Selektibitatean euskara ikasgaia ez aintzat hartzeko kautela neurria atzera bota du epai batek

EHUk jakinarazi du aldeko ebazpen judiziala jaso duela; gainerako ebazpenak ere bide berekoak izango diren ustea dute unibertsitateko buruek.

EHUren campusa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
EHUren campusa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 8a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unibertsitatean sartzeko hautaproban Euskara eta Literatura II ikasgaian emaitza aski eskasak lortu zituzten joan den ikasturtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat ikaslek, protesta ozenak eragin zituen horrek, eta auzitara ere jo zuten hainbat lagunek, babes eske. Bilbo eta inguruetako eskoletako ikasleak ziren gehienak, A eta B ereduetan jardundakoak. Horren ondorioz, ikasgai hori aintzat ez hartzeko kautela neurriak eman zituzten hainbat auzitegik. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen neurri horien kontra egiteko, eta gaur jakinarazi du lehen ebazpena jaso duela: aldekoa da. EHUko komunikazio iturriek erantsi dutenez, espero dute gainerakoak ere kautela neurri horien kontrakoak izatea, eta neurriok bertan behera uztea erabat. 

«Justiziak babestu egin du EHUren jarrera unibertsitatera sartzeko probei buruzko auzian», jakinarazi du unibertsitateak. Jasotako aldeko ebazpenaren muina ere ekarri du hizpidera: «Auzitegiak azpimarratu du behin-behineko ebazpen judizialek ezin dutela pribilegiozko egoerarik sortu gainerako ikasleekin alderatuta». Eta irmo defendatu du auzi honetan izan duten jarrera: «EHUk hasieratik defendatu du unibertsitatera sartzeko probak indarrean dagoen araudiaren arabera egin direla, eta ikasle guztiei irizpide berberak aplikatu behar zaizkiela». Horiek horrela, gaur egin dituen adierazpenetan, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak gogora ekarri du ikasleen arteko «aukera berdintasuna» beti bermatu behar dela: «Salbuespenik eta pribilegiorik gabe». 

Halaber, kautela neurriak gogoan hartuta, unibertsitateak kaleratutako oharrean azaldu dute horien araberako «neurri zehatzak» hartu dituztela, helburu nagusi bat betetzeko asmoz: ikasleen eskubideak ez urratzea. Hain justu ere, esan zuten beharrezkoa baldin bazen ikasle gehiago hartzeko postuak sortuko zirela, eta konplitu egin dute hori. Azkenean leku gehigarri bat behar izan dela zehaztu dute. Berez, bi sortu behar izan zituzten, baina bat erabili gabe geratu da. Onartu dute, hala ere, ikasle bat hartzeko erabili den ikaspostu gehigarri hori «kolokan» geratuko dela orain; izan ere, gaur plazaratu den ebazpenaren ondorioz, ez dago argi zer gertatuko den horrekin. 

Ikaspostuak

EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak hasieratik adierazi zuen kautela neurriek zer zailtasun ekarriko zituzten. «Ikaspostuak ezin dira besterik gabe sortu. Eragin ekonomikoak dauzka horrek, eta antolakuntzari begirakoak ere bai», ohartarazi zuen. Gainera, azaldu zuen aurrez jakin beharko luketela zenbat ikaspostu sortu behar diren, eta zer gradutan.

Hala ere, hasieratik esan zuten ebazpen judizialak beteko zituztela: «Obeditu egin beharko dugu». Argi esan zuen soluzioa ez zela izango ikasle orori unibertsitatera sartzeko probako euskarako notak kentzea azken batezbestekoa egiteko. «Horrek kalte egingo lieke euskaran kalifikazio onak atera dituztenei». Eta, oro har, unibertsitateak hautaproba osoan egindako lana defendatu zuen: «Sinetsita gaude kalifikazioak zuzenak izan direla. Berrikusi ondoren, puntu erdi baten aldeak baino ez dira egon». Halaxe izan zen. Probak berrikusita ere, aldea txikia izan zen, eta notak igotzeko aukera gutxi izan zituzten ikasleek. 

Orotara, berrogei bat ikaslek jo zuten auzitara unibertsitatera sartzeko Euskara eta Literatura II ikasgaiko kalifikazioen kontra. Oso-oso apalak izan ziren kalifikazio horiek: zerokoak ere izan ziren tartean. Kalifikazioak eskasak zirelako jo zuten hainbat ikaslek auzitara: salatzeko alde handia zegoela eskolako kalifikazioen eta selektibitatean izandakoen artean. Azterketak zuzentzeko orduan «anonimotasuna» urratu zela ere argudiatu zuten. EHUko buruek hasieratik ukatu dute hori, ordea. Adierazi dute ikastetxe bakoitzak kode bat duela, baina ez dagoela jakiterik ikasleak zer ikastetxetakoak diren. 

Auziari buruz emandako argibideetan, EHUk sarri argudiatu du selektibitateko ebaluazio sistema ez dela «prozedura arbitrario bat», baizik eta 534/2024 Errege Dekretuak araututako sistema bat. Haren arabera, azterketak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera diseinatzen eta zuzentzen dira, batzorde misto baten bidez, eta epaimahaiek aurrez ezarritako irizpideak aplikatzen dituzte. 

Gaur aldeko epaia jasota, unibertsitateak berriro ere adierazi du deus okerrik ez zutela egin aurtengo selektibitatean. «Euskal Herriko Unibertsitateak berretsi du unibertsitatera sartzeko prozesuak berme guztia izan dituela hasieratik, bai azterketen zuzenketan, bai ikasleek kalifikazioak berrikusteko eta erreklamazioak aurkezteko duten eskubidea babesteari dagokionez». Jarritako nota eskasen harira, azterketak zuzendu zituzten profesionalak kritikak entzun behar izan zituzten, eta Bengoetxea errektoreak haiek ere gogora ekarri nahi izan ditu propio, egin dituen adierazpenetan: eskerrak eman dizkie erakutsitako «profesionaltasunagatik, zorroztasunagatik eta arduragatik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA