Plaka fotovoltaikoez osatutako zentralak egiten ditu Solaria enpresak, eta 2025era arte enpresa horretako zuzendaritzan zeuden bi kide entitate publikoetako kargudunak dira gaur egun. Hala argitaratu du gaur Naiz.eus hedabideak, eta EH Bildurentzat «eskandalua» da hori. Gainera, koalizio subiranistarentzat, ate birakariek «herritarren artean areagotu baino ez dute egiten erakundeak adiskidekeriaz eta interes ekonomiko eta enpresarial jakin batzuen mesedetan aritzen direlako irudipena».
Ikusi gehiago
Zehazki, Alvaro Saenz eta Borja Garcia Otxoa dira orain entitate publikoetan ari diren Solariako zuzendari ohiak. Alvaro Saenz Solaria Basque Countryko zuzendaria izan zen 2025eko irailera arte, eta orain Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Proiektu eta Berrikuntza zuzendaria da. Garcia Otxoa, berriz, orain Arabako Garapen Agentzian dabil lanean, zuzendari gisa. 2023tik 2025era bitartean Solariaren lege aholkularia izan zen.
Gauzak hala, EH Bilduk adierazi du «hainbat egitasmo» abiaraziko dituela Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, izendapen horiei buruz informazio gehiago izateko eta jarraipena egiteko.
Berriztagarrien hedapena, «desordenatua»
EH Bildurentzat bereziki larria da gaur argitaratu den informazio hori, hain zuzen Solariaren jarduna ezbaian jartzen ari baita orain. Izan ere, Araban beste hemeretzi zentral fotovoltaiko egiteko bide administratiboari ekin dio. Koalizioaren ustez, energia berriztagarrien proiektuak «modu desordenatuan eta kontrolik gabe» ari da ezartzen Solaria, eta «ulertezina» iruditzen zaio enpresa horretan karguak izan dituztenak orain administrazio publikoarekin lotutako entitateetan aritzea.
Halaber, uste du logikoa dela halako gertakariek herritarren alarma piztea, eta azaldu du koalizioak «bere» egiten duela haserre hori: «Nekaezin lan egingo dugu edozein erakunde publikok izan behar duen etikarekin, eredugarritasunarekin eta txukuntasunarekin zerikusirik ez duten jokabideei amaiera emateko».