iraun dezan, nahiz eta aitortu badituztela desberdintasunak EAJrekin. «2025a elkarlanean itxi dugu, baina baita desberdintasun batzuekin ere, zergatik ez esan. Baina urtea autogobernu handiagorekin itxi dugu, eskumen gehiagorekin».
Richar Vaquero EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak Pradalesi erantzun dio «etxea zaindu eta gobernatu nahi badu» etxebizitzarako eskubidea bermatu behar duela lehenengo. Halaber, eskatu du iristen den inor ez dadila legez kanpokotzat hartua izan, migranteei erreferentzia eginda, eta eskatu du euskara «batzeko» izan dadila.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak, berriz, autokonplazentziazkotzat jo du Pradalesen mezua, eta «errealitatetik urrun» dagoela salatu. «Erakunde bateko arduradun baten mezua bainoago, EAJren mezua ematen du».