Pradalesek ziurtatu du «babes nahikoa» dagoela estatutu berri bat egiten saiatzeko

Gernikako Estatutua osatzeak bide emango lioke estatutu berri bat onartzeko pausoak emateari, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera. Autogobernua zabaltzea «betebehar historikoa» dela ziurtatu du.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, gaur, Pradales hizketan ari dela. RAUL BOGAJO / FOKU
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, gaur, Pradales hizketan ari dela. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 17a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ziurtatu du azken urtean aurrerapausoak eman direla estatutu berri bati ekiteko. Gogoratu du esana duela iritsiko zela garaia «hitz egiteko, negoziatzeko eta akordio bat egiten saiatzeko», betiere «seriotasunez eta diskrezioz, presarik gabe, baina gelditu gabe». Hori esan eta urtebetera, gaurko politika orokorreko osoko bilkuran, Pradalesek esan du alderdien arteko bileretan «modu positiboan» egin dela aurrera, baina bidea ez dela oraindik amaitu. Alderdi guztiekin —Voxekin salbu— egindako bilera sortan jasotako informazioarekin ezarri du esparru hori.

Sorta horretan, era berean, jakin du alderdi gehienek nahi dutela «Gernikako Estatutuaren karpeta itxi dadin», hau da, estatutua osatzea. Horrek bide emango lioke «beste itun baterako urratsak» egiten hasteari, azaldu duenez. Eta horra iritsita, Jaurlaritzako lehendakaria estatutu berri horrek izan beharko lituzkeen osagaiak zerrendatzen hasi da: «Euskal nazioaren singulartasuna aitortza; estatuarekiko aldebiko harremanetan sakontzea; eskumenek dituzten bermeak indartzea; gaitasun politiko berriak lortzea; nazioarteko foroetan Euskadik parte hartzea, eta Euskadiren etorkizun politikoa erabakitzeko mekanismoak eskuratzea».

Halaber, Pradalesek jakinarazi du EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren arteko negoziazioak aurrera jarraitzen duela. «Seinale ona da; arduraz eta zorroztasunez, horretan jarraitzea espero dut». Baina, edonola ere, Pradalesek lau erronka zerrendatu ditu autogobernuari loturik: lehenik, Gernikako Estatutua osatzea; autogobernua Europako errealitatera egokitzea; aurrez aurre dauden erronka handiei erantzuteko gaitasun politiko berriak eskuratzea; eta, azkenik, itun politiko berri baten negoziazioan aurrera jarraitzea, «autogobernuan jauzi kualitatiboa emateko». Erronka horiek ez ei dira soilik gobernuarenak, ezta alderdienak ere: «Herrialdearen erronkak dira», esan du Pradalesek. «Gurea ez badugu guk defendatzen, ez du beste inork defendatuko», gaineratu du.

Betebehar historikoa

Lehendakariak ez du estatus berria kontzeptua aipatu hitzaldian, baina alderdiak, erakundeak, eragile sozialak eta ekonomikoak deitu ditu «gure etxea gobernatzeko gure ahalmena indartzera, eta denen artean lortzera gure autogobernuaren ahalmena zabaltzea». Azpimarratu du «konpromisoa» dela hori, «iraganetik jasotako konpromisoa». Uste du autogobernua zabaltzea eta hura indartzea «betebehar historikoa» dela.

Pradalesek bere hitzaldia abiatu du Jose Antonio Agirre lehendakariak 1956an Parisen antolatu zuen nazioarteko kongresuari erreparatuz, eta bukaeran ere Agirreren esanetara jo du. 1956ko hitzaldian hitz hauek esan zituen lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Kongresu honen aholkua da pasioak ez amorratzea, euskal demokraten adiskidetzan orbana ekar lezakeelako horrek, haien arteko loturak ahulduz. Ez gorrotoa, ezta ezinikusia ere, ez dute lekurik izan euskaldunon moralitatean».

«Batzuek jarraitzen dute indarkeria guztiak gaitzesteko pausoa eman gabe, euren iraganaren huts onartezin eta ankerrengatik barkamena eskatu gabe»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Hitz horiei buruz hauxe izan da Pradalesen hausnarketa: «Gerra eta heriotza pairatu ondoren, zenbateko indar morala eduki behar den esaldi hori ahoskatzeko». Eta, segidan, ezker abertzaleari gogor eraso dio: «Herri honen gehiengoak ez zuen inoiz ere galdu belaunaldi horren gida. Horregatik, basakeriari aurre egin zion, Francori, ETAren terrorismoari eta estatuarenari. Eta, horregatik, gai izaten ari gara berriro bizikidetza eraikitzeko. Nahiz eta batzuek jarraitzen duten Agirreren hitzen legatu etikoa eta morala bere egin gabe. Jarraitzen dute indarkeria guztiak gaitzesteko pausoa eman gabe, euren iraganaren huts onartezin eta ankerrengatik barkamena eskatu gabe, pentsatuz denborak ahanztura ekarriko duela».

Espainiako Gobernuari abisua

Horrez gain, Pradalesek bere hitzaldiaren zati handi bat erabili du gogoratzeko Gernikako Estatutua osatzeko Pedro Sanchez presidenteak zuen konpromisoa ez dela bete oraindik. «Gaur egun, eztabaida gai nagusia da eskumen horiek benetan nola gauzatuko diren, zer eginkizun izango ditugun, zer giza baliabiderekin, edota zer baliabide materialekin. Baina, batez ere, galdera nagusia da ea nola finantzatuko diren». Eta ohar argia egin dio Madrili: «Transferentziak benetan transferitu behar dira. Ez dugu onartuko gure parte hartzea lan administratibo eta burokratikoetara bakarrik mugatzea. Finantzaketaren kudeaketak ere gure esku egon behar du».

«Garai ilunak datoz Espainiako politikan, eta gerta liteke gure nortasuna ukatzen duten horiexek hartzea boterea; eta suntsitu egingo dute, ahal badute, hainbeste hamarkadatan eraiki dugun hori»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Edonola ere, Jaurlaritzako lehendakariak badaki Espainiako legealdia azken txanpan dela, eta gero eta argiago sumatzen den arriskuari buruz hitz egin du, hau da, eskuin muturra izan du hizpide: «Garai ilunak datoz Espainiako politikan, eta gerta liteke gure nortasuna ukatzen duten horiexek hartzea boterea; eta suntsitu egingo dute, ahal badute, hainbeste hamarkadatan eraiki dugun hori». Horregatik, Sanchezi eskatu dio elkarri bostekoa emateko, behin Gernikako Estatutua osatzeko ituna beteta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA