Pradalesek esan du hezkuntza sistemako estrategia digitala «sakon» berrikusiko dutela

Politika orokorrari buruzko eztabaidan PISA txostenaren emaitzak izan ditu hizpide: «Txarrak dira, erabat. Ezin ditugu onartu». Hobekuntzarako hartuko dituzten neurriez hizketan, eskoletan pantailak erabiltzeko irizpideak «berrituko» dituztela esan du.

Imanol Pradales, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz
2026ko irailaren 17a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Txarrak dira, erabat. Ezin ditugu onartu». Halaxe deskribatu ditu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak PISA txosteneko emaitzak. Hezkuntza sistemaren eraginkortasunaren gainean zalantza handiak piztu direla hasi da ikasturtea. Lehengo astean jakinarazi zituzten txostenaren emaitzak, eta kaskarrak izan ziren, oro har, Hego Euskal Herri osoan. Probak berretsi egin zuen 2015etik hona beherakada izan dela aztertzen dituzten alor guztietan: irakurmenean, zientzietan eta matematiketan. Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuek aparteko kezka eragin dute: beherakada oso handia izan da han. Horra irakurketa gaitasunarekin zer gertatu den: 419 puntu lortu dituzte ikasleek, eta aurreko azterketan, 2022an, 466 izan ziren. Handia da koska. 

Politika orokorrari buruzko eztabaidan, Imanol Pradales lehendakariak aldaketak egingo dituztela jakinarazi du, eta tartean hezkuntza sistemako estrategia digitala «sakon» berrikusiko dutela. Digitalizaziorako bidean aurrerabide asko egin dira urteotan ikasgeletan, eta atzera egiteko asmoa azaldu du. Bide horretan eskoletan pantailak erabiltzeko irizpideak «berrituko» dituztela esan du. 

Irmoa izan da urteotan Eusko Jaurlaritzak ikasketa prozesuen digitalizazioaren alde egin duen hautua. Debekuaren bidea, gainera, ez du erabili nahi izan. Esaterako, beste autonomia erkidegoek hartutako bideari ez dio segitu, eta eskoletan telefono mugikorrak erabiltzeari dagokionez ez du ezarri erkidego osoan aplikatzeko moduko debeku integral edo legalik. Familia elkarteek-eta hori eskatu izan dute, baina Hezkuntza Sailak eskolen esku utzi du erabilera irizpideak ezartzea. Oraintxe arte, gainera, Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa hautu horren alde azaldu izan da. «Debekua da bidea? Ikerketek erakusten dute beste bide batzuk jorratu behar direla», esan zuen, adibidez, apirilean eman zuen elkarrizketa batean.

Gaur, berriz, Pradalesek aldaketak agindu ditu. Eremu digitalean. Eta bestela ere bai, orokorrean. Gogoratu du 2024tik martxan dela eskoletako emaitzak hobetzeko estrategia bat, eta adituen batzorde batek ikuskatuta ari direla lanean. «Oraindik ez gara lortzen ari, ordea, espero ditugun emaitzak», onartu du. Lehendik martxan ziren neurriez gain beste batzuk ere hartuko dituztela esan du, lehengo astean Hezkuntza sailburuak aurreratutakoa berretsiz.

Estrategia digitala berrikusteaz gain, zenbait aldaketa egingo dituzte emaitzak hobetzeko. Irakurketari dagokionez, «exijentzia» handitu egingo dutela esan du, eta xeheago ebaluatuko dutela, bai Lehen Hezkuntzako bigarren eta bosgarren mailetan, bai DBHko lehenengoan. Era berean, ikasleek «irakurketa pausatua» egin beharko dute egunero, Pradalesen arabera. Etapa guztietan bete beharreko baldintza izango da, ikastetxe guztiek bermatu beharrekoa. «Erronka garrantzitsua da. Konfiantza osoa dut hezkuntza komunitatean», esan du Pradalesek. Ikasleek, irakasleek, familiek eta gobernuak batera egin beharreko bidea dela gogoratu du. 

Gutuna Von der Leyeni

Pantailekin lotuta, Pradalesek adierazi du gizartean oro har erabilera «gehiegizkoa» dela eta hura mugatzeko neurriak hartu behar direla. «Mundu mailako kezka da. Denok ari gara konponbideak bilatzen errealitate berri honi aurre egiteko, baina ez dago erantzun bakar bat, are gutxiago erraza». Lehendakariak adierazi duenez, gaur Europako Batzordeak Kids Act lege proposamena aurkeztuko du, aterabide baten bila, eta Jaurlaritzak bete-betean babestuko ditu dokumentu horretan ematen diren gomendioak. Nabarmenenak aurreratu ditu. Hauxe da lehena: haurren artean pantailen erabilera mugatzea, eta era «progresibo batean» erabiltzen hastea. Irizpide horren arabera, pantailarik ezin dute erabili 2 urte baino gutxiago dituzten umeek, gehienez ordubetez erabil ditzakete dezakete 3-6 urte artekoek, eta sare sozialetarako sarbidea galarazi behar zaie 15 urte azpikoei. Bigarrena, hauxe: «kontrolerako» baliabide egokiak ezartzea. Hirugarrena, berriz, familiak estrategia honen inguruan «heztea eta ahalduntzea».

«Ikuspegia eta proposatutako neurriak egokiak direla uste dugu», esan du Pradalesek gaurko agerraldian. Horiek horrela, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyeni gutun bat helarazi diote, eta estrategiaren aldeko «atxikimendua» erakutsi nahi izan diote horrela. Estrategia horrek fruitua emateko, ordea, gizarte osoak harekin bat egin behar duela gogoratu du: «Sare sozialetarako sarbidea galaraz dezakegu, edo ikasgeletatik pantaila guztiak kendu, baina ez dugu arazoa konponduko euskal gizartearen konpromisoa ez badugu». Horrenbestez, pantailen erabilera «arduratsurako» itun sozial bat ere bultzatuko dute, lehendakariaren hitzetan, eta prest daude haren alde lankidetzan aritzeko. «Gure seme-alaben zaintza eta heziketa da gure ardura da. Ezin dugu beste alde batera begiratu». 

Euskara: afektuak ala eskubideak

Legebiltzarreko taldeek ere PISA txostena hizpide izan dute gaurko saioan. Lehendakariak goizean esan bezala, Joseba Diez Antxustegi EAJko legebiltzarkideak ere onartu du emaitzak «txarrak» direla, eta esan konponbideari ekin behar zaiola eta neurriak jada martxan daudela: «Hau guztion ardura da». 

EP-IU taldeko Jon Hernandezek, bestalde, eskola publikoaren aldeko inbertsioa galdegin dio Pradalesi: «Erabil itzazue 2025ean aurrekontuetan sartutako 50 milioi euro baino gehiago eskola publikoko azpiegituretarako; itunpeko eskoletan erabili ziren».

PPko Javier de Andresek ez die pantailen erabilerari edo baliabideei erreparatu, euskarari baizik. Esan du PISAko emaitzek behera egin dutela «hezkuntza euskaraz delako», eta Pedrosa sailburua kargutik kentzea galdegin dio Pradalesi.

PSE-EEko Eneko Anduezak euskara eskakizunen aurka jo du bere hitzartzean: «Euskarak afektua, babesa eta aukerak behar ditu. Ez du zatiketarako tresna bihurtu beharrik». Jarraian esan du hizkuntza eskakizunak «behar besteko justifikaziorik gabe igotzen» direnean milaka pertsonari ateak ixten zaizkiela: «Horrek ez du hizkuntza bat indartzen, berdintasuna ahultzen du».

EH Bilduren izenean, Pello Otxandianok eskubideetan egin du azpimarra. Adierazi du euskara ikasteak eskubide subjektiboa izan beharko lukeela legez: «Horregatik, lege proposamen bat erregistratuko dugu. Sindikatu guztiekin eztabaidatu dugu, eta guztiak bat datoz honetan. Jauzi erreal bat eman dezakegu, diskurtsoaz harago».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA