Pradalesek «erritmoari» eusteko eskatu die sailburuei, eta ohartarazi orain artekoa ez dela «nahikoa»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak legealdi erdiko balantzea egin du gizarteko eta erakundeetako ordezkarien aurrean, Ajuriaenean, eta etorkizuneko ildo nagusiez hitz egin du, sailburuek lagunduta.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ajuriaenean egindako ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ajuriaenean egindako ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2026ko ekainaren 23a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur 728 egun bete dira gobernua osatu genuenetik. Eta, euskal gizartearen aurrean, kontuak ematera gatoz». Horrela hasi du Imanol Pradalesek legealdi erdiko balantzea egiteko hitzaldia. Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuenetik bi urte bete diren honetan, bere gobernuaren jardunaren errepasoa egin nahi izan du Ajuriaenean. Balorazio baikorra egin du oro har, baina mezu argi bat utzi du aurrera begira: «Gaur arte egindakoa ez da nahikoa». Bada, hurrengo bi urteetan ere «erritmoari» eusteko eskatu die sailburuei, eta herritarrei «apaltasunez» entzuten jarraitzeko. Gizarteari, berriz, «konfiantza» galdegin dio.

Ohiko formatutik aldenduta, ezohiko ekitaldi bat izan da gaur Ajuriaenean egin dutena. Ongizatean hazi, Herria hazi izenean egin dute ekitaldia, Elkargunea eraikinean. Eta bertan bildu ditu lehendakariak, bere gobernuko kideez gain, gizarteko, erakundeetako eta enpresaren eta kulturaren alorreko askotariko ordezkariak; berrehun gonbidatu inguru guztira. Kristalezko kutxa beltzean igarri da hori, eta bero sapari aurre egiteko paperezko abanikoak banatu ditu Jaurlaritzak, hain justu ere, ekitaldia eramangarriagoa egiteko. 

Azalpenak zutik eman nahi izan ditu Pradalesek; «gardentasunez eta zintzotasunez» eman ere, adierazi duenez. Bere mintzaldian, lehendakariak adierazi du bi urte hauek «oso trinkoak» izan direla, «lan handikoak». Eta azaldu du «Euskal Agenda» delakoa izan dela gobernuaren bide orria legealdiaren hasierako parte honetan, zeinak hiru helburu dituen: zerbitzu publikoak indartzea, «Euskadi etorkizunerako prestatzea», eta komunitatea sendotzea. «Hori da gure bidea. Agian ez da azkarrena izango, ezta errazena ere. Baina bide zuzena da», esan du.

Munduan jokalekua nahasia bada ere, Pradalesek azpimarratu du gobernuak «asko erein» duela, «pixkanaka uzta jaso ahal izateko». Eta hitzeman du «ezkutatu gabe» egin dutela hori, «arazoei bizkarra eman gabe», eta «sumindura politikotik» aldenduta, ezberdinen arteko akordioei eta elkarrizketei bide emanez: «irtenbide berrien bilaketan arriskatuz». Horiek hala, berretsi du gobernu programan jasotako konpromisoen %82 «martxan» daudela dagoeneko.

Ordezkaritza zabala izan da Ajuriaeneko ekitaldian gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ordezkaritza zabala izan da Ajuriaeneko ekitaldian gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Sailburuek hitza hartu dute, hain justu ere, gobernuak orain arte martxan jarritako neurriak zerrendatzeko. Nork bere sailarenak aletu ditu, mintzaldi labur batean. Baikortasunez hitz egin dute denek ere, eta itxaropentsu, hurrengo bi urteetarako ildo nagusiak aletzeko orduan. «Aurrera egin dugu, bai, baina asko dugu oraindik egiteko», azpimarratu du lehendakariak, halere.

Lau ardatzeko plana

Izan ere, atzera begira baino aurrera begira jarri da lehendakaria, hots, aktibatzeko dauden konpromisoen %18 horiei begira. Pradalesek azaldu duenez, lau ardatz ditu Jaurlaritzaren legealdiaren bigarren erdirako planak. Lege berriak onartzea da horietan lehena. Zerrendan sartu dituzte, besteak beste, unibertsitatearena, kultur sistemarena, administrazioa arintzekoarena, turismoarena, justizia errestauratiboarena, diasporarena eta parte hartze instituzionalarena.

Gizartearen eta herritarren kezkei erantzutea da bigarren ardatza. Eta argi dute hor zeintzuk diren lehentasunak: Etxebizitza da lehena. Hartutako neurriak larrialdiari erantzuteko nahikoa izango ez direla iritzita, neurri gehiago behar direla adierazi du Pradalesek. Bide horretan kokatu du, hain zuzen ere, etxebizitzarako 2.000 milioi euroko funtsa onartzea. Enplegu gehiago eta hobea eratzea eta Osasun Ituna garatzen jarraitzea ere lehentasunen artean jarri ditu. Baita 8.000 ertzain lortzea eta Segurtasun Publikoko 2030erako Legea onartzea ere.

«Hemen ez gaude geure buruari dominak jartzeko»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Etorkizunerako prestatzea» da hirugarren ardatza, hots, Industria Plana garatzea eta Finantzen Euskal Aliantza osatzen jarraitzea. Alor horretan sartu ditu, halaber, euskararen erabileran jauzia egiteko Jauzia gara plana martxan jartzea, migrazioaren «erronkari» aurre egitea, eta Gernikako Estatutua osatzea eta «zabaltzea», estatus berri bat adostuta. Ongizatearen ereduan sakontzea da laugarren eta azken ardatza.

«Gobernua martxan dago; prest ziurgabetasun garaietan irmotasunez nabigatzeko», azpimarratu du Pradalesek. Hala ere, lan erdiak egin badituzte ere oraindik beste erdia geratzen zaiela-eta, sailburuei eskatu die «erritmoari» eusteko eta «onena emateko». «Hemen ez gaude geure buruari dominak jartzeko», gogorarazi die. Jaurlaritzak «euskal gizartearekin konpromisoa» duela esan die, eta «emandako hitza» betetzea dagokiela. Halaber, «apaltasuna» izatea eta herritarrei «entzuten jarraitzea» ere galdegin die, ez dituztelako «erantzun guztiak» eta ezin direlako «sekula inoren gainetik jarri». Herritarrei, berriz, «konfiantza» eskatu die, eta «herriaren alde inplikatzeko»: «Indarrak batzea dagokigu. Ez dago beste sekreturik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA