Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du «errespetu falta onartezina» dela Espainiako Gobernuak transferentzien gaineko akordioak bete ez izana. Martxoan lortutako akordioak «ez dira bete», lehendakariaren hitzetan, eta egungo negoziazioetan Eusko Jaurlaritza «frontoi batekin» topo egiten ari da, nahiz eta eskumenen eskualdaketan «jauzi nabarmena ematea» adostu zuten. Adierazi du horrek guztiak «bi aldeen artean gero eta konfiantza gutxiago» egotea eragin duela.
RTVEk eta Efek antolatutako ekitaldi batean esan duenez, Estatuko legealdia garai «kritiko eta delikatuan dago», eta gaineratu du Espainiako Gobernuaren aurrekontu berriak onartzeak «ezinezko misioa» dirudiela. Bestalde, galdetu diotenean ea PSOEko kide batzuei ustelkeria egotzi izanak zer-nolako eragina izan duen EAJn eta Eusko Jaurlaritzako koalizio gobernuan, lehendakariak esan du «Espainiako agenda» eta Jaurlaritzakoa desberdinak direla. Adierazi duenez, kanpoko agenda horrek «etengabe interpelatzen» ditu, baina bi alderdien arteko akordioak, «zorionez», funtzionatzen du Gasteizen.
Estatuko legealdia garai «kritiko eta delikatuan dago», eta Estatuko aurrekontu orokor berriak onartzeak «ezinezko misioa» dirudi.
Medikuen greben inguruan ere hitz egin du lehendakariak. Atzerapenak luzatzen ari dira, eta 10.500 ebakuntza baino gehiago gibelatu dituzte. Pradalesen ustez, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak bultzatutako esparru estatutua «erretiratzeko garaia» da, eta hark egiten ez badu, «Sanchez presidenteak esku hartu beharko du». «Erantzukizuna ministroarena bada, bere gain hartu behar du», azpimarratu du Pradalesek, eta argi utzi du bere gobernuaren esku dauden neurriak negoziatzen jarraituko duela osasun arloko mahai sektorialean.