Beatriz Artolazabal alkateordearen dimisioak egoera bitxian utzi du Gasteizko EAJ. Zinegotzi eta alkateorde zen Artolazabal, eta Espainiako Senaturako irteerak hutsunea utzi du Gasteizko Udalean. Jon Urrestik, EAJ datozen hauteskundeetarako proposatu duen alkategaiak, ezin du hutsune hori bete, ez baita zinegotzia. Alderdiak, hortaz, erabaki du Kultura zinegotzi Sonia Diaz de Corcuera izendatzea alkateorde. Berak beteko ditu orain arte Artolazabalek betetzen zituen funtzioak, baita udal taldearen bozeramailetza ere.
Artolazabalek udalbatzan utzitako hutsunea betetzeko, berriz, EAJk Iker Gonzalez de Garibai aukeratu du zinegotzi gisa. Kazetaritza ikasketak egin zituen Gonzalez de Garibaik EHUn, eta ondoren ondarearen kudeaketan espezializatu zen Bartzelonan. Kirol munduarekin lotutako ibilbide luzea du, hemezortzi urtez izan baita Alaves-Baskonia Group taldeko langilea, marketinarekin eta kudeaketarekin zerikusia zuten ardura postuetan. 2023ko hauteskundeetan, hamabosgarrena izan zen EAJren zerrendetan.Â
EAJk irailaren hasieran jakinarazi zuen Artolazabalek Gasteizko Udala utziko zuela, Espainiako Senatuan Estefania Beltran de Heredia eleduna ordezkatzeko, hark erretiroa hartuko baitu. Hala, atzo izan zen hura senatari autonomiko izendatzeko bozketa Eusko Legebiltzarrean. Artolazabalek aldeko 39 boto jaso zituen; hua da, EAJko eta PSE-EEko ordezkarienak. Gainerako alderdiak abstenitu egin ziren.Â