Nork maite du bere burua biktimatzat hartua izatea? Ez, ez da erraza onartzea: bai, torturatu gintuzten; polizia desberdinen basakeriak biktima bihurtu gintuen. Batzuek salatu genuen, beste batzuek ez genuen indarrik izan horretarako, eta beste batzuek bizitza galdu zuten euren torturatzaileen eskuetan.
Milaka lagun, milaka bihotz, milaka errealitate desberdin, hari mingarri eta latz batek lotuak: tortura.
Urteak eman ditugu pairatutakoa guretzat gordetzen; batzuek sendatzen saiatzen, beste batzuek zamarekin bizitzen ikasten. Baina, modu batera edo bestera, gure barnean gordeta eraman dugu min hau, sakonean ezkutatuta.
Duela bi urte, Torturatuen Sarea martxan jarri genuen Euskal Herrian. Herriz herri eta auzoz auzo joan ginen sarea ehuntzen, torturatuak ahalduntzen, ahotsik gabeko errealitate bati bozgorailua jartzen; gaur egun, 1.600 kide baino gehiago gaude saretuak.
Gaur, ekainaren 26an —Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna—, ezinbestekoa da zuei guztioi eskerrak ematea eta, aldi berean, zuek zoriontzea.
Atzera begiratu eta azken bi urteetan egindako ibilbideari erreparatzean, harro egoteko arrazoiak ditugu.
Sarea Euskal Herriko bazter guztietara heltzea lortu dugu, denon auzolana etekina ematen ari da, eta, oraindik aurretik lan handia daukagun arren, hona heldu gara zuei esker.
Zorionak eta mila esker Sarean lanean zabiltzaten guztioi, torturatutakooi zein torturatuak izan gabe Sareari laguntza ematea erabaki duzuenoi; zuen lanak, ahaleginak eta konpromisoak egiten baitute posible sarea bizirik egotea.
...Garrantzitsuena ez delako egin ziguten hori, egin zigutenarekin zer egiteko gai garen baizik.
Eta hori da gure filosofia. Bai, gupidarik gabe torturatu gintuztelako, batzuk oraindik minduta gabiltza, beste batzuk min horri buelta eman diogu; baina, harrezkero, gure guztion motxiletan, agerian zein ezkutuan, gure orbaina daramagu.
Orbain horri zentzua ematea erabaki dugu. Ez dugu onartzen motxilan geldituko den harri deseroso eta pisutsu bat besterik ez izatea; ez, guztion harriak bildu, mahaigaineratu eta lanean jarri gara.
Benetan nahi bada euskal instituzioetatik zintzotasunez jokatu, funtsezkoa da onartzea tortura Euskal Herrian modu sistematikoan erabili izan dela urte luzeetan zehar, herritar askoren kontra; ez direla izan lau kasu isolatu edo lau eroren jarrera puntuala
Ezinbestekoa da, gure erronka honetan, gurekin batera bidea errazten zabiltzaten guztioi eskerrak ematea, garrantzitsua delako erronka hau denona dela sentitzea. Herri honek egia merezi duelako; hurrengo belaunaldiek jakin behar dutelako hainbat eta hainbat euskal herritar, Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren zein Ertzaintzaren eskuetan, torturatuak izan garela eta hamasei kide erail dituztela torturapean. Eta bai, kontziente gara herri honen historiaren pasarte beltza dela hau; horregatik gabiltza lanean, ez zauriak zabaltzeko, ez kaka astintzeko. Estatuari exijitzen diogu Euskal Herrian horrelakorik berriro gertatuko ez den bermea. Nafarroako Gobernuari norabide honetan urratsak egiten jarraitzea eskatzen diogu. Era berean, Estatuaren biktimak aitortzeko EAEko legea zabaltzea eskatzen dugu, oraingoan epe mugarik gabe, behar besteko baliabideak jarriz torturatuok gure kasuak aurkeztu ahal izateko, bakoitzak horren beharra edo nahia sentitzen dugunean, prest gaudenean.
Benetan nahi bada euskal instituzioetatik zintzotasunez jokatu, funtsezkoa da onartzea tortura Euskal Herrian modu sistematikoan erabili izan dela urte luzeetan zehar, herritar askoren kontra; ez direla izan lau kasu isolatu edo lau eroren jarrera puntuala. Pairatutakoak salatzean, ukazioaz gain, gezurra esatea leporatu digute, euren krudelkeria estali nahian herri honen historia idaztean, Herri honen memorian. Eta ez dugu onartzen. Horretarako gaude gu hemen, gure egiaren aurpegi eta ahotsak garelako; bizirik gaudelako pairatutako torturak lehen pertsonan kontatzeko, infernu horretan erail zituzten hamasei kideen izenean ere bagaudelako hemen.
Hau esanda, burura datozkigu bide honetan gure alboan dauden lagun eta senideak ere, gehienetan haiek izan direlako gure ahots eta aurpegiak torturak salatzean, euren beldurrak baztertu eta maitasun gordinenetik indarrak aterata.
Orain, gurekin lanean dihardute Sarea ehuntzen, garai haietako minak sortu zituen harietatik tiraka. Zuei eskerrak ematea gutxi dela jakin arren, mila esker, bihotzez.
Eta hori da Sarea: babeslekua, gotorlekua nahi duenarentzat, mamuak uxatzeko aukeratutako tresna beste batzuentzat. Ulertua sentitzeko eta epaitua izateko beldurrik gabeko espazioa eskaintzen du Sareak.
Euskal Herriko Torturatuen Sarea GU gara; min krudelenetik loratutako hazi indartsua gara: elkartasuna, maitasuna, auzolana, gune segurua... Denon mamuak txiki uzten dituen elkarlana eta elkarzaintza.
Eskerrik asko zuen harriak mahai gainean jarri dituzuen guztiei; bide honetan aurrera goaz denok batera.
Sinatzaileak:Â
Amaia Urizar de Paz, Jon Zaldua Arocena, Marta Picaza Garaigorta, Raul Alonso Alvarez, Igor Zearreta Garai, Ainara Gorostiaga Eskubi, Mikeldi Diez Aldama, Gorka Loran Lafourcade