Jaurlaritza «segurtasun integrala» lortzen saiatuko da hausnarketa prozesu baten bidez

Basque Segurtasun Foroak urtebete iraungo du, eta 2026-2030 eperako segurtasun planaren oinarriak jartzea du xede. Pradales lehendakariak dei egin du «konplexurik eta taburik gabe» eztabaidatzeko.

Bingen Zupiria eta Imanol Pradales, gaur, Bilboko Euskalduna jauregirako bidean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bingen Zupiria eta Imanol Pradales gaur, Bilboko Euskalduna jauregirako bidean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 30a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasun ituna lortzeko prozesua bukatuta, antzeko beste prozesu bati ekin nahi dio Eusko Jaurlaritzak orain, segurtasuna ardatz hartuta. Basque Segurtasun Foroa izango du izena, eta osasungintzaren arloan egindakoarekin baditu antzekotasunak, baina desberdintasun nabariak ere bai. Erakunde publikoekin, azpiegitura garrantzitsuetako arduradunekin, enpresekin, eta hezkuntza eta gizarte eragileekin batera egin nahi dute segurtasunari buruzko «hausnarketa estrategikoa»; prozesuak urtebete iraungo du, eta helburua zera da, 2026-2030 eperako segurtasun planaren oinarriak jartzea.

«Segurtasun integrala» lortzea dute xede, eta, hortaz, lapurretek, erasoek eta antzeko delituek herritarrengan sortzen duten segurtasun eza izango dute hizpide prozesuan, baina, horrekin batera, segurtasunarekin zerikusia duten beste hainbat arlo ere jorratzeko asmoa dute: esaterako, ekitaldi jendetsuetan segurtasuna bermatzeko neurriak, klima larrialdia, garraioa, elikagai eta hornidura segurtasuna, genero indarkeria, zibererasoak eta abar. Segurtasunaren ikuspegi «integral» hori nabaria izan da prozesua aurkezteko eta hura abiarazteko egindako ekitaldian, Bilboko Euskalduna jauregian: bost adituk hitz egin dute, eta nork bere arloko esperientziaren berri eman du.

Imanol Pradales lehendakariak esan du segurtasuna ez dagoela «bermatuta», egunero landu behar dela, eta azken urteotan herritarren konfiantza higatu duten zenbait gertaera aletu ditu: apirilaren 28ko itzalaldia, erregaien garestitzea Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren ondorioz, pandemia, klima larrialdiaren ondorioak eta abar. Horiek guztiek «menpekotasun eta zaurgarritasun sentipena» areagotu dute herritarren artean, Pradalesen esanetan.

Eztabaida «konplexurik eta taburik gabe» egin behar dela deritzo Pradalesek: «Segurtasuna lehentasun soziala da. Horregatik, horren inguruan konplexurik gabe eztabaidatzea eskatzen dut, eta ezagutza eta esperientzia lehenesteko, tabuak alde batera utzita». Haren iritziz, segurtasuna eta herritarrek horretaz duten pertzepzioa «funtsezko faktoreak» dira «ongizatea, bizi kalitatea, erakarpena eta aurrerapena ziurtatzeko».

Esangura politiko sakonagoko iruzkin bat ere egin du Pradalesek: esan duenez, prozesuaren gogoetagaietako batek zera izan beharko luke, «Euskadin gaur egun ditugun gaitasun politikoak nahikoak diren edo zabaldu eta hobetu behar ote ditugun» segurtasunaren auziari heldu ahal izateko.

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak azaldu ditu prozesuaren nondik norakoak. Urtebete iraungo du, 2026ko uztailera arte, eta orotara 31 saio egingo dituzte. Asmoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako leku guztietara iristea, bereziki ertzain etxeak dituzten 24 eskualdeetara. Bilera horietara aldundiak, udalerrietako alkateak, udaltzainak, suhiltzaileak, enpresa eta azpiegitura nagusiak eta «eskualde bakoitzean garrantzi berezia duten ordezkariak» ere deituko dituzte. Lehenengo bilera Sodupen (Gueñes, Bizkaia) egingo dute, uztailaren 9an. Saio horietan diagnostikoa egiten saiatuko dira, eta hori oinarritzat hartuko dute 2026-2030 aldirako Segurtasun Integraleko Plana egiteko.

Adituen ekarpenak

Basque Segurtasun Foroa abiarazteko antolatutako ekitaldian, Euskal Herriko eta nazioarteko bost adituk ekarpena egin dute, nork bere esparrutik. EAEko Justizia Auzitegiko presidente Iñaki Subijanak azaldu du nabaria dela «segurtasunaren eta askatasunaren tentsio dialektikoa» gai horien inguruan eztabaidatzen denean: «Batzuek segurtasuna lehenesten dute, eta beste batzuek, berriz, askatasuna; begirada biak beharrezkoak dira, baina partzialak». Esan duenez, gakoa litzateke bien arteko oreka lortzen saiatzea: «Ez dago askatasunik segurtasunik gabe, baina, aldi berean, segurtasun demokratikoak askatasuna izan behar du oinarri». Haren iritziz, askatasuna mugatzeak «azken aukera» izan beharko luke, segurtasuna bermatzeko bestelako biderik ez dagoenean soilik erabili beharrekoa.

David Barroso zibersegurtasunean aditua da, eta Countercraft enpresaren sortzaileetako bat. Bere enpresak munduko hainbat tokitan lan egiten du, baina soilik NATOko kide edo horren «aliatu» diren herrialdeetan. Azaldu duenez, garai batean, «etxetik aritzen zen nerabea» zen zibererasoen egilearen ohiko irudia, baina hori erabat aldatu da; azken urteotan, zibererasoen egile nagusiak talde antolatuak dira, datuak bahitu eta horiekin xantaia egiten dutenak, eta gobernuen inguruko taldeak, beste zenbait gobernuren kontra sabotaje ekintzak egin edo jabego intelektuala, industria diseinuak eta antzekoak lapurtzen saiatzen direnak: «Ia gobernu guztiak aritzen dira horretan». Esan duenez, gakoa da «erasotzaileak baino urrats bat aurrerago joatea» eta horiei «tranpak» jartzea.

«Segurtasuna funtsezko faktorea da ongizatea, bizi kalitatea, erakarpena eta aurrerapena ziurtatzeko»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Bernard Gerrisma segurtasun arduraduna da Feyenoord futbol taldean (Rotterdam, Herbehereak). Urtero, 60 bat partida jokatzen dituzte haien zelaian, eta bestelako ekitaldiak ere antolatzen dituzte: Michael Jackson, Madonna, Rolling Stones eta beste zenbait artista han aritu dira. Esan duenez, partida bakoitzak bere segurtasun plan espezifikoa du, eta zortzi aste lehenago hasten dira prestatzen. «Eragileen arteko elkarlana» funtsezkotzat jo du: haiek arduratzen dira zelai barruan gertatzen denaz, kanpoko segurtasuna udalaren eskumena da, eta alde biek osatutako talde batek zuzentzen du operatiboa.

Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendari Marimar Alonsok ere elkarlana goretsi du klima larrialdiaren kontra borrokatzeko. Segurtasun Sailarekin batera atondu duten klimari buruzko txostena aipatu du, bai eta udalerriekin eta beste zenbait eragilerekin osatu duten Kaia klima aldaketarako koordinazio mahaia ere.«Klima larrialdia errealitatea da, eta horren inguruan prestatzen ari garen estrategietako askok zerikusi zuzena dute segurtasunarekin».

Sigrid Kienle, berriz, Bavariako Poliziaren burua da (Alemania). Esan duenez, Munich «Alemaniako hiririk seguruena» da, baina delituen gorakada nabaritu dute hiriko zenbait lekutan: batez ere, tren geltokiaren inguruan eta lorategi botanikoetan. Delitu gehienek erasoekin, kalamu salerosketarekin eta labanak erabiltzearekin dute zerikusia. Hainbat neurri jarri dituzte indarrean, udalarekin, Polizia Federalarekin, justiziarekin, garraio publikoekin eta beste zenbait eragilerekin elkarlanean: adibidez, eremu bat zedarritu dute, non alkohola eta kalamua kontsumitzea edo labana eramatea galarazita dagoen, eta hirigintza arloko neurriak ere hartu dituzte: lorategietan sasiak kentzea, txokoak argiztatzea eta abar. Esan duenez, neurriak «emaitza onak» izaten ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.