Selektibitatearen auzian aldeko bigarren ebazpen judiziala jaso du EHUk

Oraingo honetan, Euskara eta Literatura II ikasgaian 0,10 puntu lortu zituen ikasle baten kasua aztertu du epaimahaiak. Kalifikazio hori kontuan hartuta, 3,862 puntu lortu zituen hautaproban, eta ez zuen gainditu.

EHUn sartzeko hautaproba, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
EHUn sartzeko hautaproba, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
14789412 kepa
2026ko urriaren 28a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baten ordez, bi. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio berriro ere EHU Euskal Herriko Unibertsitateari selektibitatearen auzian: beste epai batek indargabetu egin du behin-behinean hartutako kautela neurria. Hainbat lagunek auzitara jo zuten unibertsitatera sartzeko hautaproban Euskara eta Literatura II ikasgaian lortutako kalifikazioak eskasak zirelako. Bada, urriaren 2an plazaratutako epaian bezala, orain ere auzitegiak azpimarratu du kautela neurriak «pribilegiozko egoera bat» sortu duela «gainerako ikasleen aldean». Epaia ez da irmoa, eta kasazio helegitea jar daiteke.

Orotara, berrogei bat ikaslek jo zuten auzitara joan den ikasturtean, unibertsitatera sartzeko Euskara eta Literatura II ikasgaiko kalifikazioen harira. Salatu zuten alde handia zegoela eskolako kalifikazioen eta selektibitatean izandakoen artean. Bilbo eta inguruetako eskoletako ikasleak ziren gehienak, A eta B ereduetan jardundakoak. Horren ondorioz, ikasgai hori aintzat ez hartzeko kautela neurriak ezarri zituzten hainbat auzitegik. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen neurri horien kontra egiteko.

Berrogei bat ikaslek jo zuten auzitara, unibertsitatera sartzeko Euskara eta Literatura II ikasgaiko kalifikazioen harira; salatu zuten alde handia zegoela eskolako kalifikazioen eta selektibitatean izandakoen artean

Urriaren 2an plazaratutako ebazpen judizial batean, beste ikasle batek aurkeztutako helegitea atzera bota eta kautela neurriak bertan behera uztea erabaki zuen auzitegiak, halako neurriek ezin dutelako «pribilegiozko egoerarik sortu ikasleen artean». Oraingo honetan, Euskara eta Literatura II ikasgaian 0,10 puntu lortu zituen ikasle baten kasua aztertu du epaimahaiak, urriaren 23an kaleratutako epai batean. Kalifikazio hori kontuan hartuta, 3,862 puntu lortu zituen hautaproban, eta ez zuen gainditu. Euskaran izandako emaitza kenduta, ordea, puntuazioa 4,765 puntukoa zen; beraz, nahikoa gainditzeko.

Epaimahaiaren ustez, hartutako kautela neurriak ikasleari modua eman zion «berari ez zegokion egoera batez baliatzeko», ez baitzuen gainditu unibertsitatera sartzeko hautaproba. «Zeroko kalifikazioa izan zuen ariketa alde batera utzita baino ez zuen gainditzen. Justifikaziorik gabeko pribilegioa litzateke», ohartarazi du.

Are, helegitea ontzat emanda ere, ikasle horrek «ezingo luke lortu kautelazko neurriak ahalbidetu duena: unibertsitatean tokia eskuratzea». Magistratuek gogorarazi dutenez, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak arautzen dituen errege dekretuak ezartzen du bost ariketa dituela sartzeko probak. «Beraz, ikasleak [berriro] egin beharko du kautelazko neurriak indargabetu duen ariketa, eta kontuan hartu beharko da nahitaez. Gainera, hautaproba gainditzeak ez du zuzenean ziurtatzen unibertsitatean tokia izatea», esplikatu dute.

«Gauza bera» esan du

EHUko iturriek gogora ekarri dituzte urriaren 2ko ebazpenaren ostean egindako adierazpenak, «gauza bera» esan baitu orain auzitegiak kautela neurriei buruz. «Justiziak babestu egin du EHUk unibertsitatera sartzeko proben auzian izandako jarrera», adierazi zuen unibertsitateak orduan. Jasotako aldeko ebazpenaren muina ere ekarri zuen hizpidera: «Auzitegiak azpimarratu du behin-behineko ebazpen judizialek ezin dutela pribilegiozko egoerarik sortu ikasleen artean». Eta irmo defendatu du auzi honetan izandako jarrera: «EHUk hasieratik defendatu du unibertsitatera sartzeko probak indarrean dagoen araudiaren arabera egin direla, eta ikasle guztiei irizpide berberak aplikatu behar zaizkiela». Bengoetxeak azpimarratu zuen beti bermatu behar dela ikasleen arteko aukera berdintasuna: «Salbuespenik eta pribilegiorik gabe».

Auzibideak abiatu eta kautela neurriak ezarri zirenean, EHUko errektoreak jakinarazi zuen horien araberako «neurri zehatzak» hartuko zituztela, helburu nagusi bat betetzeko asmoz: ikasleen eskubideak ez urratzea. Hain justu ere, ikasle gehiago hartzeko postuak sortu zituzten: azkenean leku gehigarri bat behar izan zela zehaztu zuten. Berez, bi sortu behar izan zituzten, baina bat erabili gabe geratu zen. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA