Solariak Araban beste hemeretzi parke fotovoltaiko eraikitzeko prozesua abiatu izanak bazterrak nahastu ditu herrialdean. Hainbat eragile sozialek eta talde politikok arbuiatu dituzte proiektu berriak, eta Arabako Herri Unibertsitatea izan da oraingoan egoera arbuiatu duena. Hala ere, enpresa salatzeaz gain, uste dute egoeraren erantzule nagusiak Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia direla, energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak instalatzeko araudiak egoera «kaotikoa» sortu baitu, eta egoera horretaz «aprobetxatzea» egotzi diote Solariari.
Ikusi gehiago
Gogorarazi dute oraindik Eusko Jaurlaritzak ez duela onartu energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS), eta Araba erdialdeko lurralde plan partziala ere onartzeko bidean da oraindik. Bada, LPSa beharrezkoa dela uste du Arabako Herri Unibertsitateak, baina zehaztu dute plan horrek kontuan hartu behar dituela plan partzialek eta Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroek esandakoa. Solaria egiten ari dena «gehiegikeria» dela salatu dute, eta zehaztu dute hori ez litzatekeela gertatuko Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek «arduratsuago eta gardenago» jardungo balute.
Hori dela eta, esan dute energia berriztagarrien hedapenak araudi garantista eta begirunetsu batean oinarrituta egin behar duela, eskumena duten erakundeek eta herritarrek erabakimena izango duten prozesuak bultzatuta. Solariaren proiektuetara itzuliz, administrazioei eskatu diete «berehala» esku hartzeko, batez ere Solariaren zentral fotovoltaikoek hartuko luketen azalera guztiaren zati txiki bat baitago LPSak arautuko dituen Hautatutako Kokapen Zonen barruan.
Beste parke bat Araban
Ekienea enpresak 108 eta 125 megawatt arteko zentral fotovoltaiko bat egiteko aurretiazko administrazio baimena jaso du Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren partetik. Armiñonen (Araba) jarriko dute parkea, eta enpresa industrialak argindarrez hornitzea izango du helburu. Iberdrola enpresak du Ekienearen %75; Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), berriz, %18 du, Mondragon Korporazioko Krean enpresak %5, eta Arabako Foru Aldundiak %2.
90 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute parkea egiteko, eta kalkulatu dute 300 lanpostu inguru sortuko dituela. Arabako eguzki zentralik handiena izango da. Berrehun hektarea hartuko ditu proiektuak; erdia eguzki plakek hartuko dute, eta azaldu dute gainontzekoa ingurumen konpentsaziorako lurrak izango direla.