Sarak eta Baionak Bordelen defendatu dute euskara ofizialki aitortzea «herritarren agindu demokratikoa» betetzea dela

Prefeturak herriko etxeen deliberoaren kontra jarritako helegitea aztertu du Bordeleko Administrazio Dei Auzitegiak. Euskal Konfederazioak babesa agertu die hautetsiei eta mobilizatzera deitu ditu herritarrak.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Esteban Barneix Sarako auzapeza, Bordeleko Administrazio Dei Auzitegian. BERRIA
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Esteban Barneix Sarako auzapeza, Bordeleko Administrazio Dei Auzitegian. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Bordele
2026ko azaroaren 12a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zeren beldur da Estatua?». Bordeleko Administrazio Dei Auzitegian erantzunik gabe gelditu da Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak egin duen galdera. Izan ere, Frantziako Estatuko ordezkaririk ez da agertu euskara ofizialki aitortzeko Sarako eta Baionako herriko etxeen kontra jarritako helegitea defendatzera. Epailearen aitzinean bi auzapezek adierazi dute «herritarren agindu demokratikoa» betetzea baizik ez zutela egin. Heldu den asterako eman behar lukete erabakia. Haien kontrakoa bada, Frantziako Estatu Kontseiluraino joateko prest agertu da Etxegarai. 

Uztailean hartu zituzten deliberoak bi herriko etxeek: «Ofizialki aitortzen dugu euskara gure lurraldeko hizkuntza dela, frantsesaren ondoan». Uztailaren 2an, Sarako herriko etxeak bozkatu zuen, eta uztailaren 25ean, Baionakoak, gaskoiari ere erreferentzia eginez. Baina berehala bien kontrako helegitea jarri zuen Jean Marie Girier orduko prefetak. Lehen instantzian prefeturaren alde egin zuen Paueko Administrazio Auzitegiak. Dei egin zuten bi herriko etxeek, eta gaur Bordelen aztertu dute afera.

Galdera egin du Pierre Cambot abokatuak: «Hizkuntza bat ofizialki aitortzea ba ote da hizkuntza hori ofizial bilakatzea?». Bere hitzetan, herriko etxeek dituzten eskumen juridikoen barnean hizkuntza baten aldeko engaiamendua besterik ez da.

Hala berretsi du Etxegaraik ere: «Bada deliberoa bera, eta bada aitzinetik emandako azalpen guzia. Oroitarazten dugu zein den esparru juridikoa: Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen 2.artikulua, eskualdeko hizkuntza Frantziako ondare gisa aitortzen dituen 75-1 artikulua, baina baita Konstituzio Kontseiluak 75-1 artikuluaren harira hartutako ebazpena ere, erran baitzuen ezin zela koofizialtasunik onartu 2. artikulua moldatu ezean». Bere iritziz, ez da dudarik hartutako deliberoaren zentzuari buruz. 

Hala, abokatuak defendatu du koofizialak izan gabe euskarak eta gaskoiak badutela izaera ofizial bat Euskal Herrian. «Hizkuntza horiek badaude juridikoki». Aipatu du Frantziako Estatuak laguntzen dituela, hala nola irakaskuntzan, eta diru publikoa engaiatua dela.

«Euskara da gure hizkuntza, naturalki bizi dugu. Euskara ez dakitenek ere ez dute gaizki bizi, modu baketsuan elkarbizi gara. Haatik, prozedura honek tentsioa sortzen du».

ESTEBAN BARNEIX Sarako auzapeza

Baina bi hizkuntzek lurraldean duten presentzia ere aipatu dute auzapezek. Etxegaraik esplikatu du Baionako dokumentu ofizial guziak gaskoiez idatziak zirela XVI. menderarte. «Euskararekin bizi gara; gure unibertsoaren, gure kulturaren, eta gure egunerokoaren parte den hizkuntza bat aitortzera gatoz».

Ildo beretik jo du Esteban Barneix Sarako auzapezak ere: «Euskara da gure hizkuntza, naturalki bizi dugu. Euskara ez dakitenek ere ez dute gaizki bizi, modu baketsuan elkarbizi gara. Haatik, prozedura honek tentsioa sortzen du». Bi agintariek azpimarratu dute haien herriko kontseiluetan aho batez bozkatu zutela euskara aitortzeko deliberoa.  

Prefetaren mamuak

Deliberoaren kontrako helegitea argudiatzeko «separatismoaren arrangura» aipatu zuen prefetak, «frantses populuaren zatiketaren haziak» ematen dituela erranez. Euskal Konfederazioaren aginduetara jardutea ere leporatu zien herriko etxeei. «Prefetura usteetan oinarritzen da: 'lezake', 'liteke', 'litzateke'... ikuspegi arras politikoa da berea. Estatua karikaturan da, beldurrak aireratzen ditu. Bi herriko kontseilu horiei erranarazi nahi zaie erran nahi ez zuten zerbait».

«Abertzale izan gabe, kontzienteki hartu dugu erabakia. Ezin gara hauteskundeetara aurkeztu, hizkuntzari begira posizio argi bat hartu gabe»

JEAN RENE ETXEGARAI Baionako auzapeza

«Harritua» agertu da Etxegarai, prefeturak zentsuratu nahi duen deliberoa 2018an Euskal Hirigune Elkargoak hartu zuen berbera baita hitzez hitz. «Orduko prefetarekin elkarrizketa izan genuen deliberoa adosteko, eta ez zion arazorik ikusi. Ez da 2. artikuluaren kontra, ez da Frantziako Estatuaren kontra; euskara eta euskal kulturaren aldekoa da. Sinboloak ere arazoa sortzen du?», egin du galdera. «Abertzale izan gabe, kontzienteki hartu dugu erabakia. Ezin gara hauteskundeetara aurkeztu, hizkuntzari begira posizio argi bat hartu gabe. Eta hori egin dugu: hautesleei erran diegu euskara eta gaskoia gure lurraldeko hizkuntza gisara aitortzen ditugula. Ahots demokratiko horren eramaile gara».

Bi herriko etxeei babesa adierazi du Euskal Konfederazioak Bordeleko Administrazio Dei Auzitegiak. «Zentsuratu nahi dituzte, euskal hautetsiak ez daitezen euskararen alde aritu. Eta hori onartezina da», adierazi du Hur Gorostiagak euskalgintzaren izenean. «Mespretxutzat» jo du estatuko ordezkariak auzitegira agertu ez izana, eta salatu du azkenaldian euskararen kontra hartzen ari diren jarrerak. «Horregatik deitzen dugu azaroaren 21ean larunbatez Baionan koofizialtasunaren alde izanen den manifestaldira. Karrikak betetzeko garaia da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA