«Trantsizio garaiko polizia indarkeriaren biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean aurrera egiteko beharra» defendatu dute Sanferminak 78 Gogoan eta Martxoak 3 elkarteek. Gaur Iruñean egindako prentsaurrekoan, bi kolektiboek bultzatutako egitasmo bateratua gogoratu dute, «Espainiako Estatuari gertaera haietan izan zuen erantzukizuna aitor dezala eskatzeko». Bestetik, zenbait ekitaldi programatu dituzte uztailaren 8rako, German Rodriguezen heriotzaren urteurrena dela eta, eta programazio hori aurkeztu dute.
Uztailaren 8rako ekitaldi nagusia 13:00etan hasiko dute, German Rodriguezen omenezko oroigarria dagoen tokian. Xabier Barber arituko da aurkezle lanetan, eta bertsoak, biktimen oroimenezko ohorezko aurreskua eta Streetwise taldearen emanaldia izango dira, besteak beste.
Arratsaldean, berriz, minutu bateko isilunea egingo dute zezen plazan, 1978ko sanferminetako biktimen oroimenez. Peñak plazatik aterako dira isilean, eta German Rodriguezen hilarriraino joango dira; han, beste omenaldi bat egingo dute.
1978ko sanferminetan, uztailaren 8an, Espainiako Polizia tiroka sartu zen Iruñeko zezen plazan. Ehun pertsona baino gehiago zauritu zituzten, eta bat hil: German Rodriguez. Jazoera hura eta 1976ko Gasteizko sarraskia oroitu eta erantzukizunak eskatzeko asmoz, bi elkarteek Estatua erantzule kanpaina jarri dute martxan. Salatu dutenez, bi gertakariak «ezkutatu» izan dituzte, eta, ondorioz, erantzuleak zigorgabe gelditu dira «botere publikoen konplizitate eskandalagarria» tarteko: «Gobernuak ezkutatu eta desitxuratu egin zituen giza eskubideen aurkako bi atentatu horiek, eta hala segitzen dute».
Bi elkarteek 'Estatua erantzule' kanpaina abiatu dute «justizia eta ordaina» eskatzeko 1976an Gasteizen eta 1978an Iruñeko sanferminetan polizia indarkeriak eragindako biktimentzat.
Elkarteek «egia, justizia eta ordaina» eskatu dute 1976an Gasteizen eta 1978an Iruñeko sanferminetan polizia indarkeriak eragindako biktimentzat. Horretarako Memoria Demokratikoaren Legea aplikatzeko eta 1968ko Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko ere eskatu dute.
Erantzukizun eske
Maiatzean, Sanferminak 78 Gogoan eta Martxoak 3 elkarteek mozioa bat bultzatu zuten Nafarroako Parlamentuan, Geroa Bairekin, EH Bildurekin eta Zurekin Nafarroarekin batera. Testuak hiru puntu ditu. Alde batetik, Espainiako Gobernuari eskatu zioten bere gain har dezala Gasteizko sarraskiaren eta 1978ko sanferminetan izandako krimenen «erantzukizun nagusia eta zuzena». Bestetik, galdegin zuten gobernuak edo presidenteak «maila goreneko adierazpen bat» egin zezan. Azkenik, erakundeak premiatu zituzten «benetako eta behin betiko urratsak» egitera egia jakiteko eskubidea bermatu dadin. Baina ekinaldia ez zen aurrera atera, PSN abstenitu egin zelako.
Aurrez, Eusko Legebiltzarrean ere aurkeztu zuten mozioa, EH Bilduren eta Sumarren eskutik. Azken momentuan, baina, PSE-EEk mozioaren edukia aldatzea adostu zuen EAJrekin; estatuak izandako «rola» aitortzea lehenetsi zuten «erantzukizun» eskaeren gainetik.
Maiatzean, aldiz, bi elkarteak Espainiako Kongresuko sei alderdirekin bildu ziren: EH Bildu, EAJ, Sumar, BNG, ERC eta Podemos. Alderdi horiek legez besteko proposamen bat aurkezteko asmoa iragarri zuten, eta horrela landuko da gaia Kongresuan.
Oraingoz, Espainiako Gobernuak egindako urrats bakarra biktimak aitortzea izan da: otsailean Madrilek 39 biktima aitortu zituen.