PSNk nahiago izan du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua ez estutu. 78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3 biktimen elkarteek mozio bat bultzatu dute Nafarroako Parlamentuan. Agiriak eskatzen zion Madrili bere gain hartzeko 1976ko Gasteizko sarraskiaren eta 1978ko sanferminetako gertaera larrien erantzukizuna, eta galdegiten zion gobernuburuari horri buruzko adierazpen ofizial bat egitea. PSNk, abstentzio bidez, eragotzi egin du ekinaldia aurrera ateratzea.
Eusko Legebiltzarrean ere auzia eztabaidatu zen, eta azken emaitza antzekoa izan bazen ere, diferentzia ageriko batzuk izan zituen. Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Sumarrek aurkeztu zuten mozioa, eta, azken orduan, PSE-EEk mozioaren edukia aldatzea hitzartu zuen EAJrekin, osoko zuzenketa baten bidez. Azken testuak ez zion erreferentziarik egin estatuaren erantzukizun zuzenari. Aldiz, eskatu zion aitor zezala Gasteizko 1976ko sarraskian izan zuen «rola», eta gaitzets zezala «Arias Navarroren gobernuaren Polizia Armatuak izandako neurriz kanpoko jokabidea».
Nafarroako Parlamentuaren aritmetika politikoa bestelakoa da, eta, hartan, Geroa Baik, EAJ partaide duen koalizioak, EH Bildurekin eta Zurekin Nafarroarekin batera aurkeztu du testua. Haatik, hiru taldeen hemeretzi parlamentariak ez dira aski izan eskuineko oposizioko hogei ezezkoei aurre egiteko. Testuak hiru puntu zituen, eta guztietan abstenitu egin da PSN. Salbuespen bakarra egon da: UPNk azken puntuaren alde egin du, eta, ondorioz, hura bai, hura onartu egin da. Bertan, Espainiako Gobernuari eta hari lotutako erakundeei eskatzen zaie «biktimen egiarako eskubidea aitortzeko urratsak egiten segitzeko».
Martxoaren 31n Nafarroako Parlamentuko Memoria eta Bizikidetza batzordean izan ziren 78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3ko elkarteetako ordezkariak. Bertan PSNk aurreratu zuen mozioari beste puntu bat gehituko ziola, baina gaurko eztabaidan beste bide bat hartu du. Mozioa ordezkatzeko hiru puntuko beste testu bat aurkeztu du. Hitz leunagoak erabiliz, testuak eskatzen zion Madrili «1978ko sanferminen gertaeren erantzukizuna aitortzeko bidetik jarraitzeko». Era berean, biktimen aitortzan orain arte egin diren urratsak balioetsi, eta bide horretan jarraitzera premiatzen du Espainiako Gobernua.
PSNren azalpena
Sozialistek aurkeztutako testu hori ez da bozkatu, eta ziurrenik euren posizioa indartzeko modu bat izan da. Izan ere, testuak ez zuen ezer aipatzen ETAren indarkeriari buruz. Aitzitik, mintzaldian, PSNko Javier Lekunberrik azaldu du EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak proposatutako testuan garai hartako «indarkeria guztiei buruzko aipamenaren» falta nabaritu duela. Lekunberriren hitzetan, «estatuko aparatu faxistei dagokienez, ez ziren egileak topatu, baina ETAren atentatuen heren bat ez da argitu». Haren irudiko, indarkeria bidegabe guztiak aitortu behar dira, «aitzakiarik eta epelkeriarik gabe».
Gonbidatuen harmailetan ziren 78ko Sanferminak Gogoan taldeko ordezkari batzuk. EH Bilduko Irati Jimenezek Lekunberriri esan dio koalizioko kideek eskertuko zuketela aurretik jakitea PSNren testuak zer zioen. Haren ustez, PSNk testuari «eduki politikoa kendu» nahi izan dio.
Mozioaren alde egiteko orduan, EH Bilduk gogora ekarri du nazioartean antzeko ekinaldiak egin direla: duela bi urte, Ipar Irlandako Gobernuak barkamena eskatu zien bertako biztanleei 1970eko hamarkadako indarkeriagatik; eta, Alemaniak iaz Gernikako 1937ko bonbardaketan izan zuen erantzukizuna bere gain hartu, eta barkamena eskatu zuen. «Zergatik Espainiako Gobernuak ez du gauza bera egiten?». Geroa Baiko Mikel Asiainen esanetan, 48 urte igaro eta gero, egoerak berdin jarraitzen du ez delako inor auzipetu.
UPNko Isabel Olaberen arabera, 1978koa «estatuak antolatutako krimena izan bazen, hori epai batek ebatzi behar du». Gaineratu du auzia argitzeko garrantzitsua litzatekeela agiri ofizialak desklasifikatzea. Dena den, kritikatu du mozio hori EH Bilduk bultzatzea. «Estatuari exijitzen dio erantzukizun zuzena izan zuela aitortzeko, baina saihestu egiten du ETAren argitu gabeko atentatuen inguruko auzia».
Polemika apur bat egon da. Voxeko Emilio Jimenezek hainbat aldiz iraindu ditu mozioaren bultzatzaileak, eta gaineratu du Adolfo Araizek ez lukeela parlamentuan egon behar. EH Bilduko Laura Aznalek, parlamentuko araudia aipatuz, Jimenezi kargu hartzeko eskatu dio Maite Esporrin mahaiko presidenteordeari.

auzia aztertu dute Kongresuan
Martxoak 3 eta 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak Espainiako Kongresuko sei alderdirekin bildu ziren atzo arratsaldean: EH Bildu, EAJ, Sumar, BNG, ERC eta Podemos. Sabino Cuadraren arabera, taldeek legez besteko proposamen bat aurkezteko asmoa adierazi zuten, eta, ondorioz, gaia aztergai izango da etorkizunean Kongresuan. Ontzat jo dute bilkuraren emaitza. Dena den, onartu dute oraintxe bertan egoera politikoki oso nahasia dela Espainian.
Bestalde, PSNk auzi horren inguruan erakutsitako «noraeza» kritikatu du Sanferminak 78 Gogoan taldeak. Uste dute sozialisten mozio alternatiboak «urardotu» egin duela «jatorrizkoaren eduki politikoa, juridikoa eta memorialista». Horrez gain, txarretsi dute PSNk iritzia aldatu izana denbora gutxian: «Gure mozioaren alde bozkatu zuten Iruñeko Udalean, baina abstentziora jo dute parlamentuan».