Nola definitu bi hitzetan euskal alderdietako buruzagi politiko batzuk? Aitor Esteban: «Bozeramaile bikaina [Espainiako] Kongresuan, baina oraindik, EAJren lider gisa agertzeko zain». Arnaldo Otegi: «Entzun nahi dudan pertsona bat; harekin elkarrizketa gogor bat edukiko nuke». Eneko Andueza: «Rocky Balboa. Beti borrokan». Ivan Redondok egin du ariketa gaur goizean Bilbon, Gran Via foroan eginiko hitzaldian.Â
2017 eta 2021 bitartean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kabineteburu izandako aholkulari politiko donostiarra da Redondo, eta haren hitzaldia ispilu batekin ikustekoa da; hizlariari berari erreparatzeko, baina, aldi berean, hura entzutera joandakoak zerrendatzeko. Eta baten batek Redondo entzunaz muturra nola okertzen duen ikusteko. Izan ere, edonork ez ditu mahai baten bueltan biltzen EH Bilduko idazkari nagusia eta Eneko Andueza PSE-EEkoa. Aitor Esteban EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea falta zen argazkian —Sabino Arana fundazioaren mintegi batean hitz egitekoa zen ordu berean—, baina Iñigo Ansola EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak hartu du Estebanen kafea Otegiren eta Anduezaren mahaian. Gainerako mahaietan, BBK aretoa beteta, Unai Sordo CCOOko Espainiako idazkari nagusia, Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Estitxu Garai EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea, Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatu ohia, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidente ohia, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua... Esan duenaz harago, interesgunea izan da Redondo entzutera nor joan den. Enric Juliana La Vanguardia egunkariko kazetariak aurkeztu du hizlaria.

El Manual liburua argitaratu berri du Redondok; hedabidez hedabide dabil hura aurkezten, eta auzitegiak PSOE estu hartzen ari direnean eman du hitzaldia. Espainiako politikagintzaren azterketan mugitzen da erosoen Redondo, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ez aurreratzearen alde egin du. Are: Aitor Estebani eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari ohiari kritika egin die, biek adierazi baitute legealdia amaitutzat emateko garaia dela: atzo, El PaĂs egunkarian idatzi zuen Urkulluk, eta, gaur bertan, Estebanek esan du «interes orokorrak» eskatzen duela bozetara deitzea. «Estebanek egiten dituen gauza batzuk ez ditut ulertzen. Ez dut ulertzen esatea hauteskundeak aurreratu behar direla. Harritzen nau. Udal hauteskundeetara indartsu joateko oinarriak izanik, gauza batzuk ikusten ari naiz inoiz ikusi ez ditudanak, niretzat top diren pertsonen aldetik, baina ez ditudanak ulertzen».
2027ko uztailak 18
Bozketaren garaia iristen denean, ordea, zer aukera ditu Sanchezek egun Espainiako Kongresuan duen gehiengoari eusteko? Batetik, Redondok uste du Sanchez boto kopuruan irabazteko gai dela, eta «Espainia oso berdinduta» dagoela. Bozen data sinboliko bat ere iradoki du: «Zergatik ez 2027ko uztailaren 18an?». 1936ko egun horretan matxinatu ziren Espainiako II. Errepublikaren kontra.
Pasadizo bat kontatu du Redondok: «2013an Simon Peres ezagutu nuen. Kontatu zidan bere taldean bi pertsona maitemindu zirela, gizon bat eta emakume bat. Egunero, gizonak gutun bat bidaltzen zion emakumeari. Norekin geratu zen andrea? Postariarekin». Ondorioa: «Ez onartu bitartekaririk. Lotura landu. Pedro Sanchez eta [PSOEren] militantzia, Sanchez eta espainiarrak».
Euskal politikari begira, Redondok nabarmendu du EAJk asko duela jokoan udal hauteskundeetan, eta Donostian «belaunaldi erreleboa ulertu» duela alderdiak, Jon Insausti alkate jarrita. Ez du espero aldaketa handirik Gasteizen eta Bilbon, baina ez da busti Gipuzkoako hiriburuan egon daitekeen emaitzarekin, eta, lider politikoen definizio motzean, Denis Itxaso «etxebizitzarako alkate» izendatu du. Bestalde, Urkullu bere garai onenean nola, halaxe dago Pradales, haren ustez, eta «epe motzera» ez du irudikatzen EH Bildu Jaurlaritzako lehendakaritzan.