jon olano

‘Zugzwang’

2025eko ekainaren 12a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Alemanezko hitza da zugzwang. Xakean, hauxe da: jokalari batek egin ditzakeen mugimendu guztiak bere kalterako izatea, duen baino posizio okerragoan geratzeko arriskua duelako. Are, partida galtzerainoko desabantaila ere sortzen du batzuetan zugzwang deituriko egoerak.

PPk, Guardia Zibilak edo botere judizialak —edo guztiek batera— zugzwang posiziora eraman dituzte Pedro Sanchez eta haren gobernua. Egin zezakeen ostrukarena: dena ukatu, bere burua biktima gisa aurkeztu, eta, erantzukizunik ez hartuta, hala bazkideen nola oposizioaren presioa areagotu eta haren posizioa ahuldu. Dei zezakeen hauteskundeetara, eta PPri esku-eskura utzi Moncloarako bidea.

(ID_15054819) ESPAÑA SÁNCHEZ SOBRE CERDÁN: \
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, PSOEren egoitzan eginiko agerraldian. DANIEL GONZALEZ / EFE

Edo egin zezakeen egin duena ere, kalteak arintzen saiatu: barkamena eskatu, autokritika egin, Santos Cerdan erortzen utzi, harekin zuen lotura moztu, aitortu sagar ustela eskuineko eskuan izan duela, eta neurriak hartuko dituela iragarri —alderdiko zuzendaritza berregituratu—. Ezin baita ulertu Sanchezen azken hamar urteetako ibilbidea Cerdan gabe. Izan ere, baliteke PSOEko Antolakuntza idazkariak sortutako lurrikarak Espainiako lehia politikoa astintzea, baina alderdia ere bai, eta baita, beraz, bazkideekiko harremana ere, Cerdan funtsezkoa izan baita aliantzetan.

Sanchezek egin zezakeena egin du, eta hatzak gurutzatu beharko ditu orain, mugimendu horren ondoren xake-materik izan ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.