Bilbon bildutako milaka lagunen «aniztasun ideologikoa» nabarmendu du Sarek

Atxak eta Azkarragak adierazi dute pozik daudela azken urteetan egindako bidearekin, eta aurtengo helburua «salbuespen politika guztiak amaitzea» dela.

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, atzo, Bilbon. JON URBE / FOKU
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, atzo, Bilbon. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 11
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare Herritarrak deituta, milaka lagun elkartu ziren atzo Bilbon, eta haien «aniztasun ideologikoa» azpimarratu du euskal presoen aldeko eragileak: «Jende horiek, beren jarrerarekin, adierazi zuten ez duela axola norekin zoazen, baizik eta garrantzitsuena giza eskubideen defentsa dela, eta hor demokrata guztiok egin behar dugula topo».

Sareko bozeramaileek, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak, manifestazioaren balorazioa egin dute gaur, eta adierazi dute ezen, urtez urte milaka pertsonak euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politiken amaiera «modu baketsu eta demokratikoan» aldarrikatzen badute, pentsatzekoa dela ez daudela oker.

Mobilizazioaren amaieran aipatutako ideia bat nabarmendu dute: egindako bidearekin pozik egoteko unea dela, batez ere azken hiru urteetakoarekin, besteak beste bide hori «Euskal Herriko gehiengo politikoaren, sindikalaren eta gizarte zibilaren zati handi baten adostasunarekin» egin dutelako. «Hau da jarraitu beharreko bidea».

2026. urterako helburu bat ere ezarri dute, «salbuespen politika guztiak amaitzea», eta esan dute horretarako esparru politikoan eta judizialean «jarrera aldaketa» eskatzen segituko dutela. «Jada zaharkituta dauden legedien bidez aplikatzen dira salbuespenak, hala nola berrogei urterainoko askatasun gabetzearen kondenak; epaile eta fiskalen jarrerak, errebantxak baino gehiago justiziak gidatuta, eta espetxeetako eguneroko bizitzan euskal presoak euskal espetxe eredua deitu denaren xede izateko beharra». Horregatik, espetxe politika humanistan eta salbuespenen amaieran oinarritutako eredu bat aldarrikatu du Sarek.

Ikusi gehiago

Amaitzeko, eskakizun horiek guztiak nola islatu asmo dituzten azaldu dute Atxak eta Azkarragak: «Gizarte zibila protagonista izango duten ekimenen bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.