Hasi da ikasturtea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, eta berritasun ugarirekin ekin diote ibilbideari. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ikasturte hasiera baliatu du Eskola bikaina denontzat izeneko prozesua abian jartzeko, hezkuntzan «ekitatea, inklusioa eta kalitatea» bermatzeko xedez, eta Etxebarri BHI institutuan (Etxebarri, Bizkaia) ikasturte hasiera ekitaldia egin eta segituan, prozesu horren lehenengo bilera egin dute hantxe bertan, hezkuntza arloko 50 bat eragilerekin. Beste aldetik, hasiera ekitaldia ere ez da ohikoa izan, ordu berean Steilas sindikatuak elkarretaratzea antolatu baitu Etxebarriko institutuaren atarian, eta protestan ari zirenen oihuak ozen entzun dira ekitaldian, Imanol Pradales lehendakaria hitz egiten ari zelarik.
Hiru fase izango ditu gaur abiarazi duten prozesuak: lehenbizi, egoeraren diagnostikoa egin nahi dute, eta, hain zuzen ere, gaurko bileran eskola segregazioari buruzko diagnostikoa biltzen duen dokumentua aurkeztu die Jaurlaritzak eragileei, horren inguruan eztabaidatu eta «analisi bateratua» egin ahal izateko. Bigarren fasean misioa, ikuspegia eta printzipioak landuko dituzte, eta, azkenik, eratuko diren lantaldeetan estrategiak eta neurri zehatzak diseinatuko dituzte. Ikasturte osoa iraungo du prozesuak, eta ekainean amaitzea aurreikusi dute. Eragileen arteko ituna sinatzea nahi du Jaurlaritzak prozesuaren ondorio gisa.
Gaur banatu duten dokumentuaren arabera, zenbait ikastetxetan «ikasle zaurgarrien kontzentrazio desorekatua» dago, eta horri heltzeko ezinbestekoa da «ikuspegia aldatzea», eskola segregazioa murrizteko, kalitatea indartzeko eta «ikasle guztiek, batez ere zaurgarrienek, aurrera egiteko aukera berdinak izan ditzaten bermatzeko».
«Sistema sendotu eta prestatu behar dugu, etorkizunean ere kalitatezko hezkuntza bermatzeko ikasle guztientzat»
IMANOL PRADALES Lehendakaria
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoek ez ezik, hauek ere parte hartu dute mahaian: LAB, UGT, CCOO eta Interinoak sindikatuek, familien eta ikasleen elkarteek, unibertsitateek, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP alderdiek, itunpeko sareko patronalek eta hezkuntza sistemako beste zenbait eragilek.
ELA eta Steilas, mahaitik at
Baina hutsuneak ere badaude segregazioaren kontrako ituna lortzeko mahaian, ELA eta Steilas sindikatuek uko egin baitiote parte hartzeari: bien artean hezkuntza arloko langileen %60 inguru ordezkatzen dituzte. ELAk ostiralean iragarri zuen ez zuela mahaian parte hartuko, eta gaur berretsi du erabaki hori: salatu duenez, Jaurlaritzak ez dio eman mahaiko parte hartzaileen eta ordezkaritzaren inolako xehetasunik. Haren iritziz, mahaia eratuta dago «gobernuaren neurrira eginiko akordioak berresteko eta parte hartze demokratiko baten irudia emateko».
ELAren esanetan, segregazioaren kontrako borrokan hiru arlotan hartu beharko lirateke neurriak: eremu pedagogikoan, euskarazko murgiltze eredua ezarri eta curriculum propioa garatu; baliabideen eremuan, ratioak hobetu, langileen egonkortasuna bermatu eta baliabide egokiak eskaini; eta sistemaren egituraketan, hezkuntza publikoaren, itunduaren eta pribatuaren arteko banaketan oinarritutako sistema gainditu eta urratsak egin erabat publikoa izango den sistema bat lortzeko bidean.
Baina, ELAren aburuz, Jaurlaritzak uko egin dio aipatutako neurri horiek hartzeari, eta, horregatik, dei egin die gainerako sindikatu eta eragileei neurri horien alde «mahaitik kanpo» borroka egin dezaten, «osasungintzako itunean bezala gerta ez dadin», eta iragarri du harremanetan jarri dela hezkuntza arloko beste zenbait eragilerekin helburu hori lortzeko.
Steilasek, berriz, elkarretaratzea egin du Etxebarriko institutuaren atarian, Segregazioaren aurrean, hezkuntza publikoa bide bakarra esaldia idatzia zuen pankarta hartuta. Sindikatu horretako ordezkari Joaka Akarregik esan du «itxurakeria ariketa» dela ituna lortzeko mahaia: «Hezkuntza Sailaren politikak segregazioa gainditzearen kontrako norabidean doaz, eta horren adibide garbia da orain gutxi ezarritako Hezkuntza Legea».
Steilasen iritziz, segregazioa lotuta dago sare pribatuari, eta arazoa gainditzeko modurik eraginkorrena «publifikazio prozesu irmo bati» ekitea da.
CCOO-Irakaskuntzak parte hartu du mahaian, baina bilera amaitutakoan esan du «distirarik gabeko ikasturte hasiera bati distira emateko» baino ez duela balio izan bilerak, eta «propagandarako erabili izana» deitoratu du: «Beldur gara Jaurlaritzak egindako hasierako testuak prozesu osoa baldintzatuko ote duen, arazoaren benetako erroa kanpoan utzita». CCOOren asmoa da mahaian jarraitzea, baina erabaki hori berriro aztertuko du prozesua «ariketa kosmetiko huts» bilakatzen bada.
Aldaketak sisteman
Steilaseko kideak eskolaren atarian protesta oihuak ozentzen ari ziren bitartean, ikasturtearen irekiera ekitaldia egin dute barruan. Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa eta Etxebarriko alkate Iker Lopez Comeron lagun zituela, «hezkuntza sistemak izandako aldaketa izugarriak» aipatu ditu Pradalesek: «Horiei aurre egiteko, adabakiak ez dira aski. Sistema sendotu eta prestatu behar dugu. Orain jarri behar ditugu oinarriak, epe laburrean ez ezik, etorkizunean ere kalitatezko hezkuntza bermatzeko ikasle guztientzat».
Datu batzuk eman ditu Pradalesek, hezkuntza sistemaren aldaketei buruz esandakoa berresteko. Esan duenez, azken bi ikasturteetan 13.000 matrikula gutxiago erregistratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hasierako etapetan, jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz. Bestalde, 2020-2021eko ikasturtean 2.500 ikasle matrikulatu ziren ikasturtea hasita zegoelarik, batez ere beste herrialde batzuetatik etorri zirelako, eta iaz 8.000 ikasle izan ziren egoera horretan.
Pradalesen esanetan, aniztasuna eta berdintasuna ez ezik, «emaitzarik onenak» ere bermatu behar dira, ikasleen «ongizate emozionala» zaindu eta euskara «kohesio, harrera eta identitate komunitarioko osagai» bilakatu: «Erronka konplexua bezain ilusionagarria da».