Protestak Eusko Legebiltzarraren atarian: merkurioa eta giroa, gori-gori

Politika orokorreko bilkurak iraun duen bitartean, askotariko protestak izan dira Eusko Legebiltzarreko inguruetan. Ozen entzun dira Gasteizko lorezainen, Palestinaren aldekoen, pentsiodunen eta LAB sindikatuaren aldarriak.

Imanol Pradales lehendakaria gaur goizean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren protestaren aurretik igarotzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales lehendakaria gaur goizean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren protestaren aurretik igarotzen. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko irailaren 18a
15:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarreko lau hormen artean eztabaida politikoa izan den bitartean, kalean ozen entzun dira aldarrikapenak. Tenperaturak gora egin duen modu berean berotu da giroa ganberaren kanpoaldean, goiz-goizetik. Pankartak eta banderak eskuetan, oihu eta burrunba eginez, lau haizeetara zabaldu dituzte euren mezuak greban diren Gasteizko lorezainek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Administrazio Publikoko LAB sindikatuak eta Gazarako Mugimendu Globalak. 

Ia aldi berean egin dituzte protesta gehienak, eta ugariak izan dira elkarren arteko babes eta animo keinuak txalo edota leloen bitartez. «Gora pentsiodunak!», oihu egin dute LABeko kideek legebiltzarrera iritsi direnean, eta txaloekin eta animo mezuekin animatu dituzte pentsiodunek sindikalistak. Palestinaren aldeko protestara batu dira gero batzuk zein besteak. 

Mobilizaziorik zaratatsuena Palestinaren aldekoa izan da. Palestinaren Aldeko Borroka Eguna da gaur, eta Gasteizen, Bilbon eta Iruñean deitu dituzten protesten artean Arabako hiriburukoa izan da goiztiarrena. Gazarako Mugimendu Globalak eta Global Sumud Flotillak deituta, ehunka lagun bildu dira 13:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean. 

Palestina-Eusko Legebiltzarra
Palestinaren aldeko protesta, eguerdian, Eusko Legebiltzarraren inguruan. RAUL BOGAJO / FOKU

«Ez da gerra bat, genozidioa da», «Boikot Israel» eta «Palestina askatu» oihukatzen zuten bitartean, dozenaka lagunek giza kate batekin inguratu dute Eusko Legebiltzarra. «Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek Israelekin dituzten harreman politiko eta ekonomikoak eten ditzatela eskatzen dugu, genozidioa behingoz gelditzeko», azaldu dute Agus Gorbeak eta Pili Revillak Gazarako Mugimendu Globaleko ordezkariek. Haien ustez, Eusko Legebiltzarra ez da nahikoa egiten ari «basakeria» amaitzeko.

«Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek Israelekin dituzten harreman politiko eta ekonomikoak eten ditzatela eskatzen dugu, genozidioa behingoz gelditzeko»

AGUS GORBEA Gazarako Mugimendu Globala

Goizean, osoko bilkuraren hasieran, Imanol Pradales lehendakariak minutu bateko isilunea eskatu du Palestinaren alde, baina Gazarako Mugimendu Globaleko kideen ustez, «itxurakeria» eta «hipokrita» izan da keinu hori. «Gazako genozidioa salatzen dute, baina, aldi berean, CAFek eta halako enpresek akordio ekonomikoak dituzte oraindik Israelekin», gaitzetsi dute. 

«Presio» egingo dute

Palestinaren aldeko protestaren aurretik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak agerraldia egin du Eusko Jaurlaritzak pentsioen osagarriari atea itxi nahi diola salatzeko. Hilaren 25ean erabakiko du Eusko Legebiltzarrak pentsiodunen mugimenduak osagarri hori sortzeko aurkeztu duen herri ekinaldi legegilea (HEL) tramiterako onartzen duen ala ez, eta pentsiodunek jakinarazi dute ez dutela etsiko EAJren eta PSEren jarrera aldarazi arte. Hala, bilera eskatu diete bi alderdi horiei hurrengo asteko eztabaidan herri ekinaldi legegilea tramiterako onar dezaten konbentzitzeko. «Ekinaldia tramiterako onartzeari bide eman diezaiotela baino ez diegu eskatzen», azpimarratu dute.

«Legebiltzarrak ezin dio atea itxi diru sarrera nahikorik ez duten ia 100.000 pentsiodunen bizi baldintzak hobetuko dituen eztabaidari»

EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNEN MUGIMENDUA 

Izan ere, pentsiodunen ustez, «zentzugabekeria» da baldintza guztiak bete eta babes zabala duen herri ekinaldi legegile baten tramitazioa blokeatzea, eta «herriari hitza kentzea». «Legebiltzarrak ezin dio atea itxi diru sarrera nahikorik ez duten ia 100.000 pentsiodunen bizi baldintzak hobetuko dituen eztabaidari». Hala ere, uste dute hemendik eta herri ekinaldi legegilea eztabaidatzen duten egunera arte badela denbora aski eztabaida bideratzeko. Hain justu ere, eztabaida hori gerta dadin «presio egiten» jarraituko du pentsiodunen mugimenduak, besteak beste, mobilizazioaren bidetik. 

LABen protesta Eusko Legebiltzarrean
Administrazio publikoa euskalduntzeko eskatu du LABek manifestazio batean. RAUL BOGAJO / FOKU

Pentsiodunak euren aldarrikapenen berri ematen ari ziren bitartean iritsi da Eusko Legebiltzarreko atarira administrazio publikoaren euskalduntzea exijitzeko LABek deitutako manifestazioa. Euskara esparru publikoan jasaten ari den «atzerakada eta larrialdi egoera» salatu eta administrazio publikoaren euskalduntzeak «segurtasun juridikoa» behar duela esan du Xabier Ugartemendia LABeko zerbitzu publikoetako arduradunak. Euskararen aldeko aterpe juridiko hori exijitzeko «ofentsibara» igaroko direla iragarri du LABek.

Gasteizko lorezainek ere euren aldarria eraman dute legebiltzarreko atariraino: gogoratu dute aurki greban sei hilabete beteko dituztela lan baldintzak duintzearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.