Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek irmo defendatu dute espetxeen kudeaketa beren gain hartu zutenetik urratzen ari diren bidea. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berretsi du euskal presoen kasuan ez dagoela pribilegiorik, «baizik eta legearen eta [Espainiako] Konstituzioaren babesaz hartutako neurriak».
Azken asteetan Espainiako eskuinak eta zenbait hedabidek hauspotutako eztabaidaren harira, Alderdi Popularrak Eusko Legebiltzarreko gaurko kontrol saioan egindako galdera bati erantzun dio Pradalesek, eta auzia «manipulatzeari» uzteko eskatzearekin batera, espetxe sistemaren funtzionamendua xehatu du, labur-labur: «Teknikoek txosten pertsonalizatu bat egin, tratamendu batzordera eraman, eta espetxe sistemako funtzionarioek osatzen dute hura. Legearen kontrolpean dago, Ministerio Fiskalaren edo Espetxe Zaintzako Epaitegiaren bitartez, eta azken hitza epaile batek du».
Gauza bera egin du Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak ere. Hark, Voxi erantzunez, espetxeetako legediaren beste adar bati heldu dio, graduen sailkapen sistemari: «Lehen gradua, bigarrena, hirugarrena eta, azkenik, baldintzapeko askatasuna». Gradu horietako bakoitzak bere baldintzak dituela azaldu du, eta presoak «espetxe tratamendu indibidualizatu» baten arabera sailkatzen direla. Era berean, azaldu du bigarren graduan dauden presoei 100.2 artikulua aplikatu ahal zaiela, «espetxe barruan bete ezin den plan bat» garatu ahal izateko: «Aske bizitzeko prestatzea du helburu».
«Legea betearaztea dagokit, ez pertsonak berriro epaitzea»
MARIA JESUS SAN JOSEEusko Jaurlaritzako Justizia sailburua
Horiek hala, San Josek adierazi du legea argia dela: «Guk legea bete behar dugu, eta preso bakoitzari dagokion sailkapena ezarri, betiere horretarako baldintzak betetzen badira». Horregatik, San Josek eta Pradalesek kritikatu egin dute PPk eta Voxek euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe arauak «pribilegioak balira bezala» saltzea, eta bi talde politiko horiei gogoratu diete legez edozein pertsonari dagozkion eskubideak daudela tartean. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogorarazi du euskal presoek beste edozein presoren eskubide eta betebehar berak dituztela.
Biktimenganako errespetua
Argibideak ematearekin batera, Pradalesek PPri galdegin dio manipulazioa baztertu dezala eta errespetatu ditzala bai Eusko Legebiltzarra eta bai biktimak. «Zabaltzen ari zareten mezuek biktimak berriro biktimizatu baino ez dute egiten. Eskatzen dizuet hori ez egiteko, haiek baitira kaltetuenak; nahikoa galdu dute jada», adierazi du. San Josek Pradalesen argudioak berretsi ditu, eta argitu erabakiak «legeari jarraituta eta irizpide moralik eta etikorik gabe» hartzen direla: «Biktimen mina arintzeko lanean ari gara, baina ezin diogu bizkarra eman legeari». Halaber, PPren eta Voxen jarrera kritikatu du, «gorrotoa eta erremina legearen gainetik jartzen saiatzeagatik». «Legea betearaztea dagokit, ez pertsonak berriro epaitzea», argitu du San Josek. Hala, Justizia sailburuak ohartarazi du ez duela onartuko inork ere ez zalantzan jartzea biktimekin duten «konpromiso irmoa».