Eusko Legebiltzarreko politika orokorrari buruzko osoko bilkura estatus berriari buruzko eztabaida bilakatuko da ostegunean. Imanol Pradalesek bere hitzaldiaren parte nabarmen bat eskainiko dio gai horri, hain zuzen ere, eta azpimarra egingo die orain arteko lorpenei eta lortzeko dagoenari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak legealdiko «funtsezko» helburutzat dauka «autogobernuari buruzko ituna erdiestea», eta estatutu berriaren oinarriak aurten adostea proposatuko die talde politikoei.
Pradalesek osteguneko agerraldiaren lerro nagusiak jasotzen dituen testua igorri dio Eusko Legebiltzarrari, eta bertan dio «aurrerapauso nabarmenak» espero dituela aurten autogobernuaren alorrean: «Garaiak eskatzen duen itun berriaren elkarrizketak ezin dira betiko luzatu. Bizi dugun egoera politikoak aukera bat ematen digu». Lehendakariak iritzi dio Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenak jasotzeaz gain garaia dela estatutu berri baterako urratsa egiteko.
Haren hitzetan, «goi mailako testu politiko bat» ontzeko garaia da, testu bat bi helburu nagusi izango dituena. Batetik, «edukietan itxuraldatutako edo murriztutako eskumenak identifikatu eta zuzendu» beharko ditu. Eta, bestetik, 1979ko estatutuan jasota dauden ahalmen politikoak «garatu» behar ditu, edo «gaur egungo egoerara egokitutako eskumen berriak» jaso. «Euskal gizartearen aberastasuna, ongizatea eta kohesioa hobetzen lagunduko diguten gaitasun politikoak behar ditugu», dio.
«Leihoa» zabalik
Pedro Sanchezen agintaldia «aukera» gisa ikusten du horretarako: «Euskadiren egonkortasunak eta [Espainiako] Estatuko oraingo egoera politikoak leiho bat irekitzen digute». Lehendakaria kritiko da, hala ere, Madrilgo giro politikoarekin; dioenez, «alderdien interesen menpe» jarduten dute hango erakundeek, eta iritzi dio horrek ezinezko egiten duela funtsezko gaietan elkar ulertzea, hala nola trantsizio energetikoan, industriaren sustapenean, erronka demografikoan, Europako funtsen kudeaketan eta Espainiako aurrekontuen akordioan.
Are, zentralizaziorako joera bat ere ikusten du Pradalesek eskumenei dagokienez. Edonola ere, prest da Espainiako Gobernuarekin zabalik duen aldebiko elkarrizketari eusteko. Hori bai, Sanchezi ohartaraziko dio «denbora aurrera» doala, eta Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenak urtea amaitu baino lehen eskualdatu behar direla, hala baitute hitzartua jeltzaleek eta sozialistek: «Konpromisoa gauzatu behar dugu».
Era berean, lehendakariak oposizioko taldeei eskatuko die jarrera «kritiko eta arduratsua» izateko, aurre egin beharreko erronkei hobeto erantzuteko, eta elkarlanerako deia egingo die, kargua hartzeko inbestidura ekitaldian egin zuen moduan. «Politika egiteko modu horretan sinesten dut, eta hori eskatzen digute herritarrek: ahalik eta zarata gutxien, adostasuna, elkarlana eta etengabe emaitza onak bilatzea».
Lehendakari denetik politika orokorreko lehenengo bilkura izango du ostegunekoa Pradalesek, eta, legealdiko lehen urtean martxan jarritako neurriak aipatzeaz gain, datorren ikasturtean martxan jarri asmo dituen egitasmo nagusiak ere aurreratuko ditu. Testuinguruari buruzko irakurketa batekin abiatuko du agerraldia, gogorarazita «aro aldaketa» martxan dela, eta «ezegonkortasunaren eta ziurgabetasunaren» erdian «euskal agenda» defendatzea tokatuko zaiola. Horri lotuta, autogobernuaz gain, urte politiko honetan lehentasun gisa hartuko ditu osasuna, etxebizitza, hezkuntza, segurtasuna eta enplegua, besteak beste.