ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Savanna Powerren beste proiektu eoliko bat baztertu du Nafarroako Gobernuak

Haize errotek ingurumenean izango luketen inpaktuagatik bota dute atzera. Bestalde, Gasteizen bi parke fotovoltaiko egiteko prozesua abiatu du Iota enpresak.

Miru gorri bat, hilda, parke eoliko baten ondoan. JOSE ANTONIO MARTINEZ
Miru gorri bat, hilda, parke eoliko baten ondoan. JOSE ANTONIO MARTINEZ
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 2a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andaluziako (Espainia) Savanna Power energia berriztagarrien promotoreak beste kolpe bat jaso du Euskal Herrian, Nafarroako Gobernuak atzera bota baitu Cintruenigo eta Corella udalerrien artean bost haize errota eraikitzeko proiektua. Gobernuko teknikarien ustez, errotek inpaktu handiegia izango lukete ingurumenean, eta horregatik bota dute atzera; bereziki, hegaztien eta bestelako espezie hegalarien mugimenduetan eragingo luketelako. «Proiektua gauzatzeak, besteak beste, kolpe arriskua, hesi efektua eta hutsune efektua ekarriko ditu, eta kalte larriak eragingo dizkie interes handiko hainbat espezie hegalariri».

Horrez gain, zehaztu dute inguruan jada badaudela hainbat haize errota, eta zenbait parke egiteak kalte handiak eragin ditzakeela. Haize errota bakoitzak 4,99 megawatteko potentzia izango luke. Enpresa horrek haize errota bakoitza proiektu bakar gisa tramitatzen du, baina Nafarroako Gobernuak proiektu bakar gisa aztertzen ditu txosten guztietan.

Zentral eolikoak egiteaz gain, Savanna Powerrek zentral fotovoltaikoak ere egiten ditu. Hain zuzen, 2024ko otsailean, Nafarroako Gobernuak atzera bota zuen haren proiektu fotovoltaiko bat, Zizur Nagusian. Eta aurtengo hiru hilabete eskasetan, Nafarroako Gobernuak beste proiektu eoliko bat bota dio atzera. Hori gutxi balitz bezala, Araban egitekoa zen parke fotovoltaiko bat bertan behera utzi du enpresak berak, Arabako Mendiak Aske plataformak jakinarazi zuenaren arabera.

Gasteizen, eguzki plaka gehiago

Sociedad de Explotacion Fotovoltaica Iota izeneko enpresak aurretiazko administrazio baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalen eremuan bi parke fotovoltaiko egiteko, eta bi proiektu horien ingurumen inpaktuari buruzko txostenak ere egin dituzte. Aurretiazko administrazio baimenaren eskaria eta ingurumen inpaktuari buruzko txostenak ikusgai daude, eta hilabeteko epea dute elkarteek eta norbanakoek alegazioak aurkezteko.

Guztira 23.000 panel fotovoltaiko izango dituzte parkeek, eta zentral bakoitzak bost megawatteko potentzia izango du. Guztira 19,5 hektarea hartuko dituzte bi proiektuek, eta 6,9 milioi euro inbertituko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.