Pradalesek 'Gernika' lekualdatzea defenditu du: «Erreparazio sinboliko eta politiko bat litzateke»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Sanchezekin izandako bileran jorratu du gaia. Zehaztu du ez dutela koadroaren egoeraren inguruko azterketa bat eskatu, hura mugitzeko beharrezko baliabideen inguruko analisi bat baizik.

'GERNIKA'
Picassoren koadroa, artxiboko irudi batean, Reina Sofia museoan. CHEMA MOYA / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko martxoaren 27a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak aste hasieran jakinarazi zuen Pablo Picassoren Gernika koadroa behin-behinean Guggenheim museora lekualdatzeko eskaera egin diola Espainiako Gobernuari, eta auzi hori ere hizpide izan dute gaur Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Jaurlaritzako lehendakariak uste du «erreparazio sinboliko eta politiko bat» litzatekeela, eta gehitu du bi aldeak gaiaz hitz egiteko prest daudela.

Bi argudio nagusi ditu Jaurlaritzak Gernika Euskal Herrira lekualdatzeko, behin-behinean bada ere. Batetik, lehen Eusko Jaurlaritzaren eta Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenak izango direla hurrengo urte politikoan. Bestetik, gerra ugari piztu diren garai honetan, nazioarteari bakearen aldeko mezu bat bidaltzeko balio dezakeela. Eta biak uztartuta: «Garai geopolitiko honetan, halako aitortza batek balioko luke gerren eta diktaduren gehiegikeriak zer dakarren adierazteko».

Horretarako, zehaztu du lehen asmoa dela koadroa mugitzeko aukeren gaineko azterketa bat egitea. Izatez, Reina Sofia museoak —han dago koadroa— haren egoeraren gaineko azterketa baten berri eman du, eta hura mugitzearen kontra azaldu da. Pradalesek, baina, erantzun du artelanaren egoeraren inguruan museoak esaten duena ez dela berria, eta Jaurlaritzak bestelako azterketa bat eskatu duela. Koadroaren egoerari begiratu beharrean, hura kaltetu gabe nola mugitu daitekeen aztertzeko eskatu du: «Egin dezagun azterketa posibilista bat, jakiteko zer teknika, baldintza eta teknologia behar diren Gernika behin-behinean lekualdatzeko eta horrek zenbateko kostua izango lukeen».

Horrez gainera, Pradalesek adierazi du, Reina Sofiak esan dezakeena albo batera utzita, eztabaida bi gobernuen artekoa dela, auzia «beste negoziazio maila» batean dagoelako. Hau da, negoziazio politikoa dela. Hala, uste du ezin zaiola koadroa Bilbora eramateko aukerari atea besterik gabe itxi. «Akats politiko larria litzateke».

Horiek hala, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Ibone Bengoetxeak eta Espainiako Kultura ministro Ernest Urtasunek konpromisoa hartu zuten auziaren inguruan hitz egiten jarraitzeko. Hurrengo elkarrizketa Aste Santuaren ondoren egitekoa dute, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!