Sopelako Udalak (Bizkaia) «kezka» adierazi du auzipetutako lau herritarren egoera judizialagatik. 32 urteko (zortzi urte bakoitzari) eta 112.400 euroko isuna ezarri nahi diete lau gazteei, 2021ean joko areto baten kontrako ekinaldi batzuetan parte hartzea egotzita.
Udalaren ustez, eskatutako zigorrak «bereziki gogorrak» dira, eta egoera horrek «ziurgabetasun pertsonal eta sozial nabarmena» sortu die lau auzipetuei eta haien ingurukoei. Gainera, oroitu dute fiskaltzak haien aurkako akusazio guztiak erretiratu zituela.
Gehitu dute «arduraz» erreparatuko dietela kasuaren nondik norakoei, eta herritarrengandik gertu egongo direla. Udalak dio ezin duela «beste alde batera begiratu», prozedura horiek gizartean izandako eraginagatik eta sortutako «kezka sozialagatik».
Mobilizazioa urtarrilaren 31n
Hiru delitu egotzi zizkieten lau herritarrei: mehatxu jarraituak, hertsatzeak eta kalte jarraituak. Epaiketa otsailaren 4rako zegoen aurreikusita, baina plataformak jakinarazi zuen epaiketa atzeratu egin zutela. Beraz, oraingoz ez dago datarik epaiketarako.
Lau auzipetuen egoera salatzeko, Sopelako 4ekin 1 plataformak mobilizazioa egingo du larunbatean. 12:30ean hasiko da, Sopelan bertan.