Pradalesek EH Bilduri eskatu dio «ezinezkorik» ez agintzeko: «Publikoak ez du dena konpontzen»

Bizi segurtasunaren inguruko bilkura izan arren, politika orokorreko baten itxura izan du Eusko Legebiltzarreko eztabaidak. Pradalesek Jaurlaritzaren funtzionamendua onetsi du, eta aurrez aurre jarri ditu bere eta EH Bilduren ereduak.

Pradales, atzo goizean, Eusko Legebiltzarrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Pradales, atzo goizean, Eusko Legebiltzarrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
aitor biain
2026ko ekainaren 17a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren ekimenez, osoko bilkura monografikoa egin dute Eusko Legebiltzarrean, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren bizi segurtasuna bermatzeko neurriei buruz eztabaidatzeko. Baina nork bere erara interpretatu du bizi segurtasuna delako hori, eta, ondorioz, gai bakarreko saioa izan ordez, askotarikoa izan da. Politika orokorreko bilkuraren tankera hartu du saioak, talde bakoitzak bere proposamenari soilik heldu baitio nagusiki. Eta horrek agerian utzi du ereduen arteko talka. «Publikoak ez du dena konpontzen, eta ezin du dena gidatu, edo ez du dena gidatu behar», adierazi dio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EH Bilduri.

Pradalesek nabarmendu du erakundeen egitekoa dela etorkizuneko ongizatearen geroa bermatzea, eta, ildo horretan, adierazi du Jaurlaritzak etxeko lanak egin dituela gizarte ezkutua martxan jarrita. Ez hori bakarrik, euskal ongizate ereduaren aldeko defentsa ere egin du, eta nabarmendu «Euskadi» dela «babeslekurik onena» gaurko eta biharko munduaren aurrean. Ohartarazi du, hala ere, «inork» ez duela herritarren bizi segurtasuna bermatuko, eta ez dagoela «formula magikorik» egoerari aurre egiteko: «Kezkatu egiten naiz herrialdearen gaitasunari edo kontratu sozialari buruzkoak entzutean, ardura guztia politika publikoen gainean uzten delako».

Izan ere, azpimarratu du ongizateak «denen ahalegina» eskatzen duela, eta erantzukizuna guztiena dela: «Elkarrekin arraun egitea tokatzen da, bakoitzak dagokion erantzukizuna bere gain hartuta», adierazi du. EH Bilduri mintzatu zaio, eta esan «ezinezkoak agintzeak» ez duela ezer konponduko, eta ardura guztia administrazioaren gain utzita ere ez dela ezer lortuko. Hau da, Pradalesen esanetan, auzi ororen gidaritza ez da publikoaren gain jarri behar: «Ez da posible edozein arazo konpontzeko itsulapiko publikoa apurtzea. Ez da posible etengabe diru kutxa publikoa xahutzea».

«Ez da posible edozein arazo konpontzeko itsulapiko publikoa apurtzea. Ez da posible etengabe diru kutxa publikoa xahutzea»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Pradalesek azpimarratu du «elkarlana» dela giltza, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza. Eta zehaztu du erakundeen ardura dela baldintza egokiak sortzea, baina aberastasuna enpresek sortzen dutela: «Ongizate iraunkorra lortzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko, aberastasuna eta enplegua sortu behar ditugu». Bada, gogorarazi du eredu horri esker egin duela EAEko ekonomiak aurrera azken urteetan. «Hutsuneak ditugu, eta hobetu beharrekoak ere bai. Baina funtzionatzen du», adierazi du.

Jeltzaleek eta sozialistek adostutako programa «arduraz eta serio» gauzatzen ari direla azpimarratu du, halaber, eta legealdiaren erdibidean egitasmoen eta konpromisoen %82 «aktibatuak» dituztela jada. Orain arte martxan jarritako neurriak zerrendatu ditu, eta gogorarazi herritarren oniritzia jaso dutela: «Euskadi hazten ari da, baina gure helburua ez da soilik haztea. Hazkunde hori gizarte osora heltzea nahi dugu».

Adostasun apala

Pradalesek nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean gehiengoa izanagatik ez dutela beti hori baliatu; beste alderdi batzuekin akordioak egiten saiatu direla adierazi du. Baina aitortu du ganberan ordezkatuta dauden talde politikoen ereduak ez direla «berdinak», eta denek ez dituztela «emaitza berak lortzen». Goizean esandako berba horiek oihartzuna izan dute arratsaldean, ebazpenen gaineko bozketan. Izan ere, nagusiki gobernu bazkideen elkarrekin aurkeztutako proposamenak atera dira aurrera. Oposizioko taldeek aurkeztutako ebazpen bakan batzuk ere bai: zazpi denera, PPrenak eta Sumarrenak, baina EH Bilduren bakar bat ere ez.

Hori da bilkura monografikoen elementu bereizgarrietako bat, hain zuzen ere: saioaren bukaeran, taldeek eginiko ebazpen proposamenak bozkatzen direla. Ez dute balio juridikorik, baina, gomendio hutsa izatetik harago, saioan eztabaidatu den gaiaren inguruan etorkizunean egon daitezkeen asmoak aurreratzeko balio dute. Eta, deigarria bada ere, Pradalesek Sanchezi egindako neurri sortaren eskaria ez dute onartu. Horren ordez, testu orokorrago bat onetsi dute, Espainiako Gobernuari prezioaren garestitzeari aurre egiteko neurriak har ditzala eskatzeko.

Onartutako proposamenen artean daude, besteak beste, etxebizitzaren funtsa eratzea, eta Lanbideren baliabide teknikoak eta giza baliabideak indartzea. Baita Finantzen Euskal Institutuaren zeregin estrategikoa indartzen eta elkarrizketa soziala bultzatzea ere. PPk aurkeztu du Ertzaintzari babesa adierazteko proposamena eta horri ere oniritzia eman diote. EH Bilduk 29 ebazpen aurkeztu ditu, tartean, 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata bermatzearena, baina atzera bota dute. 

Neurri eskaera Madrili

Ormuz neurriak izeneko dokumentua aurkeztu du Pradalesek bilkuran. 36 neurri biltzen dituen proposamen bat da, eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi helarazi dio. Planak bi helburu nagusi ditu, lehendakariaren hitzetan. Lehena, familien poltsikoa babestea, eta, bigarrena, ekonomia produktiboaren, industriaren zein lehen sektorearen lehiakortasuna sendotzea. Neurrien artean daude, besteak beste, elikagaien eta energiaren BEZ zerga jaistea, erregaia erosteko laguntzak berriz martxan jartzea eta ibilgailu berriak erosteko beste plan bat abiaraztea. Baita sare elektrikoaren ahalmena handitzeko inbertsioak bermatzea eta elektrizitatea sortzearen zerga ezabatzea ere. Lehen sektoreari begira, berriz, baserritarren Gizarte Segurantzako kotizazioa sei hilabetez atzeratzea ere proposatu du.


Pradalesek jakinarazi duenez, herenegun aurkeztu zion egitasmoa Sanchezi, eta Espainiako Gobernuak hilaren amaieran onartu asmo duen dekretuan aintzat hartzeko eskatu zion. Aurrez ere egin dio eskaerarik; martxoan gutun bat bidali zion Irango gerrak energiaren prezioak izandako gorakada arintzeko hainbat neurri proposatzeko. Horietako batzuk bere egin zituen Sanchezek, baina Pradalesek gogorarazi du batzuk jada ez daudela indarrean eta beste batzuen epea hilaren 30ean amaituko dela.


Horregatik, neurri gehiago hartzeko beharra azpimarratu du lehendakariak, inflazioak gora egiten jarraituko duelako hurrengo hilabeteetan, eta, beraz, bizi mailaren kostua ere garestitu egingo delako. «Ezin dugu egun bat bera ere galdu. Gaur aurrezten dugun guztia biharko ongizatearen aldeko inbertsioa izango da eta. Industriak, lehen sektoreak eta familiek beharrezkoa dute erakunde publikoen hauspoa»

.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE