Maiatzaren Lehenean berreskuratu zuen AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Donostiako Guardetxea eraikina, eta, hilabete horren hondarrean, udaleko osoko bilkurara sartu ziren, etxegabetze arriskuan zeudela salatzera eta horren kontra protesta egitera. Ordu hartan jakinarazi zuten udaltzaingoak gazte bat atxilotu eta gutxienez bertze hiru identifikatu zituela. Bada, AZGAk gaur jakinarazi du protesta horien harira sei gazte deklaratzera deitu dituztela, desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egitea egotzita. Eta ez hori bakarrik: «Lesio delituak egin izana egozteko arriskua mahai gainean dago, eta, ondorioz, espero daiteke espetxe zigorra ezartzeko eskaerak iritsiko direla».
Epaiketa gaur zortzi izanen da, Donostian. 09:00etan elkarretaratzea eginen dute epaitegi aitzinean, eta bertaratzeko deia egin diote «bestelako auzo batean eta bestelako Donostia batean» sinisten duen orori, Guardetxea defendatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.
AZGAk ohar bidez egin ditu adierazpenak, eta erran «amarru poliziala» ezin dela ulertu gertaera bakan gisa: «Azken urteotan agerikoa bihurtu da egiturazko krisi kapitalista batean gaudela, eta ondorioz, sistemari beharrezkoa zaio zapalkuntza forma berriak garatu eta bestelako bizi eredu bat antolatzen dugun espazio eta proiektuen aurka egitea». Are, salatu dute okupazioaren kontrako «kriminalizazio prozesu bat» abiatu dela, nabarmenduta prozesu horrek «masa komunikabideen manipulazio mediatikoa eta legediaren garapen errepresiboa» dauzkala ezaugarritzat. «Guk argi eta ozen diogu etxebizitzarekin, lurraren ustiapenarekin eta baliabide publikoekin espekulatzen duten horien jabetzak okupatu eta kolektibizatzea ez dela delitua, auzo eta herrietako langileon interes kolektiboaren aldeko erresistentzia ekintza baizik», borobildu dute.
Kontrara, AZGArendako «lehentasunezkoa» da gazteen «antolakuntza politikoa sustatu eta autogestioa garatzea helburu duten proiektuak» defendatzea. Hortaz, husteko arriskuan dauden gaztetxeak defendatzen ari direnekin bat egitera deitu dute, eta gogoratu ezinbertzekoa dela gaztetxeen eta gazte asanbladen arteko harreman sareak indartzen segitzea.
Hain justu, Guardetxeko kideek epaitegira joan beharko dute urtarrilaren 27an, gaztetxearen okupazioarengatik; eta egun berean deituta daude Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxeko kideak ere —lehenek Donostian dute epaiketa, eta bigarrenek Durangon (Bizkaia)—. Dinamika bateratu baten bidez aurre eginen diote egoerari, Desalojorik ez erantzunik gabe! lelopean. Izan ere, haien irudiko, ez da kasualitatea bi epaiketak egun berean izatea; aitzitik, bat egite hori «gaztetxeen eta okupazioaren aurkako estrategiaren parte da».Â
Sei urte hutsik
Guardetxea gune autogestionatua izan zen hamar urtez, harik eta 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi zuen arte. Hutsik dago geroztik, eta gaztetxeak bilerak egiteko hainbat eskaera egin ditu, baita okupazio sinbolikoak ere, «udalarekin biltzeko eta adjudikazio baldintzak negoziatzeko asmoz». Erantzunik jasotzen ez zutenez, Maiatzaren Lehenean eraikina berreskuratu zuten, kideek ordu hartan kontatu zutenez. «Erresistentziaren bitartez gunea defendatu genuen, gaztetxearen proiektua martxan jarri ahal izateko. Geroztik, hamaika eragile eta kolektibok erabili dute, eta askotariko eskaintza politikoak eta kulturalak antolatu ditugu». Kanporatuak izateko arriskuan daude orain.
Gaur ateratako oharrean, udalari adierazi diote ez duela lortuko asanbladaren jarduna gelditzea «mehatxu, isun, epaiketa eta espetxe zigorrekin». «Ondo dakigu zer ondorio dakartzan gure auzoan horrelako proiektu eta espazioak galtzeak, eta gure konpromisoak ez du atzera-bueltarik. Behin itxi zuten Guardetxea, baina ez diegu berriz ixten utziko», adierazi dute.