Gernikako Estatutua osorik betetzeko oraindik egin beharreko transferentzien inguruan abisu eman du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek: denbora aurrera doa, Espainiako Gobernuarekin hitzartutako epemuga gero eta gertuago dago, baina «negoziazioa ez doa behar bezain azkar». Abenduaren 31n amaitzen da EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako ituna betetzeko tartea, baina Pradalesek ziurtatu du Madrilen badirela «erresistentzia ulertezinak», eta mezu zuzena igorri dio Sanchezen gobernuari: «Konfiantza sortzea zaila da, baina galtzea, erraza».
Euskadi etorkizunerantz jardunaldia zabaldu du Jaurlaritzako lehendakariak gaur, eta helarazi du Madrilgo gobernua ez dela ari beharko lukeen abiaduran Gernikako Estatutuaren eskumen guztiak garaiz eskualdatzeko, EAJren eta PSOEren akordioa bete dadin. Ziurtatu duenez, «Euskadik estatuarekin dituen harremanak politikaren funtsaren gainean eraiki dituzte: paktuaren espirituan».
Hori horrela, berretsi du Gasteizko gobernuak Estatutua osatzeko xedea duela, eta EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzaren Gobernu Programan jaso zutenaren araberakoa izan behar duela horrek. «Maiz ahaztu egiten da euskal gizartearen gehiengo batek berretsi zuela Estatutuak islatzen duen itun politikoa, eta ahaztu egiten da, era berean, betetzen ez duenak ez duela borondate hori errespetatzen, eta balio demokratikoen aurka doala».
Zor historikoa
Eta, hori esanda, Espainiako presidentearekin egindako negoziazioei erreparatu die: «Aurreko uztailean» Sanchezi bere gobernuan «ordena jarri» behar zuela esan zion Pradalesek aurrez aurre, transferentziak egiteko prozesua azkartu zedin. «Gerora erritmo biziagoa eskatu nuen, eta, duela bi aste, publikoki gogorarazi nion Euskadirekiko zor historikoa kitatu duen presidentea bihurtu zitekeela».
«1982tik izan dugu pazientzia; orduan hasi ziren euskal autogobernua mugatzen, eta horrela jarraitu dute gaur arte. Leialak gara, eta leialtasun bera eskatzen dugu»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Baina Pradalesek ez du uste Sanchez titulu hori eskuratzeko tenorez denik gaur egun: «Konfiantza sortzea zaila da, baina galtzea, erraza», esan du: «Urtea amaitzera doa, eta negoziazioa ez doa aurrera behar bezain azkar. Erresistentzia politikoak eta administratiboak daude, baina modu errazean gainditu daitezke».
Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, euskaldunak «pazientzia handikoak» dira: «1982tik izan dugu pazientzia, LOAPAren [Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoaren] urtetik; orduan hasi ziren euskal autogobernua mugatzen, eta horrela jarraitu dute gaur arte. Leialak gara, eta leialtasun bera eskatzen dugu; gogoratu beharrik ez dago: itunak betetzeko daude». Pradalesek berak argi adierazi du pazientzia handia duela, segidan hau esan baitu: «Haren hitzean sinesten dut oraindik, baina epemuga gero eta gertuago dago, eta horri erreparatu behar diogu».