Ogitarteko solidarioak direla eta, Pradalesek «babes sozialerako sistema sendo bat» defendatu du

Jaurlaritzako lehendakariak ulertzen du «batzuetan bihotzetik nola edo hala erantzun nahi izatea», eta erantsi du ez duela hori kritikatuko, baina «sistema arautu eta ordenatu bat» dagoela gogoratu du, eta funtzionatzen duela ziurtatu.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur, Miramar jauregian. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur, Miramar jauregian. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
xabier martin
2026ko abuztuaren 27a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «humanismoa» nabarmendu du asteon. Gaur berretsi egin du gobernuak ildo hori babesten duela orainari eta geroari ekiteko ildo nagusi gisa: «Euskarririk sendoena da estualdietan». Baina nola uztartzen dira humanismo hori eta Donostiako KAS Kaleko Afaria Solidarioen auzia? Azken egunetan, migranteei ogitartekoak emateagatik Udaltzaingoak zenbait pertsona identifikatu dituela salatu dute, eta janaria atzeman dutela ere bai.  Galdera horri erantzunez, Pradalesek esan du «migranteei duintasun osoa bermatu» behar zaiela, eta hori «guztion ardura» dela. «Euskadin beti egin dugu», jarraitu du: «Babes sozialerako sistema sendo eta zabal bat garatu dugu azken hamarkadetan. Erakunde publikoek eta beste eragile batzuek ere bai. Eta hori egin dugu sistema ordenatu eta arautu batekin».

Lehendakariak hori defendatu du, migranteen «integraziorako aukerak» modurik hoberenean ematen dituela argudiatuta, eta Donostiako Udalaren kudeaketa babestu du, gogora ekarrita udalak «segurtasunari eta osasun publikoari» erreparatu ziela, besteak beste, KASeko afari solidarioak debekatu zituenean. Erantsi du Donostiako Udalak «bitarteko gehiago» jarri dituela migranteei janaria emateko, «baina era arautuan». «Hor dago gure erantzun humanista, guk garatu dugun sisteman», biribildu du erantzuna.

Euskal Autonomia Erkidegoa DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta sortu zuen «lehen erkidegoa» izan zen, 1989an, Pradalesek gogora ekarri duenez. Horri bere balioa eman behar zaiola gaineratu du. Dena den, ulertzen du «batzuetan bakoitzak bere bihotzetik nola edo hala erantzun nahi izatea», eta erantsi du ez duela hori kritikatuko, baina «sistema arautu eta ordenatu bat» dagoela gogoratu du beste behin ere, eta funtzionatzen duela ziurtatu.

Ceutako migranteak

Urte politikoko lehen agerraldia Ceutako krisi humanitarioak baldintzatu du. Kazetariek galdetuta, Espainiako Gobernuaren, oposizioaren zein Europako Batasuneko erakundeen erantzuna kritikatu du lehendakariak, eta adierazi kudeaketa «nabarmen» hobetu zitekeela. «Hain zaila da gobernuko presidenteak eta Feijoo jaunak telefonoa hartzea eta hitz egitea gutxieneko batzuk adosteko?», adierazi du.

Edonola ere, kazetariek jakin nahi zuten Jaurlaritza zenbat migrante hartzeko prest dagoen, eta galdera horri izkin egin dio Pradalesek. Adin txikikoak hartzeko harrera sistema «tentsio handian» dagoela helarazi du, mila inguru daudela dagoeneko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, berez 600 bat hartzeko prestatua dagoela sistema. Baina ez dio aterik itxi Ceutan dauden adin txikiko migranteak hartzeari. Lehenik, ordea, kasu bakoitza behar den moduan aztertzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, ikusteko gazteak euren familiekin elkartu ote daitezkeen berriro. Ceutako auzia «oso konplexua» dela nabarmendu du, eta «lankidetza, batasuna eta erantzun integral bat» behar direla konponbide bat topatzeko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA