Sinadura bilketa abiatu dute Iruñean, ratioak txikitzeko herri ekimena parlamentuan bozkatu ahal izateko

Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak agerraldia egin du Patxi Larraintzar ikastetxe publikoko patioan, eta han bertan jaso dituzte lehen sinadurak.

Eskola publikoan ratioak urritzearen aldeko agerraldia, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola publikoan ratioak urritzearen aldeko agerraldia, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 21a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste urrats bat egin du Nafarroako eskola publikoetan ratioak txikitzeko proposamenak. Iragan irailaren 21ean, Nafarroako Parlamentuak atea ireki zion hezkuntza alorreko zenbait eragilek aurkeztutako herri ekimen legegileari —Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak, Nafarroa 0-3 plataformak, Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteak eta Sortzen federazioak sinatu dute proposamena—, eta sei hilabeteko epea eman zien sustatzaileei, gutxieneko sinadura kopurua aurkezteko. Gaur abiatu dute kanpaina, ekinbideari sostengua emateko.

Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformako kideek Iruñean egin dute agerraldia, D ereduko Patxi Larraintzar ikastetxe publikoan. Han, herri ekinbide legegilearen nondik norakoak azaltzeaz gain, lehenbiziko sinadurak jaso dituzte.

Nafarroako Parlamentuaren araudian ezarria dago «hautesle erroldaren %1en sinadurak» bildu behar direla, gutxienez, herri ekimen legegile bat tramitatzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Sare publikoan ratioak legez txikitu nahi dituztenek, beraz, 5.000 sinadura inguru bildu beharko dituzte datozen hilabeteetan, proposamena legebiltzarrera eramateko.

Sustatzaileek irailean adierazi zutenez, ratioak jaistea ezinbestekoa da «ikasleei arreta egokia bermatzeko, eskola porrota murrizteko, jazarpenari aurrea hartzeko eta aniztasunari arreta hobea emateko». Are: azken PISA txostenaren emaitzak ikusita, «are premiazkoagotzat» jo dute neurria.

Nafarroako Gobernuak, aldiz, ezezkoa emana dio proposamenari, ikastetxeak prestatzeak eta irakasle gehiago kontratatzeak «kostu neurrigabea» izanen lukeela argudiatuta. Zehazki, adierazi dute ratioak murrizteak 193 milioi euroren inbertsioa eskatuko duela, guztira. Gobernuaren ezezkoak, baina, ez zuen proposamenaren ibilia geldiarazi, haren tramitazioaren alde egin baitzuten PSN ez beste talde politiko guztiek. Erlojupeko lasterketa hasita, sei hilabete dituzte hezkuntza publikoaren aldeko eragileek, babesak biltzeko.

Gaurko agerraldian gogor salatu dute gobernuaren jarrera eta, aldiz, eskertu dituzte ekinbideak jasotako babes keinuak. Talde politikoei ere egin diete eske: aurrekontuetan eskaria bete ahal izateko diru sailak bideratzeko esan diete. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA