Eusko Jaurlaritzak udako etenaren aurretik eskuratu nahi ditu Gizarte Segurantzarekin lotutako zenbait transferentzia, eta horretarako elkartuko dira Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea uztailaren 15ean. Madrilen izango da batzarra. Gaur eman ditu xehetasunak Pradalesek, gobernu bileraren ostean.
Autogobernuaren inguruan auzi «oso garrantzitsuak» jorratuko direla iragarri du. Besteak beste, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren eta enplegu politika pasiboen blokearen lehen multzoaz jardungo dute. Zehazki, langabezia diru-laguntzen eta kontribuzio prestazioaren inguruan hitz egingo dute. Lanak «ondo eginda» eramango dituztela iragarri du, batzarra «akordio politikoekin» bukatzeko. Hala, aurreko astean Maria Ubarretxena Autogobernurako sailburua Madrilen izan zela kontatu du, eta Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Segurantzako ministerioekin batzartu zela. Bi presidenteen arteko bileraren aurretik gehiagotan elkartuko direla ere esan du.
Alde biko azken batzordetik zintzilik gelditu ziren gaiei ere errematea eman nahi die lehendakariak. Itsas salbamenduko eskumenak erabat eskuratzea, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeari «bultzada» ematea eta euskara Europan ofiziala izatea jarri ditu jomuga. Eta gaineratu du sare elektrikoan inbertsio handiagoak egitea eta inoren zaintzapean ez dauden adingabeak banatzeko irizpideak zehaztea ere eskatuko diola Sanchezi.
«Egiten dugun horretan sinesten dugu. Eta egiten dugun moduan sinesten dugu. Helmugara iristea bezain garrantzitsua baita bidea»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Batzarra Sanchezek ustelkeriaren inguruan azalpenak eman eta egun gutxira izango da. Uztailaren 9an egingo ditu adierazpenak Espainiako Kongresuan. Pradalesek esan du batak ez duela bestea baldintzatuko, baina Espainiako egoera politikoaz ere hitz egin du gaurko agerraldian. Zeharka bada ere, aitortu du Sanchezen gobernua ahul nabari duela; kazetariek galdetu diote ea EAJk oraindik ere Sanchezen gobernua babesten ote duen eskumenen transferentzia kolokan ez jartzeko, baina ez du erantzun: «Hori EAJri galdetu behar diozue. Ni Eusko Jaurlaritzako lehendakaria naiz».
Iragarri du ustelkeria kasuetan zerikusia izan duten enpresekin azken hamarkadan izandako kontratuak berrikusten ari direla, eta ez dutela iruzur zantzurik topatu.
Lehen urtearekin, pozik
Berezia izan da gaurko bilera, urtea bete baitu gobernuak eta, ondorioz, Ajuriaenean elkartu dira hamabost sailburuak eta lehendakaria. Pradalesek berak egin du batzarraren osteko prentsaurrekoa, eta ez Maria Ubarretxena gobernuko bozeramaileak; sailburu guztiak entzule izan ditu lehendakariak.
Bide onetik doazela esan die, «gure arrakastekin eta baita gure akatsekin ere». Sailburuekin «oso gustura» dagoela esan du, eta iragarri du ez duela aldaketarik egingo gobernuan. Huts egiteko beldurrik ez dezatela izan eskatu die, arriskatzeko, berea «ekintza gobernua» delako. «Egiten dugun horretan sinesten dugu. Eta egiten dugun moduan sinesten dugu. Helmugara iristea bezain garrantzitsua baita bidea», esan du.
«Erabakiak hartzeko eta ekiteko prest» dagoen gobernu bat dela gaineratu du, egoera «edozein» dela ere. «Ziurgabetasunez betetako une batean bizi gara», deskribatu du. «Duela urtebete osasuna zen herritarren kezka iturri nagusia, eta, orain, etxebizitza da. Horrek erakusten du gizarteak aldakorrak direla. Baina gobernu batek ez du lan egin behar momentuko kezken arabera. Gobernu batek aurrera begiratu behar du, eta etorkizuna eraiki behar du».
Pradalesek adierazi du bere kezka nagusietako bat nazioarteko egoera dela. «Zer gertatuko da bihar Ormuzko itsasartea ixten badute? Nola eragingo dio horrek euskal gizartearen poltsikoari? Ez da herritarren kezka nagusia inkesten arabera, baina prest egon behar dugu horri ere erantzuteko».
Deustobarometroaren azken datuen arabera, herritarrentzat ez da nahikoa gobernua egiten ari den lana, nahiz eta EITB Focusen arabera gainditu egin duen. Pradalesek garrantzia kendu die datu horiei. Esan du Jaurlaritzak datozen egunetan argitaratuko dituela Euskobarometroaren emaitzak, eta horri erreparatuko diola. «Tentuz hartu behar dira emaitzak. Azterketarako tresna egokiak dira, baina ezin dute gure jarduna baldintzatu».