Aurten ere dozenaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte euskal presoen eskubideen defentsan, Sare Herritarrak deituta. Sarek urteak daramatza urtarril hasierako manifestazioa antolatzen, baina elkartekoek uste dute «azken txanpara» iritsi direla, gaur egungo «egoera bidegabea» ezin dela gehiago luzatu, eta badela garaia «gatazkaren ondorio guztiak itxi eta bukatzeko». Horregatik, Ezin da gehiago luzatu izan da aurtengo leloa.
Horixe adierazi dute Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Bego Atxak, manifestazioaren amaieran egindako berbaldian: «Egoera hau ezin da luzatu; konponbidea behar du, orain. Giza eskubideen urraketaz ari gara, bidegabekeriei eta salbuespen legeei bukaera emateaz». Azken urteotan egindako aurrerapenak nabarmendu dituzte Azkarragak eta Atxak. Esan dutenez, euskal presoak urruntzeko eta sakabanatzeko politikak «atzean» geratu dira, bai eta euskal presoei espetxe zigorrak lehen graduan betearazteko politikak ere. «2014an jarri genituen helburuak lortzen ari gara: euskal presoen eskubideen urraketa bukatzea eta haiei espetxe legeria arrunta aplikatzea, etxera itzultzeko aukera izan dezaten».
Baina, ohartarazi dutenez, prozesua ez da bukatu, eta euskal presoei «salbuespenak» ezartzen dizkiete oraindik ere, «legeen arloan, arlo judizialean eta arlo politikoan». Horiek bertan behera uzteko eskatu dute: «Gizarte demokratiko batek ezin du ukatu euskal presoek eskubidea dutela euren bizitza normalizatzeko, ziegetatik ateratzeko, zigorrak erregimen irekian betetzeko, edo, besterik gabe, etxera itzultzeko».
Kritikatu egin dituzte «espetxeetako eskubide urraketari eusten» tematzen direnak, bai eta estrategia «mendekuan eta gorrotoan» oinarritzen dutenak eta «besteei autokritika eskatu bai baina beren buruaren autokritika egiteari uko egiten diotenak» ere.
«Espetxean dauden preso ugari etxean egongo lirateke salbuespen neurririk ezarriko ez baliete»
JOSEBA AZKARRAGA Sareren bozeramailea
Biktimak ere hizpide izan dituzte Azkarragak eta Atxak euren hitzaldietan. Esan dutenez, biktimek «begirunea eta aitortza» behar dute, eta haien sufrimendua ezin da «gutxietsi» edo «interes alderdikoien arabera» erabili. Baina «biktima guztiak» aintzat hartzeko eskatu dute, «ikusezin» bilakatu nahi dituztenak ere bai: torturatuak, Poliziak hildakoak eta «mendekuan oinarritutako espetxe politikaren ondorioz» zendutako 35 preso eta 16 senideak. «Urraketa horiek azaleratu, eta egileak oraindik ere babesten dituen inpunitatea bukatu behar da».
Aurrerantzean ere presoen eskubideen alde jarduteko deia egin diete Bilbon bildutakoei: «Prozesu luze eta neketsu baten azken txanpan gaude. Guztion ahaleginarekin baizik ez dugu lortuko ziegetako ateak irekitzea eta presoak etxera itzultzea. Eta posible da, espetxe politika arrunta aplikatzen bada».
Adar hotsekin batera
Adar hotsek ezarri dute manifestazioaren hasiera, eta 17:08an abiatu da mobilizazioa Casilla plazatik. Buruan, joaldunak eta buruhandiak zihoazen; atzean, zenbait lagun, presoak etxeratzeko ikurra eta Etxera aldarria agerian zituen olana handi batekin; eta, haien ostean, pankarta nagusia. Zenbait lagun ezagunek eusten zioten pankartari: han zeuden Arantxi Padilla kazetaria, Olatz Iglesias psikologoa, Amaiur Iragi preso baten senidea, Rosa Rodero ETAren biktima, Ixone Fernandez Espainiako Estatuaren biktima, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidentea, Fuad Baker legelari palestinarra, Garazi Hanch Embarek ekintzaile sahararra, Xabier Amuriza, Xabat Illarregi eta Aitor Etxeberriazarraga bertsolariak, Francis Diez Doctor Deseo taldeko abeslaria eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria.
Euskal gizartearen ordezkaritza zabal batek lagundu die pankartari eusten ziotenei. EH Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu indar politikoetako ordezkariekin, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuetakoekin, eta nazioarteko ordezkaritzetako kideekin batera, han zeuden Andoni Aizpurua kazetaria, Estitxu Garai EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea, Ane Lindane umorista, Jon Maia bertsolaria, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu ohia, Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailea, Felix Cañada abokatua eta abar.
Atzean, euskal presoen senideak zihoazen, Etxerat elkarteko zapia lepoan, eta, haien buru, seniderik gazteenak, Ezin da belaunaldietan luzatu leloa idatzia zuen pankarta bat eskuetan.
«Presoen eskubideak bete daitezela eskatzea aldarri demokratiko bat da, eta horretan jarraituko dugu»
BEGO ATXA Sareren bozeramailea
Txalo eta oihu artean iritsi da manifestazioa Zabalburu plazara. Han, lehenengo iritzia eman dute Atxak eta Azkarragak. «Urraketak salatzea eta presoen eskubideak bete daitezela eskatzea aldarri demokratiko bat da, eta horretan jarraituko dugu egoera konpondu arte», azaldu du Atxak. Azkarragak, berriz, erantsi du presoak legea aplikatuz etxeratzea eta biktima guztiak salbuespenik gabe aintzat hartzea funtsezkoak direla bizikidetzarako: «Espetxean dauden preso ugari etxean egongo lirateke salbuespen neurririk ezarriko ez baliete».
Arraunak eta bengalak
Hurtado Ametzaga kalera iristean, horiz jantzitako zenbait lagun zegoen kalearen bi aldeetan, arraunak eskuetan eta bengalak pizturik, uztailaren 10ean eta 11n presoen eskubideen alde Plentzian (Bizkaia) antolatuko den XIII. Itsas Martxa iragartzeko. Aurrerago, Ernai gazte erakundeko kideak zeuden, horiek ere bengalak eskuetan, Iraganera iltzatuta biziko den azken belaunaldia leloa irakurgai zuen pankarta batekin. Plaza Biribilean ere bazeuden manifestari taldeak, Palestinari eta Venezuelari elkartasuna adierazten zien pankarta batekin.
Amaiera ekitaldian, Nafarroako eta Bizkaiko bertso txapelketetan garaile izandako bertsolariak aritu dira bertso kantari; hau da, Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarraga. Pantxoa Karrere eta Olaia Inziarte abeslariek eman diote bukaera ekitaldiari, Azken dantza kantuarekin.