Aurreko larunbatetik hasita, martxan da Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatzen duten VIA sozietateak Ryanairri emango dion 7,1 milioi euroko laguntza, hegazkin konpainiak Forondako aireportuan (Araba) jardun dezan. Bada, ordainketa hori deitoratu du Jauzi Ekosoziala taldeak, eta eskatu du berehala bertan behera uzteko.
Uztailean sinatu zuten Forondako aireportua nazioartean sustatzeko sozietateak (VIA sozietatea) akordioa Ryanair hegazkin konpainia irlandarrarekin, 2025eko azaroaren 1etik 2027ko urriaren 31ra, hau da, bi urtez, Forondako aireportutik hegaldiak sustatzeko, zazpi milioi euroren truke; beste urtebete luzatzeko aukera jasotzen da akordioan. Hitzarmen horren helburua da Araba eta Gasteiz norako turistiko gisa sustatzea nazioartean. Hirugarren aldia da bi aldeek halako hitzarmen bat sinatzen dutena, eta horrez gain urtean beste 1,5 milioi euro emango dizkio sozietateak Ryainarri, «kontsolidaziorako promoziozko aurrekontu» kontzeptuarekin.
Jauzi Ekosoziala taldeko kideek gogorarazi dute hegazkina dela karbono isuri gehien sortzen dituen garraiobidea; hori dela eta, haien arabera, bidaiatzeko modu hori sustatzeak karbono isuriak handitzen ditu: «Klima larrialdiari aurre egin nahi badiogu, argi dago hegaldi kopurua murriztu behar dugula, eta, horregatik, onartezina iruditzen zaigu larrialdi betean erakunde publikoek hegaldiak diruz laguntzea».
Hegaldiak sustatzeak bestelako eraginak sortzen dituela ere nabarmendu dute, turistifikazioa, esaterako: «Kontuan hartu behar dugu EAEko hainbat hiri eta herri hasi direla dagoeneko gehiegizko turistifikazioaren ondorioak jasaten, eta horrek, bereziki, etxebizitza eskubidean ipintzen ditu trabak. Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritza turistei bidaia merkatzen dabil, eta, beraz, gure hirietan gero eta etxe gehiago etxebizitza turistiko bihurtzeko modua ematen du».