Euskal Herriko hainbat eragile sozial eta sindikalek eta herri mugimenduetakoek adierazpen bat kaleratu dute Justizia Sozialaren Mundu Egunaren karietara, eta zera adierazi: konpromisoa hartzen dutela «injustiziaren aurka» indarrak batzeko eta «zapalkuntzak» elkarrekin salatzeko. Gainera, sinatzaileek dei egin dute «intersekzionalitatean eta elkartasunean» oinarrituz erantzun bateratua emateko «sistema neoliberalari eta eskuin muturrari».
Gaur goizean plazaratu dute manifestua, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Sinatzaileen arabera, politika «neoliberal globalek» kolonizazio historia sakon batean dute oinarria, eta arrazismoa, klasismoa, sexismoa, LGTBIfobia, kapazitismoa eta bestelako intolerantziak betikotzen dituzte elite ekonomikoaren interesen mesedetan. Haien ustez, merkatuaren «esku ikusezina» lehenesten duen eskuineko neoliberalismoak estatuen erregularizazio ahalmena mugatu nahi du, eta kapital metaketa du helburu nagusi. Hori dena, gainera, kolektibo «ahulenen» kontura egiten dutela salatu dute.
Adierazpenean nabarmendu dute Euskal Herriko herri mugimenduek urte luzez jardun dutela sistemak «azpiratzen» dituen kolektiboen eskubideak aldarrikatzen eta «zapalkuntzaren» jatorria agerian uzten. Haien iritziz, «zapalkuntzek» jatorri bera dute, baina modu desberdinetan eragiten diete gizataldeei, eta, beraz, ezin dira modu «bakanean» ulertu, ezpada sistema beraren adierazpen gisa.
Sinatzaileen ustez, «zapalkuntzek» jatorri bera dute, baina modu desberdinetan eragiten diete gizataldeei, eta, beraz, ezin dira modu «bakanean» ulertu, ezpada sistema beraren adierazpen gisa
Manifestuaren sinatzaileek konpromisoa hartu dute sistema politiko, ekonomiko eta juridikoak eragiten dituen «zapalkuntzak» batera salatzeko eta denontzako justizia soziala exijitzeko. Uste dute euskal herritar guztien zeregina eta ardura dela «ahots kolektiboa eta antolatua» osatzea botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean.
Besteak beste, honako aldarri hauek jarri dituzte mahai gainean: baliabiderik ez dutenentzako gutxieneko bizi baldintzak bermatzea; migranteen eskubideak aitortzea; emakumeen eta sexu, genero zein sexualitate disidenteen ahotsa eta eskubideak erdigunean jartzea; krisi ekosozialari eta bizi kalitateari lehentasuna ematea; euskaldunen hizkuntza eskubideak defendatzea; desgaitasunen bat dutenen autonomia eta duintasuna sustatzea; eta errepresio politikorik gabe bizitzeko eskubidea bermatzea.
Borroka unibertsala
Era berean, sistema «errotik» aldatu behar dela uste duten elkarte eta norbanakoei mobilizaziorako deia egin diete, eta eskatu arreta jar dezatela «egiturazko arazoetan» eta ez identitate jakin batzuen aurkako diskurtsoetan. Haien esanetan, «identitate zapalduak» agerian jarri behar dira, baina borrokak izaera unibertsala izan behar du, eta gizarteko esplotazio eta mendekotasun fenomenoen «analisi kritiko eta intersekzional» bateratua egin behar da.
«Elkartasuna ez da hitz polit bat soilik; praktika bat da, eguneroko erresistentziaz eta elkarren zaintzaz osatua», azpimarratu dute. Horrenbestez, etorkizuneko «Euskal Herri libre, plural eta justua» eraikitzeko, askotariko borroka askatzaileetan diharduten mugimendu eta norbanakoek elkarren ondoan jarduteko beharra aldarrikatu dute. Haien hitzetan, «Euskal Herria herri bizia, plurala eta justua izango da , eta euskara izango da haren bihotz taupada, edo ez da izango».
«Elkartasuna ez da hitz polit bat soilik; praktika bat da, eguneroko erresistentziaz eta elkarren zaintzaz osatua», azpimarratu dute sinatzaileek
Euskal Herriko 29 eragilek babestu dute adierazpena. Hauek dira testuaren sinatzaileak: AEK, Altxalili, Eginaren Eginez, Ehgam Bilbo, Elkuirtruke, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Jauzi Ekosoziala, Komite Internazionalistak, Loratuz lotu, Plazara, ELA, LAB, Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimendua, BAM, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Bilgune Feminista, EHE, Ekologistak Martxan, Errigora, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Ikama, Joxemi Zumalabe fundazioa, Lumagorri, Ostia kolektiboa, Reperkusion Feminista batukada taldea, ESK, Steilas eta Ernai.