Lehendakariak jakinarazi du sindikatuek abisua eman diotela: «Urte mugitua dator»

Jaurlaritzako lehendakariak esan du «herri honek» ez duela merezi «inora ez daraman konfrontaziorik». Sindikatuei eta patronalari dei egin die «arduraz eta eskuzabal» aritu daitezen.

Pradales bere hitzaldia hastera doala, gaur. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales bere hitzaldia hastera doala, gaur. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 17a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badakit datorren urtea mugitua izango dela. Horrela aurreratu didate sindikatuek. Baina herri honek ez du horrelakorik merezi. Inora ez daramaten konfrontazio edo blokeo dinamikak saihestu behar ditugu». Inflazioa berriro inoiz baino gorago doan honetan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ez du nahi lan gatazkak ugaritzerik, eta, horregatik, sindikatuei eta patronalari esan die «arduraz eta eskuzabal» jokatzeko.

Hala ere, Jaurlaritzak «absentismoa delakoaren gainean» egiten ari den lanaren «emaitzak» aurkeztuko ditu datorren lauhilekoan. Pradalesen nahia da ondorioak «elkarrizketaren bidez» mahaigaineratzea, sindikatu eta enpresekin «herri akordioa lortzeko». Zergatik? «Euskadik ezin duelako rankingaren lehen postuetan jarraitu. Geure etxeari harriak botatzen ari gara». Absentismoaz aritu bezain laster, Gutxieneko Lanbide Arteko Soldata hartu du ahotan Pradalesek. Alor horretan ere aurrera egitea da gobernuaren betebeharra, haren arabera. «Eragileei zuzen-zuzenean esan diet prest gaudela beti elkarrizketa sustatu eta akordioak errazteko».

Zaindu gazteak

Baina emaitzak lortzeko bi aldeak mahai berean jesartzea ezinbestekoa da: sindikatuak eta patronala. «Marra gorririk gabe», lehendakariak zehaztu duenez, «ados jartzeko borondate zintzoarekin, eta aitzakiak alde batera utziz». Aldi berean, gazteen lan baldintzek eta soldatek kezkatzen dute Pradales. «Askotan ez dira bidezkoak», esan du, eta ziurtatu hala esan diela «behin baino gehiagotan» enpresen ordezkariei: «Zaindu gure harrobia; zaindu gure gazteak. Eskaini baldintza eta ibilbide profesional erakargarriak bizi proiektuak ilusioz garatu ditzaten. Etxe bat eskuratzeko, familia bat sortzeko, egonkortasuna bermatzeko edota denbora libreaz disfrutatzeko». Gazteen lan baldintzak «lehen lerrora» ekarriko dituela agindu du Pradalesek, eta enpresen «inplikazio zuzena» eskatuko du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA